Alaitz Armendariz / 2016-09-30 / 1.120 hitz
BASE jauzia kirol arriskutsu gisa sailkatuta dago, eta ez da gutxiagorako. Segundo batzuetako tartean huts bat egiteak, askotan, ez du atzera bueltarik. Azken urteetan, gainera, munduan jende asko hil da jauzia egitean, eta horrek kezka handia sortu du jauzilarien artean.
Aurretiaz BASE saltoaren inguruan ezer jakin gabe ere, datuei erreparatuta ikusten da ez dagoela bere bolada hoberenean. 2015ean, 27 pertsona hil ziren BASE saltoa egiten munduan. 2016ko lehen zortzi hilabeteetan dagoeneko 32 hil dira, urtea bukatzeko hiru hilabete falta direla. Eta biktima guztiak ez dira hasiberriak; askok urteak zeramatzaten grabitateaz gozatzen.
Jatorria paraxutismoan du, baina ezaugarri batzuk desberdinak dira. Paraxutismoan hegazkin batetik salto egiten da; BASE saltoa, berriz, leku finko batetik abiatuta egiten da. Bietan, halere, lurreratzeko jausgailua erabiltzen da.
BASE akronimoak jauzia egiteko erabiltzen diren lau tokiei egiten die erreferentzia, ingelesez: building (eraikina), antenna (antena), span (zubia) eta earth (lurra). Kirol hori 1978an jaio zen: Carl Boenishek berak egindako salto batzuk grabatu zituen, AEBetako Yosemite parke nazionalean. Han, mundu osoko eskaladaren ikurra den El Capitan hormatik behera bota zuen bere burua, jausgailu baten laguntzaz.
Handik gutxira hil zen, hain zuzen, BASE saltoa praktikatzen zebilela. Orain, haren emazteak erregistro bat darama, lau tokietatik salto egiten duten mundu osoko pertsonen zerrenda biltzen duena. Patrick Gisasola kirolari bizkaitarra zerrenda horretan dago, 1669.a da. Zerrenda horretan sartu zen lehen euskal herritarra izan zen.
Hain baldintza berezietan egin beharreko kirola izanda, Euskal Herriko jauzilari guztiek elkar ezagutzen dute: Patrick Gisasolak, Alex Txikon alpinistak eta Pablo Otxoak hainbat salto egin dituzte munduko zenbait txokotan.
Hirurak ados daude kirol arriskutsua dela esaterakoan, eta «ezinbestekoa» dela ideiak oso argi edukitzea, eta BASE saltoan hasi aurretik paraxutismoan trebea izan beharra dagoela. «Baldintza fisikoak baino, mentalak dira garrantzitsuak», ohartarazi du Gisasolak. «Zure beldurrak eta emozioak kontrolatzeko gai izan behar duzu». Baldintza meteorologikoak ere garrantzitsuak dira, baina haizeari dagokionez bakarrik: «Euri pixka bat egitea ez da arazoa, jausgailuak berdin funtzionatuko baitu». Baina haizeak eragin handia du bai jausgailua zabaltzerako orduan, bai lur hartzeko orduan.
Hasieran, paraxutismo ikastaroa egin ondoren, BASE saltoa egiten hasteko baldintza egokiak dituzten tokietara joaten zen Gisasola. «Euskal Herrian badira BASE saltoa egiteko lekuak, baina tekniko samarrak dira, eta ez dira hasteko leku egokiak». Hala, Suitzako Lauterbrunnen harana eta Italiako Trento inguruko Brento mendia aipatu ditu, besteak beste.
BASE saltoa egiteko bi modu nagusitu dira azkenaldian: bata jausgailuarekin bakarrik, eta bestea jantzi hegodunarekin. Azken horrek horizontalki askoz distantzia luzeagoa egitea ahalbidetzen du, zuzen-zuzenean bertikalki erori beharrean. Hain zuzen, azken urtean BASE saltoan hildako pertsonen kopurua igotzea jantzi horren erabilerari egozten diote askok. Izan ere, aurtengo udan hil diren 23en artean, hamabostek jantzi hegoduna zeramaten. Eta azken bi urteetan hil diren esperientziadun kirolarien artean, gehienek jantzi hori zeramaten.
Jantzi hegoduna, arazo
«Egia da jantzi hegodunarekin arriskua areagotzen dela», baieztatu du Gisasolak. «Jantzi barruan zoaz, eta ez daukazu material hori gabe joateak ematen dizun mugimendu askatasuna». Jantziarekin ezin dira besoak gora altxatu, horretarako kremailera askatu behar baita, gero jausgailua aktibatzeko. Mugimendu askatasun horrez gain, ordea, bada beste arrazoi bat. «Askoz distantzia luzeagoa egiten duzu horizontalki. Planeatu egiten duzu, eta lurrarekiko pertzepzioa aldatu egiten da». Horrez gain, «jantziarekin hasi eta esperientzia hartuz zoazen heinean, hormara gehiago hurbiltzeko joera duzu». Proximity deitzen diote praktika horri. «Zure abiaduraren perspektiba handiagoa ematen dizu horrek», azaldu du Gisasolak.
Haren ustez, gakoa hor dago: «Hil diren gehienek ez zuten euren ikusmena perspektiba berri horretara ohituta. Iruditzen zaizu oraindik altuera duzula, baina egiatan lurra oso azkar hurbiltzen da», ondorioztatu du.
Gisasolak azken saltoa ekainean egin zuen, Italian, baina hurrengoa noiz egingo duen ez daki. Ezbeharrak gorabehera, BASE saltoak «erromantizismo kutsu bat» daukala iruditzen zaio: «Nolabait, mundu guztiaren ametsa da, hegan egitea, nahiz eta guk, berez, ez dugun hegan egiten; erori egiten gara». Baina, bestalde, jauzilariari zer gertatuko zaion «morboa» ere aipatu du. «Kirol arriskutsuek beti erakarri izan dute jendea; ‘hilko ote da?’, pentsatzen dute askok».
‘Proximity’-aren arriskua
Alex Txikon alpinista eta eskalatzaileak ez du BASE saltorik egin bere lagun Dario Barrio hori egiten hil zenetik. 2012an hasi zen kirol hori praktikatzen, eta, aldi batez utzi duen arren, oraindik ere «gogoa» baduela onartzen du. «Azkenaldian jakin-mina piztu zait berriro. Jauzi egiten jarraitzen dut, baina hegazkinetatik».
Haren ustez, Gisasolak aipatutako proximity hori da arriskutsuena. «Dario Barrioren kasuan, proximity-a egitean hil zen. Jaengo [Espainia] gaztelu batean, paramotor batetik egin zuen salto, baina ez zuen distantzia ongi neurtu, eta hormaren aurka jo zuen». BASE saltoan hildako beste bi lagunen kasuak ere aipatu ditu Txikonek.
Txikonek onartu du BASE saltoa kirol «elitista» dela nolabait, oso garestia baita. «Euskal Herrian kirol hau praktikatzeko zentrorik egon ez arren, zaletasun handia dago». Arriskuak arrisku, Txikon jakitun da «eboluzionatzen» doan kirola dela: «Fabrikatzaileek hobekuntzak egiten dituzte; lehen egun gertatzen ez diren istripuak gertatzen ziren».
Txikonek beste hainbat jarduera ere egiten ditu mendian, eta adierazi du guztietan %100 jardutea «ezinezkoa» dela. «Eta, kasu honetan, %100 ziur ez bazaude, hobe da jauzirik ez egitea». Txikonek, oraingoz, alde batera utzi du. «Hor daukat grina hori, baditut proiektu gehiago aurretik, baina datorren urteari begira, saltotxoren bat gustura egingo nuke». Bitartean, horren inguruko gauzak ikusten eta irakurtzen jarraituko du lemoiztarrak.
Azkenengo saltoa
Txikonek ez bezala, harekin ibilitako Pablo Otxoa gasteiztarrak agur esan dio betiko BASE saltoari. «Ekipamendua saldu berri dut», esan du. Arriskuarekin kezkatuta, kirol hori uztea erabaki du. 2010ean hasi zen, eta azken saltoa ekainean egin zuen, globo batetik eta jantzi hegodunarekin. Txikonekin BEC erakustazokako dorretik ere salto egin izan du, eta baita Bizkaiko Zubitik ere.
«Jende asko hiltzen ari da, eta lagun asko ere. Nik neuk 2014an istripu bat eduki nuen, eta, harrezkero, salto gutxi egin ditut, bizkarrean min dudalako». Otxoak bestelako kirolak praktikatzen ditu, eta kirol horiek ere asko «ematen» diote. «BASE saltoa ere asko gustatzen zait, baina arriskua handiegia da». Asteburu honetan bertan Kolonbian gazte bat hil dela aipatu du, bidenabar.
«Kirol deigarria da, Interneten asko ateratzen da, eta gero eta jende gehiagok egiten du salto jantzi hegodunarekin», hausnartu du. Baina, horrekin batera, gero eta jende gehiago hiltzen dela ohartarazi du. «Alvaro Bulto hil zenean, hiru egun lehenago gu leku berean egon ginen». Lauterbrunnen haranean gertatu zen ezbeharra, Suitzan. «Eta Dario Barrio hil zen garaian, Txikonek eta biok Bilboko eraikin batetik salto egiteko asmoa geneukan, baina albistea jaso genuenean plana bertan behera utzi genuen, noski».
Kirolari gasteiztarrak baditu «sustoren bat» izan duten lagunak, eta askok azkenean salto egiteari utzi diote, orain berak egin duen bezala. Hark ere ezbeharren arrazoia proximity-a dela uste du: «Gero eta gehiago praktikatzen da modalitate hori, hormatik hurbil hegan egitea, eta, huts txikiena eginez gero, ez dago atzera bueltarik». Zorte kontua da, haren iritziz. «Zorte handia izan dezakezu, baina zorte txar pixka bat duzun egunean, azken saltoa izan daiteke». BASE saltoa utzi arren, ez dio hegan egiteari utziko. BASE saltoa egiteko ekipamenduaren salmentatik lortu duen diruarekin, parapenterako speed flying modalitaterako tresneria erosiko du. «Nire inguruko pertsonek poz handia hartu dute BASE saltoa uztea erabaki dudalako».