Beñat Alberdi / 2016-09-29 / 1178 hitz
Jaiotzetik da gorra Leticia Ariznabarreta (Gasteiz, 1986). Ez du traba gisa sentitu, bizi proiektu bat garatzeko. Egun, denda baten dabil lanean. Bizi proiektu bat garatu ahal izan du, baina egunerokotasunean bizi ditu gorra izatearen ondorioak. Urritasunak berak sortzen dizkiolako ondorio horiek, egokitu gabeko gizartearen ondorio. Egoera horiek arintzeko kanpaina abiatu du Aspasor Arabako Gorren Senide eta Lagunen Elkarteak: Hormek hitz egiten dute, baina ez dute entzuten.
Haurra zenetik jaso du Aspasorren laguntza Ariznabarretak; audifonoak aukeratzeko, medikua hautatzeko… Bi guraso gorren alaba da. Jaio ostean diagnostikatu zioten gorreria sakona. «Txikia nintzela audifonoa erabiltzen nuen, hobeto entzuten lagundu ziezadan. Baina, nik hotsak bakarrik entzuten nituen. Ez nuen ezer ulertzen». Ohikoa da entzumen arazoa daukan pertsona batek halako arazo bat izatea. Zentzumena galtzeko garaiak lotura zuzena dauka horrekin: hitz egiten hasi aurretik galdu duen, edo hasi eta gero. Hau da, ama hizkuntza ahoz jasota ikasi duen edo ez; soinuak identifikatzen ikasi duen edo ez.
Familiako testuingurua
Familia gor batean jaio izanak abantailak eman zizkiola nabarmentzen du Ariznabarretak. «Nire familiako kideak keinu hizkuntzan mintzatzen ziren». Keinu hizkuntza du ama hizkuntza. Arazo gehiago izaten dituzte, entzuteko arazorik ez duten ingurunetan jaio, eta entzumen urritasuna daukaten haurrek. Informazio transmisioa ahozkoa izaki, ama hizkuntza jasotzeko zailtasunak aurkitu ditzakete. «Garrantzitsua da hizkuntza bat ondo ikastea. Hobeto egingo duzu lan, hobeto komunikatuko zara. Familiak keinu hizkuntza ez badaki, arazoak sor daitezke».
«Hitz egiten ondo moldatzen naiz», esan du Ariznabarretak. Logopedekin ikasi du ahozko hizkera. Bizi kalitate mailan eragin dio ikasi izanak: «Orain, gutxi gorabehera bizitza normala daukat, nahiz eta ahalegina egin behar izaten dudan».
Hezkuntzarekin izan ditu bere tirabirak, dena den, Lehen Hezkuntzan bereziki: «Irakasleek ez zekiten zer den gorra izatea, ez eta zein ondorio dakartzan ere». Guztia ahoz egiten zutenez, ez zituen ikasgaiak behar bezala jasotzen. «Gainera, logopedarengana joaten nintzen, eta eskola orduak galtzen nituen».
Bigarren Hezkuntzan egoerak hobera egin zuen. Izan ere, keinu hizkuntzako interprete baten laguntza izan zuen, eta eskolako arduradunek gorren beharrak nola ase hobeto zekiten: «Azterketak egokitu egiten zizkidaten. Galderak sinpleago eginda, hobeto ulertzen nituen». Zikloa amaitzean berriro aldatu zen dena. Batxilergoko ikasketak ez zeuzkan egokituta. «Ez nuen berriro egoera bera bizi nahi». Erdi mailako modulu bat ikasi, eta lan munduan murgildu zen.
Lanerako arazoak
Gorren komunitateak arazoak dauzka ohiko enplegu bat lortu ahal izateko. Lanerako gaitasun bera izan arren, enpresako arduradunek interesa galtzen dute, halako langile bat kontratatzea arazo izango dela pentsatuta. «Unibertsitateko ikasketak badituzu ere, ohikoena da urritasunak dituzten pertsonetara bideratutako enpresa batean bukatzea. Ez dira fio».
Dendari lanetan dihardu Ariznabarretak. Lan esparruan entzumen urritasunak duen ikusezintasuna nabarmen du. Ikusezintasun hori dela eta, bezeroak haserre edo era itsusian jokatu izan dute. «Askok uste dute ez ditudala entzuten, ez ditudalako entzun nahi. Bultzatu izan naute». Harremanetan saiatu aurretik, gorra dela ez jakitearekin lotu du jarrera hori. Itsu bat edo gurpil aulkian dabilen pertsona bat errazago identifikatzen direla zehaztu du.
Ama izan da duela gutxi. Semeak ere, jaiotzetik entzuteko arazoak dauzka. Entzuteko gaitasuna hobetzeko bi aukera zeuzkaten, audifonoa edo kokleako inplantea jartzea. Hasiera batean, nahiago izan zuten semeak audifonoa erabil zezan.«Inplantea jartzeko beharrezkoa zen ebakuntza bat egitea, eta nahiago genuen ebakuntza saihestu».
Haurrari entzumen urritasuna diagnostikatu zioten, baina ezin izan dute zenbaterainoko urritasuna daukan zehaztu. «Audifonoarekin probak egin genizkion, ea entzuten zuen. Baina metal hotsak entzunda ez zuen erreakzionatu». Ebakuntza egin diote jada, eta aurki jakingo dute zenbat hobetu zaion entzumena. Entzumen urritasuna daukan haur batek, inplantea izanda ere, ez du urritasunik gabeko batek bezala entzuten. Gainera, inplantea kenduta, ez du ezer entzungo. «Aukera bat da etorkizun hobea izan dezan. Hala ere, ahoz komunikatzeko esfortzu bat egin beharko du, uler dezaten eta uler dezan».
Interprete beharra
Ospitalean egon da semea, ebakuntza egiteko. Osasun sisteman hainbat arazo aurkitu dituzte, medikuek ez dakitelako gorra izatea zer den. «Poliki edo ondo ahoskatuta nahikoa dela uste dute. Baina, sintoma asko ez ditugu ezagutzen». Kasu askotan, ezpainak irakurrita hitza ulertu arren, «esanahia» ez dutela ezagutzen nabarmendu du. «Beti behar dugu interprete bat, medikuak esandako ondo azaldu diezagun, eta zerbait ez badugu ulertu gure galdera egiteko».
Arazo nagusia interpretea lortzea izaten da, ordea. Araban bi daude. Baina, medikua «abisatu gabe» agertzen bada edo interpreteak «beste lan bat» baldin badauka zaila izaten da bat lotzea. Ondorioz, aurrez aipatutako arazoak errepikatzen dira.
Pertsona gor batek senideengana jo dezake egoera hori konpontzeko, interprete lanak egiteko modua badu. Ariznabarretaren osabak eta izebak keinu hizkuntza dakite, eta interprete lanak egin ditzakete. Dena den, entzumen gaitasunik gabeko pertsona batek senideengana jotzen badu, erabakia haiek hartzen dute sarritan. «Erabakia beti ez dago gure esku. Informazioa falta zaigu batzuetan. Adibidez, medikuak sintomak azaltzen baditu edo botika batzuk agindu, senideek egoera azaletik azaldu izan dute: katarroa daukazu eta botika hauek hartu behar dituzu. Nik esan duen guztia jakin nahi dut, gero erabaki bat hartzeko».
Hezkuntza eta osasungintza aipatu ditu Ariznabarretak, baina beste alor askotan bizi dituzte komunikatzeko zailtasunak. Aisialdian, adibidez. «Ezin dut antzerki bat ulertu, interprete bat ez badago aretoan. Ahozkoa da». Astean zehar izaten dira keinu interpreteak antzokietan, eta ez «antzerki guztietan». «Astebukaeretan joan nahiko banu, nik ordaindu beharko nuke laguntza hori».
Zinemetan egoera parekoa da. Kasu horretan, azpitituluak behar dituzte. Oro har, Gasteizko zinemetan ez dituzte azpidatziak eta, baldin badauzkate, originala ingelesez delako izan ohi da, ez pelikula gorrentzako egokitu dutelako. «Azpidatziak dauzkan pelikula nire gustukoa izan daiteke, edo ez. Berdin-berdin nire gustuko pelikulak azpidatziak izan ditzake, edo ez».
Aholku liburuxkak
Ariznabarretak aipatutako egoerak hobetzeko atera ditu aholku liburuxkak Aspasorrek. Hiru arlori buruzko aholkuak eman dituzte: hezkuntza, osasuna eta administrazioa.«Haur bat ikasgelan baldin badago, arbela, maisua eta ikasgela osoa ikusi behar ditu. Azken hori, jakin dezan zertan diharduten bere ikaskideek», zehaztu dute Blanca Markinezek eta Usue Araolazak. Arreta lortzeko nahikoa da sorbaldan ukitzea edo eskua astintzea. Irakasleak beti ziurtatu behar du bere arreta daukala hitz egiten hasi aurretik.
Osasun arloan lehen pausoa ere egokitu behar da. «Txanda hartzen duenean Whatsapp edo posta elektroniko bidez jakinarazi behar zaio entzumen gaitasun urritasuna daukanari». Itxaron gela txandaren zain badago ere, informazio transmisio okerrak egon daitezke. Adibidez, erizainak ahoz esaten hurrengo txanda norena den. Bestalde, keinu hizkuntzako interprete bat badago, haren papera zein den azaldu dute: «Informazioa transmititu behar dio. Eriari kontuak argitzea ez da bere ardura».
Administrazioan arazoa bestelakoa da. «Aurrez aurreko harremanetarako tokiek egokitzapen bat falta dute. Leihatilak argiztapen txarra badu edo ordenagailua badauka langileak aho aurrean, gorrak ez du ondo ikusten bere aurpegia. Ondo ikuste hori beharrezkoa da, ezpainak irakur diezazkion». Langileei ezarritako presioak ere nabarmendu dituzte, hots, zerbitzua nahi dutenei zenbat denbora eskaini behar dieten zehaztuta egotea. «Sei pertsonako ilara bat baldin badaukazu, eta pertsona bakoitzari bi minutu eskaini behar badizkiozu, gorra gaizki informatuko duzu. Denbora gehiago behar du guztia ondo ulertzeko».