Ion Cerezo / 2016-09-13 / 261 hitz
Oso ohikoa da zezenketara doazenei kulturarik ez dutela leporatzea eta zezenketak kultura ez direla esatea. “Ni arte, ni kultura” nik ere garrasi egin izan dut. Zezen plazara irakurtzera joan izan dira batzuk, benetako kultura zein den erakustera edo, eta gaur, Tordesillasen gertatzen ari denaren harira, entzierro horretan parte hartzen ari direnei liburuak jaurti beharko litzaizkiekeela entzun dut, broma tonuan.
Tordesillaseko biztanleak, edo Illunbera Aste Nagusian doazenak, inguru taurino batean jaiotakoak dira, umeetatik jarduera hauek onartu, normalizatu eta barneratu dituztenak. Argumentu bezala erabiltzen dute zezenketak kultura direla, eta egia da, kultura injustu, krudel eta zapaltzaile bat, baina kultura hala ere. Harluxet euskara hiztegi entziklopedikoak kultura horrela definitzen baitu: “Gizakiak gizartean ikasten dituen jokamoldeen multzoa, herentzia biologikoaren bidez hartutakoari kontrajarria.” Beraz kultura ez da bere horretan positiboa, ezta negatiboa ere.
Egun gure kultura bortxaketa kultura, kultura transfoboa, kultura homofoboa, kultura arrazista eta kultura espezista bat da, besteak beste. Azken honen inguruan oinarritzen dira zezenketak eta beste jai taurino guztiak, beste espezie bateko norbanako baten interesak gizakion interesen azpitik jartzen baitira hauetan. Baina ez dezagun ahaztu kultura espezista hori praktikan jartzen dela arrain bat arrantzatu, txahal hil baten zati bat gure platerean jarri edo behi baten azalarekin egindako zapatak janzten ditugun bakoitzean.
Kultura espezista oso barneratua duen gizarte batean jaio gara guztiok, eta honen adar batzuk baztertu baditugu ere, sustraietatik igotzen den diskriminazioa guztiz baztertzea ez dugu lortu oraindik. Tordesillas edo Astigarragan denok dugu kultura espezista horri onarpena eman edo borrokatzeko ardura. Ikuspegia zabaldu ezkero konturatuko gara ez garela oso desberdinak, eta bizilagunari akatsak leporatu baina lehen gure etxera begiratzea komeni zaigula, aldatzeko nahikoa badugu eta.