Elebidun baten burmuinak hizketakidearen aurpegia aztertzen du zein hizkuntzatan egingo dion aurreikusteko, eta horrek hizkuntzaren trataera hobea eta eraginkorragoa egiten laguntzen dio». Halaxe laburbildu du Clara Martin Ikerbasqueko ikertzaileak (Venissieux, Frantzia, 1978) BCBL zentroan egin duten ikerketa. Horretarako, 30 pertsona elebidunen burmuinaren jarduera aztertu dute, sei hizketakideren jarduna bideoz ikusten zuten bitartean. Horietatik bi euskaraz mintzatzen ziren; bi, gaztelaniaz, eta beste bi, ele bitan.
Linguistikaren ikuspegitik hiztun elebidun batek ahalmen bereziak ditu hizketakideak zein hizkuntzatan egingo dion jakiteko?
Aspalditik dakigu elebidun baten bi hizkuntzak aktibatuta daudela burmuinean. Beraz, sistema bat egon behar du momentu bakoitzean zein hizkuntza erabili behar duen erabakitzeko. Ikerketa asko egin dira, sistema hori zein den argitzeko. Orain arte uste zen aukeraketa hori solaskidea entzun ondoren egiten zela, baina ikerketa honek agerian utzi du solaskideari entzun baino lehen aurreikus dezakeela zein hizkuntzatan hitz egingo dion, eta, beraz, dagokion hizkuntza aukeratu. Hala, hasierako komunikazio hori eraginkorragoa da. Sistema edo indize hori aurpegia da. Noski, sistema horrek funtzionatzen du hizketakidea ezaguna bada, eta zailagoa da behar bezala funtzionatzea hizketakidea elebiduna bada. Linguistikaren alorrean oso azterketa teoriko garrantzitsua da.
Lotura argia dago, beraz, ikusmenaren eta hizkuntzaren aktibazioaren artean?
Bai. Lotura oso esanguratsua, gainera. Orain arte, ikusmenari lotuta egiten zen proba bakarra formekin eta koloreekin egiten zen. Alegia, pertsona bati esaten zitzaion, adibidez, kolore gorriko borobila ikusiz gero euskaraz egin beharko zuela eskatzen zitzaion lana, eta triangelu berdea ikusiz gero erdaraz. Hala, forma eta kolorearen arabera, batean edo bestean egiten zuen. Baina hori ez da errealitatean gertatzen. Aurpegiena, berriz, bai.
Eta aurpegiko zein atal edo zatiri erreparatzen zaio?
Ez dago atal zehatzik, baizik eta aurpegiari oro har. Alegia, elebidunek pertsona bat ezagutzen dutenenean, pertsona horri hizkuntzari lotutako etiketa bat jartzen diote. Hala, burmuinean ezagutzen dituzten pertsona guztien aurpegiak dituzte, eta horrekin batera gordetzen dute haien hizkuntzari lotutako etiketa. Beraz, pertsona horren aurpegia ikustean, zuzenean lotzen da etiketarekin, eta solaskideak hitz egin aurretik aurreikusten du zein hizkuntzatan egingo dien.
Eta zer gertatzen da beste hizkuntza batean hitz egin behar duten testuinguru batean egonez gero?
Kasu horretan, aurreikuspen hori egiteko sistema testuingurua eta bertan dauden pertsonen hizkuntza izango litzateke.
Aurreikuspen horrek zein abantaila ematen dio hizlariari?
Komunikazio bat abiatzean erantzuna azkarragoa eta eraginkorragoa da. Izan ere, aurpegia ikusi bezain laster hizkuntzaren etiketarekin lotzen du. Hala, mezua modu azkarrago eta eraginkorrago batean jasoko da. Horri esker, baliabide kognitibo batzuk libre uzten dituzu, beste gauza batzuetarako.
Beraz, esan daiteke elebidunak komunikazioaren ikuspegitik eraginkorragoak direla?
Esango nuke azkarragoak eta eraginkorragoak direla elkarrizketa bateko lehen esaldietan erabiltzen den hizkuntza tratatzeko orduan. Baina horrek ez du bermatzen hartu-eman hobeak izatea.
Ondorio hori hiru hizkuntza edo gehiago dakizkiten hiztunekin aplika daiteke?
Ez dugu horri buruzko ikerketarik egin, baina bai.