Ander Perez Zala / 2016-10-18 / 686 hitz
Filosofia irakaslea da Agustin Arrieta Urtizberea (Errenteria, Gipuzkoa, 1962) Euskal Herriko Unibertsitatean. Hainbat liburu eta ikerketa argitaratu ditu. Filosofiaren garrantzia aldarrikatzen du, ikuspegi «berezia» duelako.
Filosofia garrantzitsutzat hartzen dudan heinean, galera bat iruditzen zait. Ez daukat zalantzarik. Galera zenbaterainokoa den zehazteko, eztabaida sakona behar da, eta jende askok parte hartu beharko luke. Hala ere, oso argi daukat filosofiaren gisako diziplina bat behar dela hezkuntzan; maila guztietan, gainera.
Garrantzitsua al da filosofia gizabanakoen heziketan?
Bai. Gainerako arloekin alderatuta, oso ikuspegi berezia du. Diziplina transbertsala da, eta oso orokorra. Eta horrek ematen dizkio gaitasun batzuk beste diziplinetan ez daudenak. Adibide batekin azalduta: ezagutza mota guztiak itsasontzi batean doaz, etengabe itsasontzi hori berritzen. Hor, ezinbesteko galderak daude, hezkuntza sistemak kanpoan uzten dituenak: nora doa itsasontzi hori? Zergatik utzi dira ikerketa batzuk eta ez besteak? Horrelako galderei erantzuteko, ikasten dugun guztia norantz doan jakiteko, auzi filosofiko klasikoetan sartzen gara, betidanik jorratu direnetan. Zergatik filosofian? Izaera zabal, orokor hori duelako; galderak egiteko ahalmena. Gai da arteari buruz hitz egiteko, zientziari buruz, alderdi etikoei buruz, eta abar. Hori kentzen badugu, aipatu dudan itsasontzia itsu-itsuan doa. Horrek ez du esan nahi filosofiak erantzun zehatzik emango digunik.
Espainiako Hezkuntza ministro zenean, Wertek esan zuen ikasgai batzuek «arreta galarazten» dutela. LOMCE ikusita, filosofia horietako bat dela uler daiteke.
Aurkako ikuspuntua dut. Filosofiak eragiten duena da pertsona bat arretatsuagoa izatea, eta ez konformatzea egiten duenarekin. Filosofiak aukera ematen digu pentsatzeko egunero hartu behar ditugun erabakiei buruz. Filosofiaren ekarpena kontrako bidean ikusten dut: inguruan gertatzen denarekiko zaintzaileago bihurtzen gaitu.
Interes politikoak daudela uste duzu? Aipatu duzu filosofiari esker jendea arretatsuagoa dela.
Russellen esan bat ekarriko dut gogora: «Filosofiaren ekarpena da gurpil kritikoa martxan izatea». Eta ikuspen kritiko hori garatzea ere ahalbidetzen du. Zientzietatik bereizten duena da. Zientziak muga bat du, eta filosofiak muga hori gainditzeko gaitasuna du, beste diziplina batzuei begiratzeko. Horrek ahalbidetzen du ikuskera kritiko bat izatea. Artearen kasuan, adibidez, filosofiak galdetu dezake obra bat ikuspuntu politiko batetik onargarria ote den. Galdera horrek badu kutsu etiko bat, kritiko bat. Uste dut galdera horiek onuragarriak direla. Kritikak ahalbidetzen du txartzat ditugun egoerak gainditzea. Ziurrenik, prozesu hauek oso motelak dira. Filosofiak ez du gupidarik gizartearen bidea etengabe kritikatzeko. Ikuskera kritiko argudiatzaile hori hezkuntza sisteman lantzea oso positiboa iruditzen zait. Onartutzat dugun hori susmagarri bilakatzeko tresnak ematen ditu filosofiak. Hori ona da gizartearentzat.
Hezkuntza sistemak kritiko izaten erakusten dio ikasleari?
Ez behar beste. Balioen eztabaida dago gaur egun; balioei esker koloreztatzen dugu mundua. Heziketa hori garatzeko, batzuek diote erlijioa dela bidea. Eta ideia hori nagusitzen ari da Espainian, gobernuaren eskutik ziur aski, eta autonomia erkidego batzuetan. Gai horretan, erlijioak doktrina planteatzen du; filosofiak, aldiz, elkarrizketa, eztabaida eta analisia. Bigarren horren alde nago; erlijioa dogmatikoa da, eta filosofia, irekia. Etika kentzen da DBHtik, eta erlijio jakin bati lotzen zaizkion ikasgaiak eskaintzen dira. Ez dut erlijioaren garrantzia ukatu nahi. Baina dagoen auzirik zailena da balioena, prozesu batean eraiki behar dena. Balioen mapa bat ematen ari dena eta hezkuntza sisteman ezartzen ari dena, gaizki dabil, eta gizartearentzat kaltegarria da.
Filosofiak eragina du gizartean?
Noski. Ideiek eragina dute: Frantziako Iraultza, adibidez. Karl Marxek ez du eraginik izan? Hannah Arendtek, gaizkiaren kontzeptua nazismoarekin lotua aztertu zuenean, ez du eraginik izan? Pentsatzen dugu torloju bat ekoizteak eragina duela, eta badu; ez dut ukatzen, eta ez diot garrantzirik kentzen. Nork esaten du ideia filosofikoek ez dutela eraginik izan? Oraindik badago marxista dela dioen jendea, adibide bat jartzearren. Ideiek sekulako eragina dute, ona eta txarra, baina eragina dute. Garbi dago badagoela jende asko ez datorrena bat nik pentsatzen dudanarekin.
Nola hobetu daiteke filosofiaren irakaskuntza?
Hezkuntza oso garrantzitsua da gizartearentzat. Zutabe nagusietako bat da: zaindu behar da, mimatu behar da, alderdikerietatik harago, eta sekula egin ez den eztabaida sakona egin behar da. Baina gauzak inposatu egiten dira. Filosofia irakatsi den moduarekin ere kritiko izan beharko dugu. Egungo auziei estu lotzen zaien filosofia bat behar da; ez da nahikoa kontakizun historiko batzuk egitea, askotan ulertzen ez direnak. Munduak, gizarteak, ikasle batek egunero izan ditzakeen auziei lotuta egin behar du: umorearen mugak, prostituzioaren auzia, sexismoa, eta abar. Hezkuntza sistemak berrikuste konstantea behar du. Baina, bueno, aipatu dudan guztia eztabaidarako proposamenak dira.