Naiara Elola / 2016-10-25 / 478 hitz
Altxatuko kideen irudiko, orain arteko lanik «pertsonalena» da ‘Hegalen indarraz aitzina’ diskoa. «Barrua hustu» egin dutela diote taldekideek
Zuhaitzik garaienean habia egiteari beldurrik ez dion txoriaren Japoniako kondaira baliatu dute azken lanaren abiapuntu modura Altxatuko kideek. «Lagun batek kontatu zigun istorioa, eta gure lan berria inspiratzeko egokia izan zitekeela iruditu zitzaigun», dio Osinagak. Erronka berriei beldurrik izan gabe gauzatu dute disko berria, kondairako txoriaren modura.
Erdietsitako emaitzarekin pozik agertu dira taldekoak. Orain arteko lanik «pertsonalena» dela diote. «Barrua hustu» dutela defendatu du Iker Ariz bateria jotzaileak: «Esan liteke lan berrian biluztu egin garela». Grabazioari dagokionez, bi etapetan egina dago diskoa. Aste Santuan sartu ziren lehenengoz Iruñeko K estudioko grabazio aretora. «Bost abesti geneuzkan soilik prestatuta, eta horiek grabatu genituen lehenik», dio Osinagak. Hala, hurrengo hilabeteetan, beste bost abesti egin zituzten eta abuztuan grabatu zituzten.
Abestiak egiteko prozesua luzea izaten dela onartu du Osinagak. Bera arduratzen da abestietako letrak idazteaz. Hori izaten da sorkuntza garaiko lehenengo pausoa. «Behin letra egina daukadanean, taldeko gainontzeko kideei aurkezten diet, eta melodia sortzen hasten gara», azaldu du Osinagak. Hiru kideen artean, osatzen dute abestia beraz.
Hegalen indarraz aitzina lanean jaso dituzten 11 abestietatik hamar dira Altxaturenak. Hamaikagarrena Julen Lekuonak 1983an idatzitako Ez dut nahi abestiaren bertsioa da. Azken hori Gorka Armendariz Leihotikan taldeko kideak abesten du Altxatukoekin batera. Baina ez da hori kolaborazio bakarra. Silvia Hibakushak ere kolaboratzen du Garaipen krudela kantuan.
«Ia kasualitatez», 13-14 urterekin, argitaratu zuten lehen diskoa Altxatu taldekoek. Azken zazpi urtean, euren musika erreferentziak ere asko aldatu direla aitortu du Osinagak. «Lehen AEBetako musika entzuten genuen gehienbat. Orain gure erreferenteak Euskal Herrian ere badaude, eta haien eragina antzematen da». Taldeak sortu zenetik izan duen garapena nabarmendu du Gor diskoetxeko kide Patxi Goñik. «Oso gazteak eta onak dira».
Euskal Herrian rockak duen egoerarekin apur bat «kezkatuta» agertu da Goñi: «Oro har, Euskal Herrian rocka egiten duten taldeetako kideak nahiko zaharrak dira, eta gazteen aldeko apustua egin beharra dago». Arrazoi horregatik, beti egin du Gor diskoetxeak Altxatu taldearen alde. Izan ere, goñitarren laguntzarekin kaleratu dituzte hiru diskoak Irunberrikoek.
Taldearen garapenaz
Dagoeneko, diskoa aurkezteko kontzertuak ematen hasi dira Altxatuko kideak. Urriaren 14ean eta 15ean Iruñean eta Irunberrin izan ziren. Heldu den azaroaren 11n, Tolosako (Gipuzkoa) Bonberenean joko dute, eta abenduaren 4an, aldiz, Durangoko Azokan (Bizkaia), Ahotsenean. Lehen diskotik hirugarrenera izan duten garapena kontzertuetan ere atzemango dela dio Osinagak. «Hasierako emanaldietan lotsati xamarrak ginen. Orain ere, jarraitzen dugu hala izaten. Baina, kontzertuak behean hasi eta goian bukatzen ditugu. Esperientzia pilatu ahala zuzenekoetan segurtasuna lortzen ari gara».