Lander Muñagorri Garmendia / 2016-10-08 / 1059 hitz
‘Smartphone’-en salmenta kopuruak egonkortu egin dira, eta Interneterako sarbiderik ez daukaten sakelako telefono arrunt gehiago saldu dira 2016ko lehen hiruhilekoan. ‘Smartphone’-en osagarri gisa, bigarren sakelako telefono moduan erabiltzen dituzte askok. Joera areagotzen ari da, gainera.
Txistu hots bat, kanpai hots bat edo bibrazio txiki batzuk. Hamaika modutan abisatzen du sakelako telefonoak posta elektronikora mezu bat iritsi dela, edo Whatsappeko elkarrizketa batean mezu berri bat dagoela. Arruntak bihurtu dira soinu eta bibrazio horiek. Are gehiago Internetera konektatzen diren sakelakoak edo smartphone-ak merkaturatzen hasi zirenetik, biderkatu egin delako telefonora iristen den mezu kopurua. Herritar asko une oro dago konektatuta sarera, eta nomofobia deritzon gaixotasun bat ere sortu da horren ondorioz. Hau da, une oro sakelakora mezurik iritsi ote den begiratzea, edo kalera telefono gabe ateratzearen beldurra. Eta horrek zerikusi zuzena dauka smartphone-ak merkatura zabaltzearekin. Gaur egun, Euskal Herriko telefono erabiltzaileen %87 inguruk baitauka era horretako sakelako bat. Gainerakoek dumbphone deitzen dioten telefonoa erabiltzen dute. Hau da, telefono tentela euskarara itzuliz gero. Edo beste modu batera esanda, sakelako telefono arruntak, smartphone-en aurreko garaikoak. Eta horien txistu hots, kanpai hots edo bibrazio ez dira hainbeste izaten.
Une oro sarera konektatuta dauden herritarrez gain, Interneterako sarbidea nahi eta behar ez dutenak ere badaude. Datuek diotenaren arabera, gainera, handitu egin da horien kopurua. 2016. urteko lehen hiruhilekoan %4 hazi zen telefono mota horien salmenta, eta smartphone-ena, berriz, %0,2. Sakelako adimendunak merkaturatzen hasi zirenetik, aurtengoa izan da izan duen hazkunderik txikiena. Dumbphone-en merkatua handitzen ari da, eta smartphone-enak, aldiz, goia jo duela dirudi. Atzera iraganeko ohituretara itzultzen ari dira erabiltzaileak orduan? Mikel Cidek Xataka teknologia atarian sakelako telefonoen inguruan idazten du, eta haren erantzuna garbia da: «Ez, inondik ere. Gaur egun smartphone-en erreinua ez dago ezbaian jartzerik, baina egia da azken urtean berritasun gutxi eskaini dutela telefono mota horiek, eta erabiltzaileek ez dutela aldaketa handirik topatu telefono berrietan horiek erosteko. Horren eraginez, telefono gutxiago saldu dira aurten». Salmenten beherakada hori ez du txartzat hartu berak, «ezin delako une oro telefono berri bat erosi», baina berritasunen pizgarrien faltan, horrek eragina izan duela uste du. Horren ondorioz, salmenta ez da hainbeste igo. Halere, dagoeneko smartphone-ek merkatuaren zati handi bat eurentzat hartu dute. Beraz, «normala da» egonkortze fase bat egotea. Horrez aparte, telefonia konpainia handiek jada ez dituzte smartphone-ak oparitzen euren bezero egitearen truke, «orain erabiltzaileak ordaindu behar du telefono bakoitza, eta horrek ere eragina badauka, noski».
Smartphone-en erreinua gaur egun ez dago zalantzan jartzerik. Gauza garbia da hori telefonoen %87 mota horretakoak direnean. Baina dumbphone-en gorakada ere errealitate bat da. Dolores Soltxaga Eroskiko agente komertzialen kudeatzailea da, eta supermerkatuetan joera aldaketa hori sumatu du: «Gorakada sumatu dugu gure saltokietan, eta, horren ondorioz, telefono ekoizleek ildo horretako sakelako gehiago bidaltzen dizkigute gure erakusmahaietan jartzeko». Telefono gero eta sinpleagoak bidaltzen dizkiete, erabilera errazekoak eta smartphone-ak baino askoz ere merkeagoak direnak. «Horregatik, iruditzen zaigu kasurik gehienetan bigarren telefono gisa erabiltzen direla sakelako horiek». Hau da, lehentasunezko telefono gisa smartphone bat izan, eta bigarrena dumbphone-a. Cidek ere joera hori ikusi du erabiltzaileen artean: «Askok bigarren telefono gisa erabiltzen dute, bateriak astebete iraun dezakeelako. Izan ere, gaur egun smartphone batek izan dezakeen kritikarik handiena hori da: bateriak gutxi irauten duela».
Bigarren telefono gisa erabiltzen dira askotan telefono arrunt horiek, baina baita lehen telefono moduan ere erabiltzailea, eroslea atzerritarra baldin bada. Soltxagak horrela sumatu du, behintzat: «Gero eta atzerritar gehiago etortzen da gurera lan arrazoiak izan, ala oporrengatik izan; profil horretako pertsonek beste telefono bat behar izaten dute hemen dauden bitartean, eta horiek telefono arruntak erosten dituzte».
Ez da adinekoen kontua
Une oro sarera konektatzeko aukera eskaintzen dute azken belaunaldiko telefonoek, eta azken modeloek nabigazio azkarragoa eskaintzen dute sarritan. Sarera konektatuta egoteko mendekotasuna gero eta handiagoa da, eta horrek ere eragina izan du telefono arrunten salmentan. Izan ere, une oro sarera konektatuta ez egoteko erabiltzen dira telefono arrunt horiek. «Jende asko erreta dago une oro Whatsappeko eta posta elektronikoko mezuak jasotzeaz», Ciden arabera. Txistu soinua, kanpai hots eta bibrazio kopuru hori jaisteko asmoarekin; beraz, erabiltzaile askok bigarren telefono gisa hartzen ditu dumbphone-ak espresuki smartphone-ak eskaintzen duen aurrerapauso hori saihesteko. «Askotan, lanorduetatik kanpo lanarekiko lotura hori hausteko erabiltzen dira telefono horiek, bitxia eman dezakeen arren; izan ere, beti dago aukera Interneterako sarrera hori kentzeko». Baina bakoitzak bere teknikak erabiltzen ditu, eta Cidek uste du horrek ere eragina izan dezakeela dumbphone-en salmenta gorakadan.
Baina ez hori bakarrik, zenbait enpresatan laneko telefono gisa ez baitira smartphone-ak erabiltzen. «Askok ez dute posta elektronikoa begiratu beharrik izaten, ezta sarera konektatuta egon behar ere. Horregatik, laneko telefonoen artean, halako telefonoetarako hautua egiten da», Ciden arabera.
Hori guztia dela eta, sakelako arrunten erabiltzaileen ezaugarriak guztiz aldatu dira azken boladan. Dagoeneko dumbphone-ak ez dituzte adinekoek bakarrik erabiltzen, «nahiz eta oraindik, hein batean, adinekoek erosten dituzten», Soltxagaren arabera. Telefono arruntak erosten dituztenen profil berri horretaz jakitun dira telefono ekoizleak, eta, horren eraginez, diseinu berriak egiten hasi dira. Halakoak ikusten ditu Soltxagak: «Lehen, adinduentzako telefonoak egiten zituzten larrialdietarako SOS zioen botoi handi batekin, eta botoiak ere handiagoak ziren orokorrean; gaur egun, eskaintza handitu egin da, eta publiko guztientzako moduko sakelakoak egiten hasi dira. Estetika asko zaintzen ari dira». Horregatik, smartphone eta telefono arrunt baten arteko ezberdintasuna askotan funtzioetan bakarrik sumatzen da, eta ez kanpoko itxuran bakarrik. «Gero eta erakargarriagoak egin nahi dituzte telefono horiek, gaur egungo estetikara ekarri, eta horregatik dago joera aldaketa hori telefono arrunten artean», dio.
Edozein moduz, beti egongo da lehengo telefonoen estetika nahi duten erabiltzaileak, Ciden arabera. «Askok estalkia daukaten telefonoak nahi izaten dituzte, edo pantaila beharrean botoiak dituzten telefonoak». Izan ere, adineko erabiltzaile asko telefono arruntetatik smartphone-etara igaro da azken urte hauetan, eta, «horiekin ondo ez moldatzearen ondorioz, berriz ere lehengo telefonoetara itzuli dira asko». Bakoitzak bere arrazoiak topatzen baititu sakelako telefono bat aukeratzeko garaian.
Merkatu aldakorra
Teknologiaren sektorean gertatzen den bezala, telefonoen arloan ere aldaketak ugariak izaten dira. Cidek azken boladan halako gutxi sumatu du telefoniaren kasuan. Smartphone-en salmenta egonkortu egin da, eta horrek eragina izan dezake horretan. Baina Soltxagaren ustez, etorkizunean telefonoa erabiltzeko modu berriak iritsiko dira, osasunarekin, kirolarekin eta robotikarekin lotuta. «Horrek erabiltzaileak erakar ditzake, baina, era berean, kontsumitzaileak gero eta zorrotzagoak izango dira». Gailu horiek garestiak izaten direlako normalean, eta gehiago irautea eskatuko dietelako halako telefonoei. Izan ere, gaur egun, batez beste, bederatzi hilabetean behin aldatzen du erabiltzaile batek sakelako telefonoa. Halakorik ez da gertatzen, ordea, telefono arruntekin. Gehiago irauten dutelako. Horregatik, agian, bigarren telefonoaren ideia sustraitu egin daiteke.