Jon Intxaurraga / 2016-10-09 / 386 hitz
Behin Donostiako estropadetan lagun bat ikaratuta etorri zitzaigun. Beldurrez berba egin zigun. Neska batekin ligatu zuen eta beldurra ematen zion norbaitek grabatu izanak. Ez zuen guztion sakelakoetan agertu nahi eta pentsatzeak berak izutzen zuen. George Orwellen 1984 liburuak kameraz betetako herri bat deskribatzen digu. Kamerek islatzen dute Estatua ahalguztiduna dela eta ezinezkoa dela bere atzaparretatik kanpo bizi. Gainera, denboran zehar bidaia zezakeen estatuak eta noizbait esan eta esango zenuen edozer gordailutik atera eta bizitza hondatzeko aukera zuen. Gaur ez gara estatu ahalguztidunean bizi baina bai geure bizitzak grabatzen dituen gizarte batean, non sakelakoak eta asmo okerreko lagunen batek bizitza honda diezazuketen. Berbarako, Italian neska batek bere buruaz beste egin zuen irailean.
Istorioak ez du alperrik galtzeko ezer eta amorratu baten esku liburua izan zitekeen, matxitoaren bertsioan: zeure neskak uzten zaitu eta zeurea denez bera izorratzera zoaz bion bideo-erotikoa hedatuz, guztiek ikus dezaten zein lohia den. Bideoa fenomeno bihurtu zen, neskaren esaldiarekin kamisetak egin ziren, musika-talde umoretsu batek kanta bat eskaini zion, Facebookean zein kalean hainbat berba eztitsu irakurri / entzun behar izan zituen eta amaieran tokiko hedabideak bere bila atera ziren kalera, beste behin ere gogoratuz biral berba erdarazko birusetik datorrela. Dena barre eta algara, herria bere gorenean: 1984 liburuko Anai Handiaren bertsio arina, umoretsua, guztiz inozoa, kaltegabea; bizi-ikuskizunaren eduki dibertigarriaz axolagabe gozatzen duena. Geroago gertatu zenak ere ez du alperrik galtzekorik: neskak bideoa kentzeko epaia irabazi baina berandu zen: Italiar guztien ahotan zegoen eta Jainkoari eskua hartu zion, nazkatuta. Mutil-ohiak bere helburua lortu zuen baina literal: bizitza apurtu zion.
Aste honetan neska batek Eibar futbol taldeko bi jokalari salatu ditu baimenik gabe bideo bat grabatzearren. Italian bezala, bideoa arin hedatu da eta oso denbora gutxian nork bere sakelakoan neskaren hainbat datu zituen: izena, abizenak, lana eta abar. Bideoa ikusi duenak argi entzuten du neska gogoz kontra grabatzen ari dela Eibarreko jokalaria. Hainbat hedabidek ere euren alea jarri dute eta bideoaren argazkiak eta horren osteko berriketak argitaratzeaz gain neskaren ogibidearen gainean pentsatu eta pentsatu ibili ziren, meme bildumak, txisteak eta hamaikakoak egin dira eta Mega telebista-katean Josep Pedrerolek esan du Eibarko jokalariek ez dutela barkamenik eskatu behar, neska bat gogoz kontra grabatu eta gerora hedatu duten bideoa Sergi Enrich eta Antonio Lunaren eremu pribatua delako. Erratuta dago Josep Pedrerol, eremu pribatua kameratik urrun dagoen oasia da, egun edonork, bere sakelako eta interneterako konexioarekin, urra dezakeena. Herriak zaindu egiten zaitu.