Berria / 2016-10-19 / 252 hitz
Xabier Olarrarentzat izango da euskarazko literatur itzulpenaren Euskadi Saria, James Joyceren ‘Ulises’ euskarara ekartzeagatik. Gaztelaniazko literaturaren saria, berriz, Gabriela Ibarrarentzat izango da.
Xabier Olarrak, berriz, hiru urteko lanaren saria jasoko du, denbora hori behar izan baitu Ulises (Igela) eleberri ezaguna euskarara itzultzeko. Lehendik ere buruan zuen proiektua zen hau, baina ez zuen egiterik izan 2012ra arte. “Mitoaren maila lortua duen liburuari heltzeko garaia heldua izan zitekeela pentsatzen hasi ginen batzuk orain dela hamabosten bat urte”. Lana hasi aurretik, ordea, oharra zabaldu zuen sare sozialetan, “inor asmo berarekin bazebilen ere”. Ez zen hala, eta ametsa errealitate bihurtzeari ekin zion.
Itzuli diren lanak kontuan hartuta, aukeraketa ez da erraza izan epaimahaiarentzat, baina Olarraren alde egin dute azkenean, batez ere, hark itzultzeko aukeratutako obraren zailtasuna kontuan hartuta. “Obra hau euskaraz edonola ematea ere, ez zen lan makala, baina auzo-erdaretako bertsioak berdintzen eta inoiz ere gainditzen dituen egokitasun miragarri batez emana datorkigu itzulpen honetan”.
Azkenik, Gabriela Ibarrarentzat izango da gaztelaniazko literaturaren saria, El Comensal (Caballo de Troya) lanarengatik.