Maider Jericó Zelaia / 2016-10-21 / 354 hitz
Gorteiatzea, animalia sexudun guztietan ematen den jokaera naturala da. Gizakiok, izaki sexudunak garen heinean, gure gorteiatze erritual propioak ditugu. Gaur egungo gizartean, ligatzea edo flirtean aritzea esaten diogu eta oso elkarrekintza konplexua da. Arau sozialak, rolak, ahozko zein ez-ahozko komunikazioa, adimen emozionala, enpatia, etabarren menpe dagoenez, erakartze prozesu bakoitza ezberdin eta berezia da.
Gaur egun, ligatzeko teknikei buruzko informazio asko aurkitu dezakegu, Interneteko guruak, nerabeentzako hainbat aldizkari, ligatzeko manualak… baina askok, norbait konkistatzeko teknika miragarriak saltzen dizkigute eta orokorrean oso jarrera estereotipatuak azaltzen dituzte, neska edota mutilei gustatzen omen zaizkien gauzak zerrendatzen dituzte eta nola jokatu behar dugun azaltzen digute, gure izaera kontuan hartu gabe. Teknika magiko hauek guztiak, engainu eta itxurak egitean datza.
Gogoratu dezagun guztiok dugula erakargarriak egiten gaituzten ezaugarri bitxiak eta gakoa, besteengandik bereizten gaituen hori ondo erabiltzen jakitea da. Sedukzio kontuetan, edozein elkarrekintza interpertsonaletan bezala, gu garen bezalakoak azaltzea da apusturik onena.
Beraz, seduzitzen trebea izatea, komunikazio gaitasun eta autoestimarekin oso lotuta dagoela esan genezake. Norbere ezaugarri positboak erakutsi eta arma onenak erabiltzen jakitea, alegia.
Eta jokatu besterik ez badut nahi?
Ikuspuntu ebolutibotik, gorteiatzearen helburua, ugaltzeko asmoz, binakatzea da. Baina gizakion kasuan, beste pertsona bat erakartzen saiatzen garenean, helburua plazer hutsa izan daiteke. Plazer horrek ez du zertan helburu bat lortzean egon, sedukzioaren joko hutsa oso dibertigarria izan daiteke.
Bestalde, demagun jokoan sartu nahi dugula, baina ez dugula harago joan nahi, hau da, beste pertsona bat berotu eta topaketa erotikorik bilatu gabe.
Gure gizartean ez da ontzat hartzen jarrera hau eta bizi dugun sexualitate eredu itxi eta mugatu honen adierazgarri garbia da.
Gogoratu dezagun, arauak norberak jartzen dituela, nahi ditugun mugak jarri ditzakegula; flirtean aritzeak ez gaitu behartzen gogorik ez dugun zerbait egitera, ez diogu ezer zor beste pertsona horri, errespetuz gure desioak adieraztea eta bestearen nahiak errespetatzea ez ezik.
Slow flirt
Askotan, sedukzioa, topaketa erotiko bat izateko tramite hutsa bilakatzen dugu, ez dugu ahaleginik egiten eta honek, ligatzearen kalitatean eragiten du. Aldatu dezagun ligatzearen helburua! Demagun jomuga bakarra sedukzioaren jokoa bera dela, beste itxaropenik gabe… Slow sex mugimenduak topaketa erotikoetan sakonki murgiltzeko denbora eskaintzea aldarrikatzen duen bezala, sedukzioaren jokoan arau berbera jarri dezakegu jokoan erabat murgildu gaitezen.