Beñi Agirre / 2016-10-03 / 1032 hitz
Emakumezkoek batez ere, eta ez Erdi Aroan bakarrik, sekulako jazarpena pairatu izan dute sorgin hitzarekin laidoztatu edo estigmatizatuak izan direnean. Sendabelarren ezagutzaz baliatuz sendatzeko edota ume berriak mundura ekartzeko langintzatik baztertuak izan ziren. Sorginkeria erabiltzen zutela leporatuz sutara kondenatuak eta erailak izan ziren. Batzuek nafar euskaldun emakumeen genozidioaz hitz egin izan dute. Zer ziren bada sorginak eta zergatik halako jazarpena?
Euskalduntze berantiarra teoriaren propagandistek eta frantses-espainiar ikuspegiko hizkuntzalari batzuen arabera, sorgin hitzak latinezko sors du oinarrian: “El viejo nombre vasco para las brujas, sorgin, está construido a partir del latín sors, equivalente a suerte o destino” (Alberto Santana, Una historia de Vasconia, la hora de las brujas, 12:23 minutuan). Mitologia erromatarrean, Sors, jainko txiki bat zen, zortearen jainkoa. Ustez, Fortunaren semea.
Euskaraz, berriz, -gin, -kin atzizkiak lanbide edo ofizioa adierazten dute: hargin, harakin, bizargin… Sorgin hitzak erromatarrek ekarritako latina oinarria balu, sorgin zor(i)-gin beharko luke. Horrela, zorginak, erromatarren Sors eta Fortuna edo grekoen Tique jainkosen parekoak beharko lukete. Ondorioztatze hau, ordea, ez dut inon ikusi. Sorginak zori onaren ala txarraren egileak zirenik, alegia. Ez diot inori entzun.
Aitzitik, beste aukera bat ere badago korapilo hau askatzeko: sor, sortu izatea, eta sorgin, sortu egiten dutenak edota sortzera laguntzen dutenak izatea; adibidez, comadrona edo matrona gaztelaniaz, edo maïeuticien frantsesez. Elhuyar itzulpen hiztegiaren arabera, comadrona hitzak “emagin; sortzain, ama-maestra” adierak hartzen ditu. Beraz, sorginak “sortzainak” izan zitezkeen. Horrela bada, genozidioaren hipotesiak indar handia hartzen du. Zeren eta, Erdi Aroan, eta behar bada gaur egun ere, pentsa zitekeen euskal haur berriak sortzen laguntzen zuten sortzainak paretik kenduz gero, haur berririk ez zela sortuko; edo laguntzarik gabe sortzen baziren, hilik jaioko zirela konkistatu berriko Nafarroan. Horretarako jarri zuen indarrean Fernando II.ak Inkisizioa santua.
Izan ere, Inkisizioa eta sorginak ia beti loturik daude Euskal Herriaren historian. Amaia Nausia Pimoulier andreak dionez “Osagile (sanadora) eta ama-maestraren (partera) ofizioak emakumeen esku egon ziren mendeetan. XVI. mendean, ordea, ikuspegi aldaketa gertatu zen. Inkisizioaren eta indarra hartzen ari zen medikuntzaren ikuspegitik emakumeek superstizio eta sineskeriekin nahasten ari ziren medikuntza. Haien ustez, kultura ofizialak medikuntza liburuetan eta gizonezkoengan oinarritzen zituen bitartean, emakumeek naturaz gaindiko ahalmenak erabiltzen zituzten euren ofizioan.”
Ondorioa berehala etorri zen. Egile beraren esanetan “… 1565. urtean, Irunberrin, fiskal edo akusazio publikoak Pedro Sanz jaunaren alarguna Joana de Mongelos andreari intrusismo profesionala egitea leporatu zion medikuntza eta kirurgia baimenik gabe egiten zuelako.” Hortaz, fiskaltzaren arabera “edariak, ukenduak edo enplastuak agindu nahi zuen orok Maiestate horrek (Espainiako erregeak) aztertuta eta onartuak izateaz gain horretarako lizentzia beharko dute, horiek ezean legeak esaten dutena bete beharko dute.” Erregeek esleitutako titulua eskatzen hasi ziren gaixoak sendatzeko eta haurrak mundura ekartzeko.
Gizonezkoek ehunka zientzia liburu idatzi zituzten emakumeek mendeetan jasotako ohituretan oinarrituta. Emakumeek artatzen zituzten gerratik zaurituta itzultzen ziren soldaduak. Amaia Nausiak dionez “Mendeetan zehar emakumeek erabili zuten jakintza eta eskarmentua eraman zuten liburuetara gizonezkoek. Emakumeak izan ziren sukaldeko su bazterretan egositako errezetak gaixoengan erabiliz hartutako eskarmentua belaunaldiz belaunaldi transmititu eta jakintza metatu zutenak.” Ez da harritzekoa, beraz, errege konkistatzaile berriak emakume haien boterean arriskua ikustea eta deuseztatu behar zituela erabakitzea. Esan behar da gizonezko batzuk ere bazirela jarduera hau egiten zutenak, baina, batez ere emakumezkoak aritzen ziren.
Aitzakia behar zen ordea, eta ez nolanahikoa. Konkistaren zilegitasuna oraindik ezbaian eta Europako errege-auzitegietan eztabaidan zegoela, halako neurri bat hartzean, denak errege konkistatzailearen kontra jar zitezkeen eta. Bazuten jada emakume horiek erresumako mediku ofizialei egiten zieten “konpetentzia desleialaren” aitzakia ongi landuta. Ez zen nahikoa. Horregatik asmatu zuten sorginen bilkuretan erabiltzen zeneko zoofiliaren zurrumurrua, meza beltza, deabru eta satanen parte hartzea akelarretan eta abar. Elizak eta Europako noblezia puritanoak ez zuen besterik behar izan sorgin-ehizari gogor ekiteko. Aitzakia, bistan denez, asmakeria hutsa izan zen. Puritanismoa herritarrentzat zen, ez nobleziarentzat.
Gaur egun ere, inpunitate osoz, astakeria eta asmakizun guzti horiek ontzat ematen dira eta benetakoak balira bezala erabiltzen dira. Halaxe baieztatzen da lehen aipatutako “Una historia de Vasconia, la hora de las brujas” EITBk ekoitz eta ematen digun telesailean. Halaxe erabiltzen dute akelarreaz eta sorginez ari direla Espainiaren eta Frantziaren ikuspegitik historia kontatzen digutenean. Errazkeria osoz berdintzen dituzte sorginak eta euren “brujak”.
Honetan guztian, beste kasu askotan bezala, kontatzen denaren testuingurua kontuan hartzea beharrezkoa da. Asko idatzi da Europan “brujei” buruz. Ipuinak, filmak, historiak… Denetik idatzi da, baina oro har, erratza baten gainean hegan egiten duen emakumezko bat irudikatzen da. Igarle eta profetak dira, xamanekin eta edabe magikoak prestatzen dituztenekin lotzen dira, konjuruak eta aztikeriak egiten dituzte, hildakoekin harremanetan jartzen dituzte bezeroak, meza-beltzak zuzentzen dituzte eta ez dakit zenbat gehiegikeria gehiagoren egile izaten dira.
Irudi horren gehiengoa, ordea, ez dator bat XV-XVII. mende artean Euskal Herrian bizi eta jarduera izan zuten sorginekin. Gure sorginei egotzi zaizkien egiteko asko, ondoren sortutakoak dira. Europako literaturaren eragina nabarmena da. Mimetismoz edo desitxuratzeko asmoz edo erabaki politiko-kultural baten ondorioz, sorginak eta brujak parekatu egin dira. Sorginei munduko gaitz eta txarkeria guztiak leporatuta herri baten aurkako jazarpena justifikatu eta menderakuntza betikotu nahi izan da.
Nahiz eta Fernando II.ak eta Albako dukearen tropak Nafarroa Garaia eta Beherea konkistatu 1512an, Pirinioetako mendiak ez ziren muga euskaldunontzat. Ez zegoen, ez muga fisikorik ez eta behartzailerik errepresio bidez agintari berriek inposatzen zuenik. Ez zegoen inongo bereizketarik, adibidez, Sara eta Zugarramurdiko jendearen artean. Hizkuntza bera, ohitura berdinak, kultura bera eta sorgin berberak partekatzen zituzten mendien bi aldetara. Fernando II.a Aragoikoak eta Cisneros Kardinalak, Gaztelako erreginaorde zenak, fundamentalismo katolikoan oinarritu zuten Espainia berriaren batasuna. Islamistak eta juduak erresuma berriaren erlijiora aldarazi ala egotzi egin zituzten. Valladolideko Tomás de Torquemada izan zen lehen inkisidore modernoa. Horrela hasi zen sorginen ehiza eta kultur jazarpena Euskal Herrian.
Frantzia berriak espainiarren eredua kopiatu egin zuen. Frantsesak 1451an sartu ziren Baionan. Ordura arte, Akitaniako Eleonor Ingalaterrako erregearekin ezkonduz gero, Lapurdi eta Zuberoa Ingelesen esku zegoen. Pierre Lancre izan zen Torquemadaren parekoa Frantzian. 1609an, Enrike IV.ak Lapurdira bidali zuen Lancre bertako sorginen kontuak ikertzera. Ahalmen guztiak bere eginda hirurogei lagun sorginkeriaz akusatu eta hilarazi zituen. Tartean ziren emakumezkoak, haurrak, apaiz protestanteak eta abar. 1659ko azaroaren 7an, sinatu zen Faisanen uhartean Pirinioetako mendien bi hegalak banatzen zituen muga-marra. Helburua beteta zegoen: lehenengo genozidio kulturala eta zientifikoa burutu zuten, sorginek gordetzen zuten zientzia jakintza handi hura belaunaldi berriei transmisioa etenda; horretarako genozidio fisikoa erabili behar bazuen ere. Gero, mugaz bi aldetan mugitzen ziren euskaldunak bereizteko eufemismo batekin bataiatutako “Piriniotako Bakea” ezarri zuten; horrek, saratar euskaldunei frantses eta Zugarramurdiarrei espainiar deitzearen aldaketa ekarri bazuen ere.