Arantza Iraola / 2016-10-04 / 255 hitz
Oinarrizko zientzia goratu du, Medikuntzako Nobel saria jasoko duela jakin berritan, Yoshinori Ohsumi biologoak. Zelulen autofagia ikertu du.
Stockholmeko Karolinska Institutuan Medikuntzako Nobel saria nori ematea ebatzi duten adituek nabarmendu dute Japoniako ikertzailearen lanaren garrantzia. «Ohsumiren aurkikuntzek paradigma berri bat ekarri zuten zelulek beren edukia nola birziklatzen duten ikusteko», azaldu dute. «Bide bat ireki zuen autofagiak prozesu fisiologiko askotan duen garrantzia ulertzeko». 1988an hasita, 1990eko hamarraldian argitaratu zituen bere ikerketa esanguratsuenak. Legami zeluletan egin zituen lehen aurkikuntzak; ondoren joan zen berretsiz laborategietan erabiltzen diren arratoietan-eta legamian ikusitako mekanismoak.
Ikertzaile gazteen alde
Saritan, 832.000 euro jasoko ditu biologoak. Horiekin ikertzaile gazteen langintzak lagundu nahi dituela esan zuen atzo. Eta aholku bat ere helarazi nahi izan zien hasi berriei, bide erratuen beldur ez dutela izan behar esanez: «Zientziaren arloko ikerketa guztiek ez dute arrakasta izaten, baina garrantzitsua da erronkak izatea».