Ane Urrutikoetxea / 2016-/10 / 630 hitz
Ia urtebete darama Intxaurrondoko Elkarte Gastronomikoaren ‘Zaporeak’ proiektuak Kios greziar irlara Europako ametsei jarraika iritsitako errefuxiatuekin lanean. GKEek bete ezin duten ezinbesteko behar bat asetzen du elkarte gastronomiko honek, otorduak prestatuz eta banatuz. Kanpamentuetan bildutako milaka lagunek egunero bisitatzen dituzte, eta etengabe sukaldean lanean dabiltzan boluntarioak denen beharrak asetzen ahalegintzen dira.
Txahala barazki, sagar eta kanelarekin (334 gr), arroza (98 gr), patata egosia (130 gr), pita ogi bat eta udare bat. Halakoa da Kios irlako errefuxiatuen kanpamentuetako 1.400 lagunentzako otordu baten menua. Egunean halako hiru prestatzen dituzte Zaporeak proiektuko boluntarioek. Urtarrilean jaio zen egitasmoa, eta lan askoren ondoren, martxoan hasi zuten abentura, gaur egun arte.
Elikagaiak banatzera mugatu gabe, Zaporeak proiektuan parte hartu duten lagunek janariaren bitartez duintasun puntu bat berreskuratzen lagundu diete bertan daudenei. Otorduak bertakoekin harremanak garatzeko tresna baliagarriak izan dira, elkarrengandik ikasteko eta igaro duten amesgaiztoa une batez atzean uzteko. Hasieran, mendebaldeko eran prestatzen zuten janaria, baina gehiengoarentzat arraroegia zen sukaldatzeko modu hura. Pixkanaka, errefuxiatu batzuk sukaldean parte hartzen hasi ziren, haien gustuak boluntarioei irakatsiz.
Oraitz Garcia proiektuaren arduradunetako baten esanetan, ez da erraza izan aurrera egitea: “Gure elkartea 2015. urtean hasi zen boluntario lanak egiten Etiopian, eta proiektua oso ondo joan zenez, Grezian gertatzen ari zenari begira jarri ginen. Egunero bertara iristen ziren etorkinei laguntzeko aukera aztertzen hasi ginen, eta hainbat GKErekin harremanetan jarri ginen, gure partehartzea eskainiz; haiek ordea dirua besterik ez zuten behar”. GKEen laguntzarik gabe, Itsas Erreskatekoekin jarri ziren kontaktuan, eta Fagorrek eskainitako materialekin furgoneta bat eraman zuten irlara. “Materialez gainezka eraman genuen furgoneta, eta lanean hasteko lokala bilatu bezain laster ekin genion proiektuari”. Greziarren eta etorkinen laguntza jaso zuten hasieratik: “Lanean hasi ginenean erraza izan zen bertakoen parte hartzea lortzea, gure laguntza asko eskertu baitzuten. Dena den, udan eskuin muturreko hainbat talderen erasoak jasan ditugu, zoritxarrez”.
Sabotajeek okerrera egin zuten abuztuan, eta gau batean sukalderaino iritsi ziren: “Egun horretan banatu behar genituen 1.500 otordu lurrean botata ikustea kolpe latza izan zen. Zorionez, inguruko taldeen babesa jaso genuen, eta bi ordutan janariak banatzeko prest geunden berriz ere. Hala ere, esperientzia horren ondoren, lokalez aldatzea erabaki genuen”.
Erdigunetik aldendu eta leku urrunago batean finkatu dira urrian. Lokal berrian lan egiten ibiliko den boluntarietako bat Arkaitz da; bigarren aldiz joan da Kiosera, martxoan bizitako esperientzia izugarriarekin jarraitzeko prest. Bizilagunen ezinegona ulertzen duela dio Arkaitzek: “Bizilagunen begiradatik aldentzea erabaki dugu, tentsio giroa baretzeko. Kios, 50.000 biztanleko irla turistikoa zen errefuxiatuak milaka iristen hasi aurretik. Bestalde, Turkiako itunaz geroztik, etorkinak bueltan datoz irlara; askok hilabeteak daramatzate kanpamentuetan, ez atzera ez aurrera. Beraz, irla txiki honetako biztanle kopurua nabarmen biderkatu da oso denbora gutxian, eta mehatxu moduan ikusten dute horrenbeste jende beren lurretan finkatzea. Haientzat ere, ez da erraza egoera berri honi aurre egitea”.
Zailtasunak zailtasun, harro esan dezakete 1.500 eta 1.900 kilokaloriaz hornitzen dutela errefuxiatu bakoitza egunero. Hasieran, bakarrik larrialdietarako otorduak emateko gai baziren ere (lekariak edota pasta besterik ezin zieten eskaini), pixkanaka, dieta orekatu eta osatu bat ematea lortu dute.
Gogorra bezain beharrezkoa
Boluntarioek hiru astez egiten dute lan, gehiago ez; elkarteak denbora hori zehazten du, psikologikoki oso gogorra baita bertara doazenentzat laguntzen egotea. “Erabat aldatuta bueltatu nintzen Euskal Herrira. Gehiago esango nuke, burua bertan utzita bueltatu nintzen. Ez naiz lehengoko pertsona; aurretik ibilia nintzen gizarte gaietan murgilduta, baina halakorik ikusi gabea nintzen”. Arkaitzen ustez, gogorra baina beharrezkoa da bizitako esperientzia hau: “Ziurtasun eza handiz bueltatuko naiz, ia beldurrez, baina bestalde, gorputzak eskatzen dit bertara itzuli eta ahal bezainbeste laguntzea”.
Ez dute lan erraza Kiosen, eta negua datorrela, zailtasun bat gehitu zaio proiektuari: diru iturriak agortzen ari dira. Antolazaileek aitortu dutenez, aurrekontua amaitzear dago, eta zer gertatuko den zain daude. Errefuxiatuek oraindik ere laguntza behar dute, baina Oraitzen ustez, Euskal Herriko biztanleak solidarioak dira, eta badute laguntzeko borondatea: “Asko dira irlara joateko boluntario aurkeztu direnak, eta Euskal Herritik ere, diruz eta bestelako materialez ikaragarri lagundu digute. Espero dugu proiektu polit eta beharrezko honekin aurrera egitea”.
Zaporeak proiektuan lagundu nahi duzu?
Zaporeak proiektuari bultzada eman nahi diozu? Boluntario bezala parte hartu edo ekonomikoki lagundu nahi badiezu, hemen aurkituko duzu informazio guztia:
Zaporeak webgunea: zaporeak-sabores.com