Oier Lakuntza / 2016-11-23 / 775 hitz
Gaurko honetan, epigenetikaren gaiarekin natorkizue. Zenbait elkarrizketa egin eta aditu batzuen hitzak biltzea pentsatu nuen, baina blogerako ikuspegi orokor batekin aski izango dela uste dut. Gero, norbaitek arloren bat sakondu nahi izango balu, abiapuntu gisa balio lezake honek.
Jakina den bezala, zenbait ezaugarri belaunaldiz belaunaldi transmititu egiten dira bizidun espezie bakoitzaren barruan. Gizakia betidanik ahalegindu da gaur egun genetika izenez ezagutzen den esparru horren mekanismoak ulertzen. Hala, Hipocrates eta Aristoteles bezelako filosofo greziarrek transmisio biologiko horren inguruko lehen teoriak proposatu zituzten.
Filosofo horien ostean ordea, Erdi Aroko iluntasuna tarteko, teoria horiek mende luzez erabat ahaztuta gelditu ziren, eta gaiari buruzko eztabaidak ez zuen aurrera egin. XIX. Mendean Gregor Mendelek garatu zuen belaunaldiz belaunaldi informazioa transmititzeari buruzko lehen teoria zientifikoa. Brnoko agustindar monastegian bizi izan zen fraile honek, ilar landare ezberdinekin egindako esperimentuen bidez, transmisio hori nola gertatzen zen eta lortzen ziren ezaugarrien (hostoen kolorea, hazi leun edo latzak izatea…) proportzioak azaldu zituen.
Bere emaitzak justifikatzeko, aztertutako ezaugarri bakoitza bi unitateren ondorioa zela adierazi zuen. Horietako bakoitza landarearen gurasoen obulu edo polenetik jasoa zen, eta beren izaeraren arabera, ondorengoak ezaugarri bat edo beste garatuko zuen. Izan ere, ezaugarri unitate batzuk azpirakorrak ziren bitartean, besteak gainhartzaileak ziren, eta hala, beren aurrekoengandik jasotako informazioa ezberdina zenean, bi horietako bat gailentzen zen.
Genetikaren booma
1953an Watson eta Crick-ek ADNaren helize bikoitz egitura aurkitzean, Mendelen legeak ahalbidetzen zituen egitura agerian gelditu zen. Izaki bizidunak ezberdintzen zituen egitura aurkitu zela zirudien. Neurri batean hala zen, DNAn kodetuak baitzeuden bizidun bakoitzak izango zituen ezaugarrien arduradun nagusia ziren proteinak, gene bat proteina edo ezaugarri bakoitzerako. Mendelek proposatu bezala, informazio guztia bikoizturik zegoen, eta DNAren bi helizeak elkarren osagarriak ziren. Dudarik gabe, helizeen izaera osagarri horrek zelulen zatiketa eta DNAren irakurketa mekanismoarekin lotura zuzena zuen. Halaber, irakurketa hori deskodetzeko, ezinbestekoa izan zen kode genetikoa ezagutzea, hau da, DNA osatzen zuten lau base nitrogenatu ezberdinen (adenina, guanina, zitosina eta timina) eta kodeturiko proteina osatzen zuten hogei aminoazidoen arteko erlazioa ezagutzea.
Era berean, aurkikuntza horrek belaunaldiz belaunaldi geneak nola pasatzen ziren agerian utzi zuen. Hala, hurrengo urteetan bizidun espezie ezberdinen genoma edo mapa genetikoa ikertzeari ekin zitzaion. Zalantzarik gabe, gene bakoitzak zein ezaugarri kodetzen zuen jakitea oso lagungarria izango zen ikerlarientzat. Honek biologia molekularraren eta genetikaren nolabaiteko loraldia ekarri zuen. Hala, 2003an gizakiaren genoma deskodetu zutela jakin genuen. Medikuntzarako izugarrizko aurrerapausoa omen zen hura: gaixotasun bat gene jakin batekin erlazionaturik bazegoen, berau aldatu eta kitto. Hori egiteko bidea aurkitzean zetzan gakoa.
Genetikaz haratago
Baina ikerketek erakutsi dutenez, kontua hasieran uste baino askoz korapilatsuagoa da. Azken finean, kromosoma bat DNA kate bikoitz bat baino askoz gehiago da, eta geneetatik proteinetarako bidean, kodea transkribatze hutsa baino zerbait gehiago egin behar da. Nola ulertu bestela DNA erabat berdina duten bixkietako batek gaixotasun genetiko bat garatzen duen bitartean, besteak halako arazorik ez izatea? Edo, zer gertatzen da zigotoko zelulak espezializatzen hasi eta bakoitzak DNAren gene batzuk soilik transkribatzen dituenean? Genetikaren ostean epigenetika datorrela esan daiteke.
Conrad Hal Waddington izan zen 1942an hitz hori estreinakoz erabili zuena. Bere etimologiak dioen bezela, epigenetikak geneen gainean (epi) gertatzen dena aztertzen du. Labur esanda, ADNa aldatu gabe inguru baldintzek geneetatik proteinetarako bideari nola eragiten dioten aztertzen du. Izan ere, zelula motaren edo adinaren arabera, pertsona baten geneetako batzuk itzalita edo desaktibatuta egon daitezke, eta inguru baldintzek (hormonek, klimak, dietak, estresak…) aktibazio/desaktibazio prozesu hori baldintza dezakete.
Aipaturiko geneen aktibatze/desaktibatze horretarako mekanismo epigenetiko ezberdinak ezagutzen dira: ADNaren metilazioa, kromosomen egitura ahalbidetzeko ADNa trinkotzen duten histonen eraldaketa, geneetatik proteinetarako bitartekari gisa jokatzen duten ARN kate txiki osagarrien osaketa… Hain zuzen ere, goian aipaturiko inguru baldintzek aktibazio/desaktibazio prozesu hauek erraztu edo oztopatu ditzakete, proteina jakin baten sintesia baldintzatuz, eta hala, gaixotasun jakin baten agerpena eraginez.
Esan bezela, epigenetikak ADNaren sekuentzia aldatzen ez duen heinean, ez luke belaunaldiz belaunaldi pasatzen den herentzia genetikoan eraginik izan behar. Edonola ere, marka genetiko batzuk (lehen aipaturiko metilazioa kasu) belaunaldi batetik bestera mantendu egiten direla ikusi da.
Ikerketek erakutsi dutenez, zenbait generen aktibatze/desaktibatze horrek zerikusi zuzena izan dezake minbiziarekin. Halaber, nerbio sistemako zelulen ezaugarri bereizgarriak kontuan hartuta, neuroepigenetika ere ikerketa lerro askoren jomuga bihurtu da, gaixotasun neurologiko zenbait ulertzeko giltza izan daitekeela uste baita.
Beraz, arrazoi bategatik edo besteagatik genetikarekin erlazionaturiko ikerketak ohikoa baino arreta haundiagoz jarraitzen dituen jendearentzat etsigarria izan badaiteke ere, biologia molekularrak bukaerarik gabeko bide bat dirudi. Azken batean, gaixotasun baten sendabidean ustez giltzarri izan behar zukeen ezagutza bat lortzeak, aldiro galdera berriak sortzen ditu; labirintoaren bukaerara iritsi bide garenean, beste ehundaka bide agertuko balitzaizkigu bezela. Funtsean, hori da ikerketa mundua hain kilikagarri egiten duena, etengabe ikergaiaren ezagutza gehiago sakontzera garamatzana. Halaber, ezin dugu ahaztu honek guztiak osasun arazo zenbaiten sendabidearekin lotura haundia izan dezakeela. Hortaz, enpresa farmazeutikoen interesei aurre egin eta ikerketa hauetara bideraturiko dirua ongi erabiltzeak berebiziko garrantzia dauka.