Errealitate bilakatutako ametsak

Iñaki Petxarroman / 2016-11-27 / 1150 hitz

Fidel Castro buruzagiak gidatuta duela 50 urte nagusitu zen prozesu politikoak izan ditu lorpenak eta baita hutsuneak ere. Osasunean eta hezkuntzan egindako aurrerapenak dira nabarmenenak.

Mundu mailako erakunde ugarik aitortu dituzte Kubak osasunean eta hezkuntzan azken hamarkadetan egindako aurrerapenak. Gizartearen beste alor batzuetan, baina, arazoak ez dira falta, besteak beste, etxebizitzan, garraioan eta kontsumorako gaien horniduran.

LORPENAK

OSASUNA

Kubako Iraultzaren lan handienetakoa izan da herritar guztien osasunaren eskubidearen alde lan egitea. Gaur egun, bi datu dira adierazgarri, hamarkada askotan egindako lan mardul horren fruituak ikuste aldera. Kuban jaiotzen diren mila umetatik 4,3 hiltzen dira. Kopuru hori Ameriketako Estatu Batuetan dagoenaren azpitik dago (6,17). Iraultza nagusitu aurretik, jaiotzen ziren mila umetatik 60 hiltzen ziren Kuban lehenengo urtea bete baino lehenago.

Osasunarekin lotutako beste datu adierazgarri bat da Kuban gaur egun biztanleek duten bizi itxaropena altua: 79,4 urte. Europako Batasunean, esate baterako, 78,1 urteko bizi itxaropena dute herritarrek. Iraultza nagusitu zenean, 60 urte bizi ziren batez beste kubatarrak. Inguruko herrialde batzuetan dagoen egoerarekin alderatuta, esaterako, Brasilen 74,4koa da bizi itxaropena; Dominikar Errepublikan, 73,5; Bolivian, 68,3; eta Haitin, 62,7.

Horrez gain, aipagarria da Iraultzak herritar guztiei osasun arta egoki bat eskaintzeko egin duen lana. Iraultzaren aurretik zegoen mediku bakoitzeko 12,5 daude gaur egun uhartean, 75.000 guztira, eta horrez gain, 32.000 gazte ari dira medikuntza ikasten. Bidenabar, aspalditik Kubako medikuak ari dira lanean munduko herrialde askotan 50.000 langile, mediku, erizain eta bestelako osasun profesionalen artean), eta hamar urteko epean 100.000 gazte latinoamerikarrek ikasi dute medikuntza Habanako medikuntzako nazioarteko eskolan. Gaur egun medikuak eta osasun azpiegiturak daude Kubako txoko guztietan, baita Sierra Maestrako mendialdeko lekurik bakartienetan ere. Osasun zerbitzu guztiak doakoak dira.

Kubak desagerrarazi ditu honako gaitz hauek: paludismoa, poliomilitisa, jaio aurreko tetanosa, difteria, elgorria, errubeola, parotiditisa, kukurruku eztula eta denge mota batzuk… Beste hauek, berriz, guztiz kontrolpean dituzte: tetanosa, meningitisa, B hepatitisa, legenarra, hemofilo bidezko meningitisa eta tuberkulosia. Minbizia eta gaitz kardiobaskularrak dira gaur egun Kubako herritarren heriotzaren eragile nagusiak, Europan eta munduko herrialde aberatsenetan bezalaxe.

HEZKUNTZA

Osasunarekin batera, Iraultzaren lorpen handia da hezkuntzarako eskubide unibertsala. Kultua izan aske izateko, Jose Marti independentziaren garaiko buruzagiak esandakoari jarraitu dio Kubako Gobernuak Iraultzaren hasieraz geroztik. Gaur egun, Unescoren arabera Kuba da unibertsitate matrikula tasarik handiena duen munduko herrialdea, %109rekin. Analfabetismoa guztiz desagertu zen Kuban Iraultza nagusitu eta gutxira —Iraultza aurretik %25ekoa zen—. Kubako edozein herritarrek aukera du haurreskolatik hasi eta unibertsitateraino nahi duena ikasteko, ezer gastatu gabe. 1.046 unibertsitate irakasle zeuden herrialdean 1959an, eta, gaur egun 100.000tik gora daude. Gainera, azken urteotan ahalegin handia egin dute unibertsitateak herritarrengana hurbiltzeko, eta Kubako hiri eta herri gehienetan egoitza unibertsitarioak daude. Kubatarrek aukera dute arte, musika, kirola edo gustuko duten edozein alorretan formazioa sakontzeko. Gainera, Latinoamerikako herrialde askotan ez bezala, genero parekidetasuna lortu du Kubak alor horretan.

ARRAZA ETA SEXU BAZTERKETA

Nahiz eta Kubako gizartean mendeetako arrazismoaren ondorioak bizi-bizirik izan gaur egun ere, Iraultzak oinarri sendoak jarri ditu kubatar guztien berdintasuna lortzeko. Beltzak, mestizoak edo txuriak izan, kubatarrek aukera berak dituzte Kuban. Iraultza nagusitu zen arte, arraza bazterketa agerikoa zen, eta banaketa ekonomikoaren gainetik zegoen gainera. Adibide argigarri bat jar daiteke beltzen bazterketa hau noraino heltzen zen adierazteko: Herrialdeko presidente Fulgencio Batista diktadoreari berari, mestizoa izanda, ez zioten uzten sartzen Habanako hainbat dantzaleku eta kasinotan. Antzekoa esan daiteke gizon eta emakumeen arteko berdintasunari dagokionez ere. Kubako gizartearen kultur oinarria oso matxista da oraindik, baina emakumeek gizonek adina aukera profesional dituzte, alor askotan. Beste kontu bat da, Iraultzaren teoriaren eta errealitatearen arteko arrakala ere handia dela. Izan ere, oraindik ere, estatuaren eta alderdiaren goi karguak txuriak eta gizonak dira, eta espetxeetan dauden gehienak beltzak eta mestizoak.

LURRA ETA BALIABIDE EKONOMIKOAK

Iraultzak aurrera eramandako nazionalizazio prozesu ezberdinen ondorioz, gaur egun Kubako nekazari guztiek dute lur zati bat landu ahal izateko. Iraultzaren aurretik zegoen oligopolioaren arrastorik ez dago inon ere. Horrez gain, herrialdearen natur ondasun eta aberastasun iturriak kubatar guztienak dira, eta, ondorioz, denen artean banatzen dira aberastasunak. Besterik da lurrari ateratzen zaion produktibitate eskasa. Izan ere, oraindik ere milaka eta milaka lur hektarea ez dira lantzen Kuban, zeinek landu ez dituelako. Horri aurre egiteko, Raul Castroren Gobernuak hainbat neurri hartu ditu, lur bat lantzeko prest agertzen den edozein kubatarrek horretarako lur zati bat izan dezan. Politika horrek emaitza apalak eman ditu oraingoz, eta tentsio handiak eragin ditu azken urteotan, merkatu beltzaren eraginaren ondorioz, prezioen gorakada handiak gertatu direlako.

LORTU GABEKOAK. ETXEBIZITZA

Kubako Gobernuaren mezu ofiziala bada ere Iraultzak lortu duela Kubako herritarren %85ak euren etxebizitzaren jabe izatea, nabaria da oraindik ere alor horretan behar handiak daudela uhartean. Horren adibide nabarmena da 2008ko hiru urakanek herrialdean utzitako desmasiaren arrastoa. Gazteen Uhartean, esaterako, etxebizitzen %80 guztiz birrinduta geratu ziren urakanaren ondorioz. Haietako asko oso egoera eskasean zeuden. Ez da hain ezohikoa herrialdeko etxebizitza askotan bi edo hiru belaunaldiko herritarrak etxe bakar batean bizitzea. Gazteek ez dute etxebizitzarik eskuratzeko aukera askorik, eta haietan higiene falta eta gehiegizko pilatzea oso ohikoa izan ohi da. Habanako Historialariaren Bulego izeneko erakundeak hiri zaharrean egindako ikerketaren arabera, hiriburuko auzo horretan 22.000 etxebizitza daude, eta horien erdietan bizi baldintza txarrak daude: jende gehiegi, higiene falta… Lan handia egin du gobernuak eta hiriak auzo horretan, eta hobekuntza nabaria da azken urteotan. Kubako Gobernuak 2013an aitortu zuen lehen aldiz arazo larri bat dagoela eta 600.000 etxebizitza behar direla Kuban. Gainera, eraikin askotan berrikuntza sakonak beharko lirateke oinarrizko baldintzak betetzeko.

SOLDATA ETA OINARRIZKO BIZIMODUA

Kubako estatuak oinarrizko produktuen saskia eskaintzen die kubatar guztiei: arrautzak, ogia, arroza, babarrunak, oilaskoa… Alabaina, saski horrekin, ezin da asetu herritarren hilabete osoko beharra. Hortik aurrera, nork bere soldatarekin ordaindu behar ditu gastuak. Kubako batez besteko 24 dolarrekoa da, eta horrekin zaila da oinarrizko bizimodua aurrera eramatea, kontuan hartuta gastu ugari daudela: garraioa, jantziak, etxeko gastuak (ura, argindarra, etxeko konponketak…). Ondorioz, Kubako toki askotan oso ohikoa da herritarrak merkatu beltzean jardutea, eta estatuari baliabideak hartzea nork bere bizimodua lagundu ahal izateko. Izan ere, estatuak ematen duen soldatarekin ezin da eroso bizi gaur egungo Kuban. Hala ere, dolarra legeztatu zenetik —gaur egun Kubako peso bihurtzailea (CUC izenekoa)— gizartearen sektore gero eta zabalagoen arteko ezberdintasun ekonomikoak sortzen ari dira, eta horrekin, nolabaiteko elite sozialak ari dira garatzen. Gainera, ugari dira lanik egin gabe bizi diren herritarrak. Egoera horri aurre egin beharra aipatu du Raul Castrok behin baino gehiagotan, baina ez du lortu arazoa konpontzea.

GARRAIOA ETA AZPIEGITURAK

Kuban 54 auto daude 1.000 biztanleko, gutxi gora behera, alegia, munduko tasarik apalenetako bat. Hori ez litzateke berez txarra baldin eta garraio publikoz mugitzeko erraztasuna balitz. Baina ez da hala, Kubako hirigune handietan zailtasun eta hutsune nabarmenak daude alde horretatik. Trenik ez, autobus zerbitzu eskasak —beti beteegiak—, taxiak kubatarren ahalmen ekonomikotik kanpo… Mugitzea eguneroko buruhauste bilakatu da kubatar askorentzat, eta, kontuan hartu behar da askok, lan kontuak direla eta, mugitu egin behar dutela. Azken urtean hobekuntza dezentea gertatu da Habanan eta herrialdeko hiriburu nagusietan, Txinatik ekarritako autobus ugari jarri dituztelako martxan.

PROSTITUZIOA

Kubako 1959ko Iraultzak hasi eta berehala egin zuen gauzetako bat izan zen prostituzioa ezabatzea. Izan ere, bazen ustea AEBen prostituzio etxea bilakatu zela Batista garaiko Kuba. Iraultzak ezabatu, eta hamarkada luzeetan ez da jineterismorik izan, 1990ko hamarkadako krisi larria heldu zen arte. Gaur egun, batez ere turismoarekiko lotutako prostituzioa oso hedatua dago Kubako hirigune batzuetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.