Xabier Rico Urtado / 2016-11-17 /427 hitz
Asko hitz egin eta idatzi da eskolako etxeko lanei buruz, eta, azkenaldian, bolo-bolo dabil komunikabideetan. Zenbait guraso elkartek adierazi dute etxeko lanei boikota egitearen beharra. Alta, gai polemikoa da eta dikotomiaz beterikoa. Izan ere, adar asko ditu eta, muturretaraino eramanda, jarrera eta planteamendu pedagogiko-filosofiko kontrajarriak ageri daitezke.
Planteamendu kontserbadore batetik abiatuta, etxeko lanak erabili ohi dira eskolan landutakoaren errepasoa eta hausnarketa lantzeko, oinarrizko ezagupenak finkatzeko, azterketak prestatzeko edota lan ohiturak mantentzeko. Hori dela eta, askotan ikasketa memoristikoak eskatu izan dira, baita «bete-lan» itxurako fitxak osatzea ere, edota testu liburuekin batera, osagarri gisa, argitaraturiko lan-koadernoak betetzea.
Planteamendu aurrerakoi batetik aztertuta, berriz, etxeko lanak egitea baino gehiago, bizitzarako gaitasunetan prestatzea izango litzateke helburu nagusia eskolatik kanpoko ekintzena ere, betiere ikaslearen interesa pitzaraziz eta bizitzarekin lotura duten hainbat ekintza eta hausnarketa eginez: informazioa bilatu, inkestak egin, helburu komunikatiboak dituzten idatziak irakurri eta errepasatu, materialak bilatu eta sortu… Adibidez: gutunak, bertsoak, ipuinak, antzerkiak, planoak, maketak, esperimentuak…
Dena dela, etxeko lanen kontrako argudiorik nagusiena izango da ikasleek denbora gehiegi erabili behar izatearena lan horiek burutzeko. Adinen arabera badaude hainbat proposamen eta hainbat ikerketa eginda, batez beste erabili beharreko denborari buruz.
Hainbat herrialdetan legez debekatzen hasi dira etxeko lanak adin jakin batera iritsi arte, eta debekatuta ez dauden tokietan mugimendu asko sortzen ari dira hori lortzeko. Nire ustez, debekatu baino gehiago, ondo definitu beharko litzateke zeintzuk diren lan mota egokiak eta zeintzuk ez. Muga oso irristakorra denez, eta irakasle bakoitzak bere erara interpreta dezakeenez, ez da erraza izango zehaztapena adostea. Baina saiakera merezi duelakoan, eskola komunitateak ondo zehaztu beharko ditu oinarrizko irizpideak ikastetxearen barneko araudian. Hartara, eta Hezkuntza Sailak araututa, ikastetxe guztiek eduki behar dute gai hori definituta Antolakuntza eta Jarduera Araudia (AJA) izeneko dokumentuan.
Eskola komunitatea dela eta, irakasleek, profesionalak diren neurrian, rol nagusia jokatzen dute, baina gurasoek ere, jakina, badituzte zeregin eta erantzukizun handiak. Haien laguntza funtsezkoa baita ikaslearen ikas-prozesuaren garapenean. Laguntza diogunean, zentzu zabalean hartu behar da. Haiek ez baitira irakasleak. Beraz, ez dute zertan edukiak ezagutu, eta horregatik ez dute gaizki sentitu behar.
Gurasoek honako eginkizun eta betebehar hauek dituzte: ikastera motibatzea, kuriosoak izatea sustatzea, interesa erakustea, informazio osagarria bilatzea, kritikoak izatea… Eskolako gaiez interesatuz, errefortzu positiboak emanez, zorionduz eta animatuz gurasoek askoz gehiago lortuko baitute zigor edo mehatxuen bidez baino.
Oro har, bai eskola orduetan bai eskolatik kanpoko orduetan ere, ikasleak ikasteko gogoz mantentzea lortu behar dugu, autonomiaz ikasteko gaitasuna garatuz. Ikasteko lotura afektiboa baita mantendu beharreko helburu nagusia bizitza guztian zehar. Azken finean, ikasten ikasiz eta izaten ikasiz handitzen goaz; eta horrexegatik adineko pertsonak hiltzen hasten dira ikasteko, liluratzeko eta maitatzeko gaitasunak, besteak beste, galtzen hasten direnean.