Zuhaitz Ordoki / 2016-11-14 / 400 hitz
Matalaz pertsona aski ezaguna da abertzaletasunaren barruan, eta gure iruditerian Zuberoa eta bere herritaren interesak babestu zituen heroi gisa oroitzen dugu. Baina ez zait iruditzen soberan dagoenik bere inguruan kokapen txiki bat egin eta abesti batez hitz egitea.
Bernard Goienetxek Bordelen egin zituen apaiz ikasketak; Mitikileko semea bere herriko apaiz bihurtu zen ondoren. 1661eko ekainean hasi zen ezagun bihurtu duen matxinada. Errege borboitarrek neurri gero eta zentralistagoak hartu zituzten: Zuberoako foruari zegozkion eskubideak murriztu eta herri-lurrak nobleen artean banatzeko joera zabaldu zen. Zuberoako Gorteetan ordezkariek egoera hori zuzentzeko egindako saioek huts egin zuten; Zuberoako erakunde legegile nagusia ziren, 1737an disolbatu zituzten arte (Zuberoako tokiko erakunde ofizial guztiak ofizialki 1879an desagerrarazi zituzten). Matalazek zuzendu zuen herritarren matxinada, Eliza aurka zeukan apaiz harek.
Nobleak eta burgesia etsai, erasoa jo zuten lauzpabost mila lagunek. Sohütako etxe batzuk erre eta Mauleko hiria eta gaztelua setiatu zituzten matxinatuek. Agintariek laguntza militar handia bidali zuten, ordea, Bordeletik, eta errebolta zanpatu. Ihes egitea lortu zuen Matalasek, baina Jentañeko dorretxean, Urdiñarbeko herritik hurbil, hartu zituzten preso Matalaz eta bere laguntzaileak, eta Mauleko gaztelura eraman.
Azaroaren 8an hil zituzten Matalaz eta Roquehort Ibar ordezkaria, duela 355 urte. Burua moztuta hil zuten Matalas Lextarreko plazan, eta bolada batez ezarri zuten haren burua Mauleko sarreran, jende guztiaren erakusgarri. Hori bera du hizpide aipatu nahi dudan abestiak. Jendeak orokorrean dolü gabe ezagutzen du, Benito Lertxundik abesten duena. Baina bada beste kanta bat, ezezagunagoa, eta ene ustez ederra benetan: Matalazen hiltzea, Etxahun-Iruri koblakariak pastoral batean eskainia 1955ean, Euskal Herria den baina ofizialki kanpoan daukaten Eskiulako herrian. Ene uste apalean, kanta zoragarria, doinu solemnea eta letra gogorrak. Niko Etxartek, Amaia Zubiriak edota Imanol Larzabalek abestu izan dute.
Beste kanta abesteko ohitura daukazuenok badakizue, hemendik aurrera hau ere zabaldu tabernetan!
MATALAZ-EN HILTZIA
1
Argi leñhuria hasi zaikü agertzen
Lextarreko plazan khürütxe xürian
Erregeren ordrez harat Matalaz dua
Trixterik gaixua guardien artian
Bi eskik khatiraz nulaxe tinkatürik
Kriminelen gisa thian bizkarrian
Axko handiari büz hori zer lazkeria
Izigarrikeria ez denin ogendant
2
Ene Mitikile oi zer lekhü maitia
Banian deseña lüzaz bizitzeko
Zure boztariuan zure bake handian
Zure besuetan untsa gozatzeko
Jaun kunte txar batek ürgüllü ekhintia
Sobera zeitadan popüliarentako
Orai hil behar dit bainan nahiago düt
Hola eziz bizi Jaun horren esklabo
3
Adios Xibero zazpi probintzietako
En’uste orotan xokhorrik hobena
Orai heltürik da düdarik gabetarik
Jüjatü bezala en’azken orena
Dener pharkatzen düt Jinkuarek bezala
Begira dezen ene orhitzapena
Burreuak zier orai gomendatzen niz
Egin ezazie orai zien lana.