Juanmma Gallego / 2016-11-13 / 959 hitz
Egunean tabako pakete bat erretzeak biriketako zelula bakoitzean urteko 150 mutazio eragiten dituela aurkitu berri du nazioarteko zientzialari talde batek. Minbizia garatzeko arriskua handitzen bada ere, kontsumitzen jarraitzen da.
Ezaguna da tabakoak minbizia eta bestelako osasun arazoak eragiten dituela, eta, hala eta guztiz ere, ke grisak sei milioi lagun inguru hiltzen ditu urtean. Zientzialariek, ordea, ez dute amore ematen, eta, minbiziari aurre egiteko terapiak bilatzeaz gain, tabakoak eragindako kalteen inguruko datuak mahai gainean jartzen jarraitzen dute. Azken oharpena Science aldizkarian plazaratu berri dute Londresko King’s College Unibertsitateko, Wellcome Trust Sanger Institutuko (Erresuma Batua) eta Los Alamos Laborategi Nazionaleko (AEB Ameriketako Estatu Batuak) adituek. Milaka genoma aztertuta, tabakoak organoetan eragiten dituen mutazio zehatzak aurkitzeko gai izan dira zientzialariak. Ondorioztatu dutenez, egunean tabako pakete bat erretzeak urteko 150 mutazio eragiten ditu biriketako zelula bakoitzean. Horrez gain, tabakoak 97 mutazio eragiten ditu laringeko zeluletan, 39 faringekoetan, 23 ahokoetan eta hemezortzi maskurikoetan.
«Halako datuok ikusita, pentsa zenbat mutazio eragiten diren erretzaile baten bizitzan zehar», ohartarazi du ikerketan parte hartu duen Iñigo Martinkorena biologoak. Sanger Institutuko aditu honen esanetan, arazo larria da: «Birikak dira tabakoaren keak gehien kaltetzen dituena, baina eztarriak eta ahoak ere sufritzen dute, ehun horiek kearekin kontaktu zuzena dutelako». Ikerketa garatzeko, minbizi mota ezberdinek jotako 5.200 pertsonaren genomak erabili dituzte. «Lagun bakoitzeko bi lagin izan ditugu abiapuntu. Batetik, tumorearen genoma eta bestetik pertsonaren genoma orokorra, odoletik hartuta. Horien artean, erretzaileak eta erretzaileak ez direnak bereizi ditugu, eta informazio hori guztia ordenagailuen bitartez aztertu dugu», adierazi du Martinkorenak. Konparaketa horiek tabakoak zehazki eragiten dituen mutazioak zein diren jakiteko bidea eman diete zientzialariei.
«Minbiziak jota hiltzen direnen artean, %25 inguru tabakoari zuzenki lotuta daude, eta heriotza horiek saihestu litezke», azaldu du Martinkorenak. Minbizia garatzeko, noski, tabakoaz gain bestelako faktoreak ere badira: «Tartean, txiripa». Zentzu horretan, 80 urtez osasuntsu mantendu den aitona erretzailearen topikoa ekarri du gogora adituak. «Horrelako kasuak suerta daitezke, noski, baina beti ere gutxiengo bat dira. Kontuan izan behar dugu erretzeak 25 aldiz biderkatzen duela biriketako minbizia garatzeko aukera».
Topikoekin jarraituz, bada usu zabaldutako beste ideia bat: gorputzeko zelula gehienak urteen poderioz berritzen direla eta horregatik tabakoaren kontsumoak eragindako kalteak nolabait arintzen direla. «Hori ez da horrela», zehaztapena egin du biologoak. «Egia da zelulak berritzen direla, baina sortu diren zelula horietan ere hasierako mutazioak mantentzen dira, zelula zaharren erdibanaketatik sortzen direlako. Hamar urtez erre baduzu, biriketako zelula bakoitzean 1.500 mutazio izango dituzu, eta betiko izango dira».
Askatasun zuziak
XX. mendearen hasieratik, tabakoaren industriak hainbat sinesmeni hauspoa eman die bere negozioa mantendu ahal izateko. Kasurako, Ameriketako Estatu Batuetan mugimendu feminista manipulatzera ere ausartu ziren, Edwar Bernays harreman publikoetako adituaren bitartez. Garai horretako gizartean gaizki ikusita zegoen emakumeek espazio publikoetan erretzea, baina tabakoaren industriak merkatu horren beharra zuen. Gauzak horrela, zigarroak emakumeentzako «askatasunaren suziri» bilakatu ziren Bernaysek New Yorken zeharka bultzatutako manifestaldi ospetsu batean, eta horrek salmentak igo zituen.
Bigarren Mundu Gerraren ostean, ordea, tabakoaren arriskuez ohartarazten zuten ikerketak pilatzen hasi ziren, eta industriak estrategia aldatu zuen: adostasun zientifikoaren inguruko zalantzak zabaltzeari ekin zioten orduan. Horrelako adibide asko daude. Zigarroak berez adikzioa eragiteko eta arriskutsuak izateko diseinatzen direla uste du, esaterako, Zientziaren Historiako katedradun Robert N. Proctorrek. Standfordeko Unibertsitateko (AEB) aditu honek urteak daramatza tabakoaren industriak garatutako estrategiak ikertzen. Haren aburuz, administrazioek ere badute zeresanik. «Gobernuek ez dute erabaki egokiak hartzeko borondaterik, eta, agian, ezta erabaki horiek hartzeko ezagutzarik ere. Horregatik mantentzen da tragedia», kexu da. Tabakoaren industriak «munduko lobistarik boteretsuenak eta argienak» dituela uste du. «Gobernuak menderatzeko, eta haiengan eragina izateko».
70 estatu baino gehiagotan azaltzen dira tabakoaren kontsumoak dakartzan ondorio larriez ohartarazten duten mezu eta irudiak tabako paketeetan, OME Osasunaren Mundu Erakundearen aholkua jarraituz. AEBetan, ordea, ez da halakorik neurririk ezarri. Lege batek hala izan behar zuela finkatu bazuen ere, tabakoaren industriak helegite bat aurkeztu zuen, eta horren ondorioz testu hutsezko mezuak baino ez dira azaltzen paketeetan.
Georgetowngo Unibertsitateko Lombardi Comprehensive Cancer Centerrek hilabete honetan argitaratutako ikerketa baten arabera, horrelako irudi gogorrak oso eraginkorrak dira tabakoaren kontsumoa murrizteko. Zenbakiak ematen ere ausartu dira. Egin dituzten aurreikuspenen arabera, oharpen irudiak erabilita, hurrengo 50 urteetan Ameriketako Estatu Batuetan 652.000 heriotza saihestu litezkeela kalkulatu dute. Heriotza ondoriorik larriena bada ere, tabakismoaren eraginez dauden beste hainbat arlotan ere eragina izango luke neurriak. Tartean, pisu baxuko 92.000 haurren jaiotzean edota 145.000 jaiotza goiztiarretan. Australian, Kanadan eta Erresuma Batuan bildutako datuak baliatu dituzte AEBetan antzeko politika baten ezarpenak izango lituzkeen ondorioak kalkulatzeko. Izan ere, estatu horietan tabako paketeetan irudiak agertzen dira eta kontsumoa murriztu da azken urteotan.
Gaixotasun asko larriagotzen dituen arazoa da tabakoa. The Journal of Infectious Diseases aldizkarian hilaren hasieran plazaratu duten beste ikerketa baten arabera, GIB Giza Immunoeskasiaren Birusak jota dauden erretzaileen kasuan, tabakoak birusak berak baino eragin handiagoa dauka bizi itxaropenaren murrizketan. AEBetan helduen %15ek baino ez dute erretzen, baina kopurua %40ra handitzen da birusa duten andre eta gizonen artean. Horregatik, gaixotasunari aurre egiteko bidean tabakismoaren kontra jotzea lehentasun bat izan behar duela aldarrikatu dute ikertzaileek.
Glaukomari lotuta ere bai
Ahoa, eztarria eta birikak kaltetzeaz gain, orain arte ondo ezagutzen ez diren beste loturak agertu dira tabakoaren ondorioak aztertzean. Horren adibide da, tabakoa eta glaukoma lotzen dituen beste ikerketa bat; Nafarroako Unibertsitateak otsailean zabaldu zuen, eta Monica Perez de Arzelus oftalmologoak egin du. Glaukoma erretinan zelulak galtzen direnean sortzen den neuropatia bat da. Gaitz atzeraezina da eta itsutasuna eragin dezake. Zehazki, mundu mailan itsutasuna eragiten duen bigarren zioa da glaukoma. Perez de Arzelusek azaldu duenez, erretzeak glaukoma garatzeko arriskua handitzen du. Saihestu daitezkeen faktoreak bilatzeko, besteak beste, omega 3 gantz-azidoak eta kafeina ere ikertu zituen, baina, zalantzarik gabe, arrisku faktorerik handiena tabakoa dela aurkitu zuen. «%88ko erlazioa zegoen. Gainera, ikusi genuen gehien erretzen zutenen artean erlazio hori handiagoa zela. Oso korrelazio esanguratsua zen».
Lotura horren inguruan ikerketa gutxi daudela azaldu du adituak, eta datu kontrajarriak eskaintzen dituztela, gainera. «Gaur egun, protokolo medikuetan, glaukoma dutenei ez zaie beren-beregi gomendatzen tabakoa uzteko. Ikerketa gehiago egin beharko dira aurkitutako lotura hori baieztatzeko, baina espero dut etorkizunean horrek protokolo berriak ezartzeko bidea emango duela».