Maitane de Anitua / 2016/11 / 356 hitz
Kanabinoide sintetiko izenak nahasmenera eraman gaitzake ez baita kalamu satibaren substantzia berdina. Azkena landaretik eratorritakoa den bitartean, kanabinoide sintetikoak diseinuzko droga dira, hain zuzen ere, egitura kimikoetatik sortutako printzipio aktiboak dituzten substantzia multzo heterogeneoa, normalean landare-substantzia lehor itxuran poltsatxoetan gordeta saltzen direnak.
2015 urteko ekainean Ai Laket!! elkarteak Testing esku-hartze batean lehen aldiz substantzia hauekin topo egin bazuen ere, kanabinoide sintetikoen agerpena aurrekoa da. 2004 urtetik batez ere Interneteko orrialde berezietan salgai egon dira produktu eta egilearen araberako prezioekin edota izen ezberdinak hartuta (Spice, Skunk, Smoke, Yucatan Fire, Sence, ChillX, Gorillaz…), eta likido itxurakoak ere aurki daitezke zigarro elektronikoekin erabiltzeko.
Garrantzitsua da jakitea kanabinoide batzuetaz gain, bestelako substantziak ere izan ditzazketela kanabinoide sintetikoek, hala nola Canavalia MarĂtima (min arintzailea), Nymphaea Alba (narkotikoa), Nymphaea Caerulea (lasaigarria), Scutellaria Galericulata (narkotikoa), Pedicularis Densiflora (lasaigarria), Leonotis Leonurus (lasaigarria), Latifolia Zornia (psikoaktiboa), Leonurus Sibiricus (pizgarri eta lasaigarria), etab.
Eraginen inguruko ezagutza, ordea, mugatua da klandestinoki edo azterketa farmako toxikologikorik gabe sortuak izan daitezkeen substantzia batzuetaz ari garelako. Dena den, erabiltzaile batzuek aipatutako epe motzeko eraginen artean, denbora eta espazioaren hautematearen asaldura, euforia, barregura, lasaitasuna, nahasmen mentala, hipotentsioa, takikardia, ahoaren lehortzea, asfixia, izua edota sistema inmunologikoaren ahultzea deskribatu dituzte, eta dosi altuetan ikusmen eta entzumen asaldurak ere. Epe ertain eta luzeko eraginei dagokienez, logura, nahasmena, takikardia, dorpetasuna, urduritasuna, antsietatea, paranoia, zorabioa, goragalea, haluzinazioak, entzumen asaldurak edo gonbitoak adierazi dituzte, eta ondorio larrienen artean intoxikazioak eta heriotzak izan dira Europan.
Legezkotasunaren inguruan, substantzia alegal bezala izendatu ditzakegu, kanabinoide sintetiko guztiak fiskalizatuta ez daudelako, eta fiskalizatutako substantzien zerrendak herrialdearen arabera ezberdinak direlako.
Ondorioz, kanabinoide sintetikoak hartzeko ideia izanez gero, arriskuak murrizteko hainbat neurri zehatz hartzea gomendatzen da. Hasteko, kalamu satibarekin ez nahastea (hasieran esan bezala, eragin batzuk antzekoak izan arren substantzia ezberdinak direlako), hartu aurretik laginaren analisia egitea konposaketa zehatza ezagutzeko (konposaketa etiketan jartzen duenaren ezberdina izan daitekeelako), froga gisa dosi txikiarekin hastea, testuingurua ziurra izatea, bestelako substantziekin ez nahastea edo aho-bidezko erabilera saihestea (nahiz eta erretzearen bidea ere erabat ziurra ez izan).