Mikel Garcia Idiakez / 2016-12-19 / 266 hitz
Ingalaterrako Futbol Federazioak gomendio sorta dauka webgunean, neskak futbolera erakartzeko: txilibitu arrosak erabiltzea arbitratzeko, kamiseta koloretsu eta usain onekoak eskaintzea, neska asko baloi pisutsu batek joko dituen beldur direla iritzita entrenatzaileek baloi txikiagoak erabiltzea, partiduan zehar mugikorrak kontsultatzeko tartea uztea, jokoan etenak egitea neskak sare sozialetan aritu ahal izateko… Mezu iraingarri horiei tinko erantzun diete eskola bateko futbol taldean ari diren neskek.
Haurrek eskutitza idatzi diote Federazioari: “Ez gara Barbie burugabe eta txolinak eta denok ez dugu kolore arrosa gustuko, ez ditugu txilibitu arrosak behar futbolean aritzeko”, dio ikasleetako batek eskutitzean. Mugikorra etengabe begiratzeko beharrik ere ez dutela gehitzen du beste batek, eta ez dituztela baloi txikiagoak behar: “Ez gara baloiaren beldur”. Federazioaren aholku zentzugabeak desmuntatzen doaz eskutitzean, azaroaren 28an bidalia. Oraindik ez dutela erantzunik jaso adierazi du irakasleak.
Gomendioak, ikerketa baten emaitza omen
Futbolera animatzeko deiak non jarri ere zehazten du Federazioak: “Neskak gustuko dituzten lekuetan, kafetegietan eta komunetako ate atzean”. Baina ze jende dago Federazioan? Ba ote da emakumerik? Bertako inori ez al zaizkio aholku hauek sexistak eta lotsagarriak iruditu? Euren esanetan, ikerketa baten eta jasotako feedbackaren emaitza dira aholkuak. Ez dakigu norekin hitz egingo zuten, baina ziur gaude edozein adituk gomendio eraginkorragoak helaraziko dizkiela, hasi hedabideetan emakumeen kirolak duen presentziatik eta eskola-kirolean egin daitekeen guztiraino.
Boligrafo arrosa, emakumeek irrikaz espero zutena azkenean!
Tamalez, txilibitu arrosaren ideia ez da hain harrigarria, kiroletik kanpo ere marketin arrosa bultzatzen delako maizegi: edozein produkturi kolore arrosa gehitu eta hara, emakumeentzako produktu bihurtzen da, hori bai, garestiago. Bic boligrafo konpainiak emakumeentzako boligrafoa atera zuenean, hitz gogoangarriak eskaini zizkion Ellen Degeneres umorista estatubatuarrak. XXI. mendean, txiste txar bat dirudielako.