Edu Lartzanguren / 2016-12-13 / 1170 hitz
Urterik beroena izango da 2016a, NBEren arabera. Artikoko ura ohi baino 20 gradu beroago egon da azaroan, eta Lurra are gehiago berotuko duten bi fenomeno egiaztatu dituzte egunotan.
Itsasoko izotzaren mapa egiten du Rasmus Tage Tonboek Danimarkako Meteorologia Institutuan. Hark ohartarazi du mundua azken hilabeteotan Artikoan gertatzen ari denaren inguruan. Urte luzeak darama datu horiek jasotzen, eta aurten, azkenean, lortu du prest izatea jendaurrean aurkezteko. «Aurten ohi baino askoz goizago apurtu zen izotza Artikoan, Baffingo badian eta Barents itsasoaren inguruan», esan du. «Izotzik gabeko ura asko berotu da udan, eta ohi baino askoz epelagoa egon da udan». Fenomeno ezagun batengatik gertatzen da hori: izotzaren kristalek urak baino askoz hobeto islatzen dituzte eguzkiaren izpiak. Artikoko ur sakon ilunak, ordea, izotzak baino askoz hobeto xurgatzen du eguzkiaren erradiazioa, eta, ondorioz, askoz gehiago berotzen da. Gurpil zoroa gertatzen ari dela egiaztatu dute Tonboeren datuek: berotu ahala, izotz gutxiago dago, eta izotz gutxiago egonik, gehiago berotzen da. Elkar elikatzen duten osagaiak dira.
Izotza sortzen ari da oraintxe Artikoan, baina normalean baino geldoago. Azaroan, normalean baino 15-20 gradu beroago egon da Artikoko ura (-25 gradu egon beharrean, -5 gradu). «Izotza sortu aurretik, ura izozte puntuaren azpitik hoztu behar da, eta, aurten, denbora gehiago behar izan du. Oraindik ere, itsaso garbia dago garai honetan izotza egon ohi den tokietan». Tonboek ez daki zergatik hautsi zen horren goiz izotza aurtengo udaberrian. Baliteke gertatu izana oso mehea zelako. Baina baliteke El Niño fenomenoaren eragina izatea ere.
Azken aukerak pentsarazi dezake 2016a urte xelebre bat besterik ez dela izan. Baina urtez urteko neurketek bestelako erretratua egin dute: joera argia da. «Aspaldi ari gara ikusten: azken hamar urteetan izotzaren eremua asko murriztu da, eta tenperaturaren igoera Artiko osoan gertatzen ari da».
Lur azpiko gasa
Baina Tonboeren grafikoa ez da udazken honetako albiste txar bakarra. Munduko klimaren orain arteko oreka amildegiaren ertzean dagoela ondorioztatu du Thomas Crowther Yale unibertsitateko (AEB) biologoak eta klima aldaketaren ekologian adituak.
Beroketak eragindako zoruaren karbono isurketak neurtzen artikulua argitaratu du Nature aldizkarian, beste 25 zientzialarirekin batera. Ondorioztatu dutenez, planetaren tenperatura bi gradu igotzen bada, zorutik beste 55.000 milioi tona CO2 isuriko dira atmosferara 2050. urterako. «Orain arteko ikerketek lur eremu txikiak aztertu dituzte, eta leku batzuetan emaitza bat lortzen zuten, eta beste batean, kontrakoa». Horren eraginez, zientzialariek ez zekiten fenomenoa benetan gertatzen ari ote zen. Crowtherren taldeak egin du lehen ikerketa globala gaiaren inguruan. «Lehen aldiz, egiaztatu ahal izan dugu sekulako karbono [dioxido] isurketa gertatzen ari dela zorutik». Zenbat gas ari den aireratzen neurtu dute.
Zientzialariak aspaldi dabiltza kezkatuta permafrostarekin. Artikoaren edo Antartikoaren inguruko guneetan gertatzen da zorua urte osoan izoztuta egotea, baina baita oso leku garaietan ere. Lurra berotzeagatik lur horiek urtzen badira, haietan harrapaturiko materia organikoa ustelduko da, eta milaka urtez harrapatua izan duten CO2 askatuko dute atmosferara. Baina Crowtherrek esan du arazoa ez dela bakarrik permafrosta. «Carbono isurketa Frantziaraino heltzen da». Logikoa da: zenbat eta epelago, orduan eta biziago daude materia organikoa deskonposatzen dabiltzan mikroorganismoa, onddoak eta zomorroak, eta lan gehiago egiten dute.
Mugimendu gehiago, beraz, zoruan. Baina horrek ere sustatu egingo du landareak gehiago haztea eta, ondorioz, CO2 gehiago xurgatzea. Ez al du fenomeno horrek orekatuko arazoa? «Ez», erantzun du azkar Crowtherrek. Izan ere, euren ikerketak argi erakusten du landaredia ez dela lurretik ateratzen den karbono dioxidoa xurgatzeko adina haziko. Airean CO2 gehiago egoteak gehiago azkartzen du landareen hazkuntza, bai, baina planetaren berotzearen inguruko proiekzio guztiek kontuan hartzen dute dagoeneko fenomenoa. «Gure ikerketak erakutsi duen CO2 estra hori, berriz, ez dago sartuta ereduetan», ohartarazi du.
Panorama katastrofikoa iragarri dute bi ikerketok. Horrek, ordea, ez al du are gehiago sendotuko klima aldaketa saihesteko dagoeneko berandu dela uste dutenen tesia? «CO2 gehitzeak eragin esponentziala du, ikusi dugunez, baina, era berean, CO2 murrizteko egiten diren ahalegin guztiek ere, eragin esponentziala dute». Ikertzaileak argi du ezingo dela prozesua gelditu datozen hamarkadetan, baina uste du mugatu ahalko dela «eskuetatik erabat joan ez dadin».
Oharrak ohar, eta joerak joera, zientzialarien komunitate osoa dago harrituta aurtengo urteko tenperaturarekin, ikertzaileak esan duenez. «Ez gara gauza izan horrenbestekoak izango zirela aurreikusteko, euren burua elikatzen duten fenomeno hauek ereduetatik kanpo utzi ditugulako».
Artikoa urrun egongo da, baina tenperatura dantza aspaldi ari da sentitzen euskal kostaldean ere. «Panorama oso iluna da», esan du Jose Maria Gorostiaga. Landareen Biologia eta Ekologia irakaslea da EHUn. Haren arabera, azken 30 urteotan gradu bat igo da tenperatura Bizkaiko golkoan, batez beste. Normalean 22 gradu izaten du urak udan, baina 2003an 26,5era heldu zela gogoratu du Gorostiagak. «Kate efektua du horrek», esan du. Kostaldeko gelidium itsas-belar larreek kalte handia jasan dute, eta arrain askoren bizileku dira. «Horrek kate trofiko osoari eragiten dio. Guk ere sumatuko dugu».
Itsas azpiko aldaketak jende gutxik ikusten ditu, eta lehorrekoak ez dira sumatzen horren azkar: «Inertzia moduko bat dago landaredian; denbora gehiago behar du aldatzeko», azaldu du EHUko Javier Loidi biologoak. Landaredian sumatzeko hamarkadak beharko direla gaineratu du. Euskal kostaldeak Kataluniakoak bezalako klima izango duela iragarri du. «Katastrofista naiz epe luzerako, ez motzerako».
Hondartzara joateko moduko eguraldia, baina hondartzarik agian ez. Paduretan eginiko neurketen bidez ondorioztatu dutenez, itsas mailak bi milimetro egin du gora XX. mendean. Ez du asko emango, baina aurreko 7.000 urteetan baino lau aldiz gehiago dela gogoratu du Elisa Sainz de Murietak. BC3 Klima Aldaketarako Euskal Zentroan dabil geologoa, klima aldaketak gizartean eta ekonomian eragingo dituen kalteak aztertzen. Aukera okerrenen arabera, 41 eta 57 zentimetro artean igoko da euskal kostaldean «Gero eta azkarrago ari da igotzen», esan du. «Horri gehitu olatuak eta galernak», ohartarazi du.
Ihobek egin du horrek guztiak ekarriko dituen kalteen kalkulua: Bilbon uholdeak gertatuz gero, kalteak %56 handiagoak izango dira, dirutan, eta, Amurrion (Araba), %15 handiagoak. Bi adibide besterik ez dira. Hiriak horretarako nola prestatu aztertzen lanean ari dira Sainz de Murieta eta lankideak. «CO2 isurketak murriztuta ere, kaltea pairatuko dugu, klima aldaketaren inertziaz. Horregatik da ezinbestekoa prestatzea eta moldatzea».
Garai latza da klima aldaketaren kontrako borrokarentzat. Atmosferara CO2 gehien aireratzen duen herrialdeko batean, AEBetan, eszeptiko bat jarriko dute presidente: Donald Trump. Crowther ikertzaile estatubatuarrak ez du ezkor izan nahi: «Trumpen politikak kanpainan esan duenaren antzekoak badira, orduan hondamendia izango da gizateria osoarentzat. Baina, behin bozak irabazi ondoren, baliteke agian entzutea zientzialarien gehiengo handiaren aholkuei». Horrela eginez gero, aurreko edozein presidentek baino gehiago lagunduko dio klima aldaketaren kontrako borrokari, «eszeptiko izandako bat gaia serio hartzen ikusteak klima aldaketan sinetsi ez duten milioika pertsonengan sekulako eragina izan dezakeelako».
Udaberrian egon zen Tonboe danimarkarra Groenlandian azken aldiz, eta, han, zuzenean ikusi zituen egoerak bertakoei eragiten dizkien arazoak. «Groenlandiako ipar mendebaldean dabiltzan ehiztarientzat motzagoa da izotz gainean ibiltzeko moduko sasoia, eta arazoak dituzte ohiko hainbat lekutara heltzeko». Tonboen datuek argi erakusten dute: elkar elikatzen duten mekanismo indartsuak Artikoa berotzen ari dira, eta horrek planeta osoaren tenperaturari eragingo dio. «Ez da leku urrun batean gertatzen ari den gauza bat. Kezkatuta egon behar zenuke».