Gaztezulo / 2016/12 / 327 hitz
Feminismotik eta bazterretatik begiratzen du mundua Kattalin Miner kazetari eta idazleak. Igartza sariaren irabazle iaz, Berrian duen zutabetik zorrotz zaintzen ditu heteroarauaren eta patriarkatuaren mugak. Nola ligatzen ote du feminista batek?
Eta noizbait bero-bero jarri zaituen telesaila? The L word. Lehenengo aldia izan zen telebistan lesbianak ganoraz txortan egiten ikusi genituena.
Zure ustez, zita batean inoiz esan behar ez dena?
“Ni ez naiz ez matxista ez feminista…”. Agur.
Feminismoak ligatzen lagundu gaitzake? Nola?
Noski, hasteko hizketa gai oso interesgarria delako. Baina orokorrean esango nuke, feminismoak berak erakargarriago egiten gaituela denok.
“Sexuaz gehiago hitz egiten dugu, praktikatu baino” aipatu zenuen behin GAZTEZULOn; hala izaten jarraitzen du?
Kar kar kar! Ba ez dakit gehiago edo gutxiago, baina hala ere sexuaz hitz egitea oso garrantzitsua eta dibertigarria dela uste dut. Eta sarri gehiago ikasten da hitz egiten praktikatzen baino.
Euskal Herrian horren zaila al da ligatzea?
Uste dut mito bat dela hori. Desberdin ligatzen da beste leku batzuekin alderatuta, baina ligatzen da. Ni ere izan naiz sexilioan, eta kanpoan maitale bila aritu naiz, baina Euskal Herrian ligatu daiteke.
Gazteen artean geroz eta asexual gehiago daudela diote; hala ote?
Ba pena bat litzateke egia esan… Sexua gauza ederra da.
Ligatzeko abestiren bat gomendatuko zenuke?
Reggaetonarekin infinitura arte!
Zibersexuaren alde ala aurka?
Sexua den edozeren alde beti. Zibersexua gainera oso irudimentsua da, denok probatu behar genuke, serio.
Sextinga probatu al duzu noizbait?
Argazki sexualak bidaltzearena? Noski!
Larrutan egin duzun lekurik gogokoena?
Ohea gustatzen zait gehien, egia da, baina dibertigarriena unibertsitateko komunetako hura izan zen. Istorio luzea da…
Zein da inoiz egin dizuten proposamenik zoroena?
Bi hirien arteko erdiko puntu batean geratzea txortan egin eta etxera itzultzeko.
Eta baiezkoa eman al zenuen?
Noski. Gasolindegiak desberdin ikusten ditut ordutik.
Sexuan izan duzun esperientziarik gozagarriena?
Espazio publikoan izan zen; ez da publiko guztientzako modukoa…
Eta traketsena?
Moskatel botila bat hustu ondoren dena da traketsa…