Oparien atzean dagoena

Lander Muñagorri Garmendia / 2016-12-15 / 1.152 hitz

Jostailu gehienak Txinan ekoizten diren garai honetan, badira oraindik ere Euskal Herrian egiten direnak. Beste balio batzuk transmititzeko edo jostailu eredu berri bat sustatzeko egiten dituzte jostailu horiek. Horietako jostailu batek, gainera, nazioarteko merkatuetara iristea lortu du.

Abenduaren 25eko goizaldea gero eta gertuago dago, eta, ondorioz, baita Euskal Herriko haurrek opariak zabalduko dituzten eguna ere. Jaiki berritan korrika joango dira Gabonetako zuhaitzera, edo nonbait zintzilik dauzkaten galtzerdietara, eta bertan hainbat opari topatuko dituzte. Izena bilatu, eta azkar batean kenduko diote oparitako papera, atzean zer dagoen jakiteko irrikaz. Jostailuren bat topatuko dute ziurrenik, eta ilusioz beteko da haien aurpegia. Eszena hori etxe askotan errepikatuko da Eguberri egunez; dagoeneko klasiko bat da. Oparitako paperaren atzean zer dagoen ikusi ondoren, opariaren atzean zer dagoen begiratuko diote askok, eta Txinan egina dioen etiketa topatuko dute, ziurrenik. Baina, halakoekin batera, Euskal Herrian egindakoak diren jostailuak ere badaude merkatuan.

Askok garbi dute bertan ekoiztu nahi dutela. Hori da Oscar Encina Bertikal jolasaren sortzailearen kasua: «Nire jostailua egiteko finantzaketa bila joan nintzenean, bankuetan esan zidaten ideia gustatzen zitzaiela, baina ea zergatik ez nuen Txinan ekoizten, merkeagoa izango zela; ez nuen horrela nahi». Aretxabaletan (Gipuzkoa) dute egoitza nagusia, eta bertan muntatzen dute jostailua, hala erabaki zuelako: «Nik lanpostuak hemen sortu nahi nituen». Eta hala egin du. Lau langilerekin hasi zen, eta hamar ditu egun. Jose Mari Agirretxe Porrotx pailazoak ere garbi zuen bertan ekoiztu behar zituztela Katxiporreta elkarteak ekoizten zituen jostailuak, eta ahal duten guztietan hala egin dute. Bertako ekoizleekin jartzen dira harremanetan, ea buruan duten jostailua ekoiztu dezaketen, eta hala posible ez denean joaten dira kanpora. «Partxis bat egin nahi genuen, eta horretarako lau ekoizle ezberdinekin egin genuen lan». Sinergiak batuz, Euskal Herrian ekoiztea posible dela erakutsi du horrela.

Itziar Otsoa eta Eneko Gonzalezek ere eurek egiten dute dena. Ekilikua markarekin mahai jolasak sortzen dituzte Tuteran (Nafarroa) duten lokalean. «Inguruko inprenta batera eramaten ditugu, eta hemen egiten dugu dena». Bertan egindakoaren etiketa jarri eta merkaturatzea, beraz, posible dela erakusten dute adibide horiek guztiek. Baita Kromosomaren adibideak ere. Eva Diez de Isla eta Alberto Monroyk eskuz egiten baitute lan egurrezko jostailuak egiteko.

1. KROMOSOMA

Errenterian (Gipuzkoa) daukate tailerra Monroy eta Diez de Islak, eta bertan ekoiztea ezinbestekoa zaie. Eskulangileak dira biak, eta jostailuaren sortze prozesu guztia euren esku eta begien paretik igarotzen da. Bi urte dira tailerra sortu zutenetik, eta orduz geroztik azokaz azoka dabiltza euren jostailuak saltzen. Hori baino lehen, haurrentzako eskulangintza tailerrak ematen zituzten, eta ordutik ari dira haurrekin jolas tradizionalak lantzen. «Betiko jostailuak egiten ditugu, baina modernizatuta».

Baina jostailu horiek gehien eskatzen dutenak ez dira izaten haurrak. Hala dio Diez de Islak: «Esan daiteke jostailu mota hau aitona-amonei edo gurasoei gustatzen zaiela batik bat». Tradizionalak diren heinean, euren haurtzaroa gogorarazten die. Edozein modutan, haurrek ere jostailu horiek gustukoak dituztela argitu nahi izan du. Jostailu tradizionalen birsortze bat baitago, haren ustez: «Gaur egungo haurrak makinekin jolasten dira batez ere, baina, egurrezkoak ikustean, euren arreta bereganatzen dute». Berritasun bat izaten da haientzat askotan.

Horrekin guztiarekin kalea jolaserako esparru gisa aldarrikatzen dute euren jostailuekin. «Saiatzen ari gara jostailu tradizional hauek berpizten, baina zaila da», dio. Izan ere, aurkari gogorrak dauzkate parez pare. Baina oraindik betiko jostailuek eutsi egiten diotela dio. «Guraso edo aitona-amonen eskaera asko jasotzen ditugu, ea buruan duten jostailu hori egingo ote diegun». Horrela, hainbat jostailu berreskuratu dituzte.

2. KATXIPORRETA

Tradizionala berreskuratu baino gehiago, tradizioa aldatu nahi dute Katxiporreta elkarteak sortzen dituzten jostailuek. Gaur egun dagoen tradizioa, hain zuzen. «Saiatzen gara afektibitatea, maitasuna eta errealitate aukera guztiak azaleratzen jolasetan; nolabait esatearren, jolas hezitzaile eta ez-sexistak egiten», azaldu du Agirretxek. Horretarako beharra ikusi zuten elkartean, baina baita Euskal Herriko haurrei bertako erreferentziak sortzeko ere. «Gaur egun, haurrak jolastu daitezke Bob Belaki edo Pocoyo-rekin, ez dakit zein hizkuntzatan; baina hemengo batekin jolasten badira, ziur aski hemengo hizkuntzan egingo du». Horregatik erabaki zuten, besteak beste, Pirritx eta Porrotx pailazoen panpinak egitea, haurrek euskarazko erreferentziak eduki zitzaten. Nahiz eta panpina horiek espresuki ez izan bertan ekoitziak. «Txinan eginak dira, hemen ekoizpen handi bat egiteko aukerarik ez zegoelako». Baina, gainerakoan, saiatzen dira bertako ekoizleekin lan egiten.

Hain zuzen, Agirretxek gabezia hori ikusten du Euskal Herrian. «Euskalgintzaren inguruan badago mugimendu indartsu bat, baina ez dago enpresa edo elkargune indartsu bat elkarrekin halako produktuak sortzeko». Halako zerbaiten beharra ikusten du, bestela hankamotz geratzen delako hezkuntza. Gainera, sorkuntzarako gaitasuna egon badagoela dio, eta kanpoko erreferentziak euskarara ekarri baino hobe ikusten du bertakoak sortzea. «Kanpoko eredu eta balioak ekartzen ari zaizkigu, eta ez dago inolako galbaherik; modu bakarra da bertan gure hizkuntzan eta balioetan oinarrituta sortzea, hori ezin baita kopiatu».

Jolasen ekoizpena, ordea, egiten dituzten beste ekoizpenen pare jarri ditu Agirretxek. Hau da, diskoak, DVDak, merchandising produktuak eta liburuekin batera balio batzuk transmititu nahi baitituzte. «Edozein modutan, pailazoak gara, eta emanaldiak egitea da gure lana».

3. EKILIKUA

Katxiporretakoek bezala, Otsoak eta Gonzalezek ere ikusi zuten egungo hezkuntzan badagoela bete beharreko hutsune bat. Haurrekin hainbat tailer egiten zituzten duela zenbait urte, eta ikusten zuten material gabezia handia zegoela gai batzuk lantzeko garaian. Hau da, parekidetasuna, familia ereduak eta antzeko gaiak. Hori ikusita, Gonzalezi familia eredu ezberdinen inguruko jolas bat egitea bururatu zitzaion, eta aurrera egin zuten: «Ikusi genuen ezin genuela diru laguntzen menpe bizi, eta horrela hasi ginen jolas hori egiten».

Jolasen bidez ere hezi daitekeela iruditzen baitzaie. «Ezinezkoa da beste modu batean heztea; telebistak, jolasek edo helduek egindako edozerk euren mundu ikuskera transmititzen baitute», Gonzalezen arabera. Horregatik, jolasak ez dira neutroak, eta horregatik euren balioak transmititzeko lanean egiten dute lan Ekilikua tailerrean. Mahai jolasak egin dituzte orain arte, eta elkarte askok eskatzen dituzte euren jolasak. «Oraindik txikiak gara, baina zerbait ezberdina nahi duten pertsona horiei gustatzen zaie», dio Otsoak. Euren jolasak ez baitira lehiatzekoak, edo korrika eta presaka jolastekoak. «Patxadan jolasteko dira, horrela kontzeptuak hobeto barneratzen direla iruditzen baitzaigu». Ekilikuak ekoiztutako mahai jolas denak gazteleraz dira, baina horietako bat euskarara itzuli zuten: Munduko dama bikainak.

4. BERTIKAL

Mahai jolas eta tradizionaletatik haratago doa, ordea, Bertikal jolasa. Trebetasun jolas bat da, eta hodi baten alde batetik bestera dagoen labirinto batetik pilota bat gidatzea da helburua. «Rubik kuboa ez zen asmatu azkar egiteko, amaitu ahal izateko baizik, eta gaur egun hainbat pertsonak begiak itxita ere egiten du, matematikan oinarrituta dagoelako; jolas hau ez, trebetasunean oinarritzen da, eta behin azkar egin badezakezu, ezerk ez dizu bermatzen hurrengoan horrela egingo duzunik», azaldu du Encinak.

Hiru urte dira jolasa bururatu zitzaionetik, eta apurka-apurka nazioartean bere lekua egiten ari da. Hizkuntzarik ez baitu erabiltzen horretarako, eta edonork jolastu daitekeelako. «Helduak dira gehien egoskortzen direnak, baina haur zein gazteentzat ere balio du, noski». Joan den urtean Nurembergeko (Alemania) jostailu azokan egon zen Encina bere asmakizunarekin, eta «bertako jendeari asko gustatu» zitzaiola dio. Hainbeste, non Bertikal dagoeneko Alemanian, Frantzian, Espainian eta Suitzan ere saltzen den. Gaur egun, AEBetako merkatuan sartzeko bideak urratzen ari da, eta laster han ere salduko dela aurreikusten du. «Chicagoko [AEB] eta Nurembergeko azoketan egon ginenean, jendeari deigarria egiten zitzaion dena Euskal Herrian ekoizten genuela esaten genionean; uste dut horrek balio gehigarri bat ematen diola askori». Bertan ekoiztuta jostailuen nazioarteko merkatuan arrakasta lortzea posible dela erakusten du horrela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.