Lander Muñagorri Garmendia / 2017-01-11 / 626 hitz
Mendebaldeko gizartean migratzailea objektu edo terrorista gisa ikusten dela salatu du Maa rap abeslariak. «Haiek gure baliabideak ustiatzearen eraginez migratu behar dugula ahazten zaie, ordea».
Mexikoko kikapu komunitate indigenako kidea eta migratzailea da Chhoti Maa (Guanajuato, Mexiko, 1988). Egun AEBetan bizi da, baina ez du jatorria ahazten. Migratzaileen ahalduntzea eta deskolonizazioa sustatzen ditu bere musikaren bitartez. Hau da, kolonialismoak utzitako arrastoak saihesten saiatzen da, «baina sustrai sakonak ditu». Egunero egin beharreko lan bat dela dio.
Rapa zure amonari esker egiten duzula esan izan duzu. Hori ez dute askok esango, ezta?
[Barreak] Bai, hala da. Hari, ordea, ez zaio gustatzen egiten dudana. Esaten dit maitasun kantuak egin beharko nituzkeela, jendeari ez zaiola gustatzen oihu egin diezaioten. Ni ahozko tradizioaren ondorioz hasi nintzen rapa egiten, hori ere badelako. Mexikoko kulturan ahozkotasun tradizio hori oso garrantzitsua da, eta horren ondorio ere bada. Dena den, nire amonari asko gustatzen zaio poesia. Haurra nintzela, irakurtzen eta film zaharrak ikusten ematen genituen arratsaldeak. 11 urterekin, ordea, emigratu egin behar izan nuen, eta nire amonaren falta sumatzen nuen. Horren eraginez, idazten hasi nintzen, eta ordutik jarraitzen dut.
Askatzeko modu bat da?
Bai, hala da, barrutik garbitzeko modu bat da. 20 urte ingururekin abusuzko harreman bat eduki nuen, abortu bat ere bai, eta berriz migratu behar izan nuen. Ezin izan nintzen unibertsitatera joan, paperengatik. Frustrazio asko eduki nituen, eta rapean topatu nuen nire frustrazioari aurre egiteko bide bat. Ordura arte kantatzen banekien, baina ez neukan zer kontatua. Garai hartan jabetu nintzen, ordea, ahots bat banuela. Nire bakarkako proiektua abiatu nuen, kontzertuak ematen, baita migratzaileen aldeko aktibista moduan ere. Egia esan, rapean askotan aktibista lana egiten dut.
Horrela hasi zinen amonari gustatzen ez zaion musika egiten?
[Barreak] Mexikon askotan esaten da: «Neskato, hobeto zaude isilik». Hori bada hezkuntza matxistaren ondorioetako bat. Nik, ordea, hitz egiten dut, eta denon ongizaterako egiten dut oihu. Ez da erraza, nire amona ez delako oihu horretan ordezkatua sentituko, baina bera bada feminista. Nire aitonak jo egiten zuen, eta amonak utzi egin zuen aitona, esaterako. Horregatik, niretzat oso figura garrantzitsua da harena, maitasun kantuak abestea nahiago izango balu ere.
Generoak eta migratzaile izateak eragin handia dauka zure musikan eta hitzetan. Nolakoa da zuretzat egoera hori?
Migrazioa mundu mailako krisi bat da. Askok nahi ez gaituzten arren, behar gaituzte. Munduak migratzaileak behar ditu, gutxiago ordaintzen digutelako, jendeak onartu nahi ez badu ere. Ekonomia kapitalista horri guk eusten diogu.
Baina jendeak gorrotoa behar du, etsai bat, horri aurre egiteko. Hori esan nahi duzu?
Hori da. Baina AEBetan gure kultura nahi dute, gure artea, musika, janaria, liburuak… Baina ez gaituzte pertsona moduan nahi, mehatxu gisa ikusten gaituztelako. Beraz, migratzailea objektu moduan ikusten dute askotan, migratzaile terrorista moduan. Baina kontrakoa da. Gure jatorrizko herrialdeetatik beharragatik joaten gara, eta Mendebaldeko konpainiek gure lurrak ustiatzen dituztelako. Gure baliabideak hartzen dituzte, ez digute behar bezalako soldatarik ematen, eta, horregatik, hipokrisia handia dago hirugarren munduko pertsonekin.
Horregatik hitz egiten duzu zure abestietan hainbeste deskolonizazioari buruz?
Bai. Kalifornian eta Latinoamerikako herrialde askotan hitz egiten da horri buruz. Barruko lan bat da hori, oso kolonizatuta gaudelako. Tristea eta mingarria da, prozesu luze bat, zure bizitza osoan gertatuko dena. Nire birramona indigena zen, eta, ezkontzera zihoanean, esan zioten begian limoia jarriz gero berdetu egingo zitzaizkiola. Hala egin zuen, baina ez zitzaizkion berdetu. Horrek erakusten du zer egiteko gai garen: azala zuritu, ilea argitu… Latinoamerikarrek beti begiratzen diegu Europari eta AEBei, izan beharko litzatekeenaren eredu gisa. Baina AEBetan atzerritarrak bizi garen auzoetan ez dago barazki dendarik, ezta okindegirik ere. Deskolonizazioari buruz ari garenean, horri buruz ari gara. Zertan gastatzen duzun eskura daukazun diru apur hori.
Horregatik nabarmendu nahi izaten duzu zure jatorria?
Noski. Gu bizirik mantendu gaituena hori izan da, baina, askotan, ezkutatu egin behar izan dugu. Kolonialismo garaian, gure herriaren dantza batzuk egiteagatik eskuak eta hankak mozten zizkiguten. Ohitura horiek berreskuratzea sekulakoa da niretzat.