Mikel Garcia Idiakez / 2017-01-16 / 278 hitz
Premia dutenei kalean jaten emateko baimen berezia behar duzu Tampa hirian (Florida, AEB), eta baimena lortzeko, aseguru poliza bat ordaindu behar da eta paper burokratiko ugari bete. Etxegabe eta txiroen artean jan-edana banatzea garesti ateratzen da, kontuan hartuta ez dela egun bakarreko zeregina. Horregatik, baimen hori gabe ari ziren Food Not Bombs erakundeko kideak Tampa erdiguneko parke batean jatekoa banatzen, eta poliziak atxilotu egin zituen.
Pasa den urtarrilaren 7an izan zen, polizia parkean agertu eta jana banatzeari uzteko eskatu zien, baina jardunean jarraitu zuten eta zazpi aktibista eraman zituzten. Ordubetez egon ziren atxilotuta eta ohar garbia jaso dute: gutxienez urtebetez, ezin diete pobreei parkean jaten eman, bestela gogorragoak izango dira ondorioak. Ez da lehenengo aldia arrazoi beragatik erakundeko jendea atxilotzen dutena, beste elkarte batzuek berdina jasan dute, eta beste hiri batzuetan ere badute arau hori.
Sufritzen dutenak hiritik desagertzea bilatzen duten gorroto-legeak
Food Not Bombs-ek erantzun du etxerik gabe eta gose diren herritarrekin jatekoa partekatzeari uzteko asmorik ez daukatela eta elkar-laguntza kriminalizatzen duten lege bidegabeak, sufritzen dutenak hiritik desagertzea bilatzen duten gorroto-legeak, desobeditzen segituko dutela (dirudienez, futbol torneo garrantzitsu bat jokatu zen egun horretan hirian eta agintariek ez zuten pobrerik nahi inguruan).
“Egin dezaketen gutxienekoa da ardura hartzen dugunon lana ez oztopatzea”
“Agerian uzten jarraituko dugu hiri honek zein krudel jokatzen duen behartsuekin, osasun eta buruko arazoak dituztenekin, etxegabeekin. Hiria ez bada arazo hauetaz arduratzen, egin dezakeen gutxienekoa da ardura hori hartzen dugunon lana ez oztopatzea”, gaineratu du erakundeak.
Ezinbestean, Grezian errefuxiatu talde bat Euskal Herrira ekartzen saiatzeagatik berriki atxilotutako Mikel Zuloaga eta Begoña Huarteren kasua datorkigu gogora. Haiek ere garbi adierazi zuten: beste alde batera begiratzen duten agintarien eta lege bidegabeen aurrean, desobeditzen segitzea da etikoena.