Pàblo García / 2017-01-27 / 350 hitz
Sinjarreko sarraskitik ihesi alde egin zuten hainbat yezidik Greziako Katsikasko errefuxiatu gunean hartu zuten aterpe. Ustez, izugarrikeria atzean utzi zuten. Baina, egun batean, EIren sinboloen pintaketak agertu ziren beren kanpadendetan. Berehala hartu zuten erabakia: berriro ere ihes egitea.
Eleousa herriaren inguruetan, Ioanina hiritik gertu, UNHCRk egokituriko toki batean babestuta bizi dira yezidi iheslariak. 240 lagun inguru dira, eta 15 gela dituen etxe baten inguruetan egokitutako gunean bizi dira. Bertara iristeko, lurrezko bide estu batetik ibili behar da. Behin han, haurren begirada tristeak bisitariaren kontzientzian iltzatzen dira; baita haien barreak ere, boluntarioak jostailuekin etortzen direnean. Existitzen ez den etorkizun bat estaltzen ez duten irribarreak dira. Siriara edota Irakera itzultzea heriotzarako pasaportea baita.
Ezer ez dute, eta, hala ere, daukaten gutxi hori eskaintzen diote bisitariari. Haien aurpegian, eskuetan, oinez ibiltzeko modu geldo eta pausatuan, oinazeak txikitutako pertsonak ikus daitezke.
Duela bi urte arte beren bizitza zenaz, oroitzapenak besterik ez zaizkie gelditzen. Batzuk, lo egiten duten geletako hormetan zintzilikaturik dauzkate gordeta; beste batzuk, edozein unetan pizteari utziko dioten sakelako zaharretan atxikita. Memoria gelditzen zaie, ordea: pertsonala zein kolektiboa. Inoiz faltako ez zaiena, diotenez.
Eguneroko lanak denen artean banatzen dituzte; berdin du gizonezkoa edo emakumezkoa izan. Higienea eta garbiketa lehentasunezkoak dira han. Muturreko egoeran iraun arren.
Hala ere, gauak inoiz ez dira isilak yezidi errefuxiatuen bizilekuan: beti entzuten dira negarrak eta oihuak; atseden hartzen ez duten amesgaiztoak dira. Europa beren tragediaren amaiera izango zela egiten zuten amets; gutxienik, aldi luze baterako pausaleku bat izango zutela bertan. Baina beren ihesak aurrera jarraitzen du gehiengoak beste alde batera begiratzea nahiago duten kontinente batean.
Yezidien etorkizun zaila
Beldurra nabaritu egiten da yezidien artean. EIren itzalaren izua berriro azaldu baita haien bizitzan. Gaur, hura dute etsaia, baina badakite ez dela bakarra, historiak hala erakutsi baitie. Izan ere, deabruaren sortzaileak izatearen estigma daramate soinean yezidiek, eta erlijio monoteisten jarraitzaileak askotan jazarri zaizkie.
700.000 biztanle ditu yezidi herriak gaur egun. Milioi erdi Irak iparraldeko Ninive herrialdean bizi dira, Mosul inguruan. 2014ko sarraskiaren ostean EIk ezarri zuen kalifaldia 2015ean eraitsi zuten arren, oraindik ez dira hasi Sinjar berreraikitzeko lanak. Irakeko Gobernuko funtzionarioen kalkuluen arabera, 100 milioi dolar behar dituzte argindarraren moduko oinarrizko zerbitzuak eskaintzeko.