Imanol Magro Eizmendi / 2017-01-10 / 1153 hitz
Urrezko dominak ezagun bihurtu du, bolada baterako anonimatua galdu du, baina pozik dago jendearen maitasunarekin. Zintzotasunez mintzo da bizitzaz eta emaitzak eman dion egonkortasunaz.
Zer moduz hasi duzu 2017a?
Oso ondo. 2017an ez dut aurreikuspen berezirik egin, beste urte bat izatea nahi dut. Nire bizitzako beste urte bat, normala, olinpiar zikloa hasi baino ez da egin. Kirol mailan, helburua hobetzea da.
Gabon garaietan ekitaldi pila bat izan dituzu. Hori guztia ez al da itogarria?
Pixka bat. Niri oso lasai egotea gustatzen zait, isilik, lanean. Baina ekitaldi horiek guztiak aitortza bat dira, eta jendeari eskertu egin behar diot. Ez nago halakoetara ohituta, eta, horregatik, energia asko kentzen didate, baina oso eskertuta nago. Zorionez, jada piraguismoa ez dut ezagutarazi behar. Orain ezaguna da. Orain ez dut azaldu behar nor naizen eta zer egiten dudan.
Nabaritzen al duzu udaz geroztik ezagun bihurtu zarela?
Ospetsu ez, baina ezagun bai. Anonimatua galdu egin dut. Mailalen Chourraut, bi hitz horiek jende askori ezagun egiten zaizkio. Nonbaitera joaten naizenean, jendeak ezagutu egiten nau oraindik ere. Jende askok gelditzen nau kalean eta esaten dit: «Zuk ez dakizu ni nor naizen, baina nik badakit zu nor zaren»… eta kontatzen dit abuztuaren 11 hura nola bizi zuen, non zegoen… Eta hori sekulakoa izan da, baina jende pila batek. Zenbat ote dira? Eta, gainera, emozioz beteta. Hori sortzea…
Zer sentitzen duzu?
Txikia sentitzen naiz! Kar, kar… Ordura arte, abuztuaren 11 egun markatua zen nire egutegian. Abuztuaren 11 egunero nire buruan. Olinpiar Jokoetako egutegia egin zenetik abuztuaren 11 gorriz markatua nuen. Abuztuak 8 eta 11. Eta orain abuztuaren 11k bizirik egoten jarraitzen du, iraganean dago, baina bizi-bizirik.
Jatetxe batean sartu, eta jendea begira gelditzen al zaizu?
Ni nirera noa, eta ez naiz konturatzen. Baina, aurrekoan, esaterako, izeba batekin Kontxan topo egin, eta berak esan zidan kontrako norabidean zetozen batzuei «Begira, Maialen Chourraut!» entzuten ziela, eta horrela jakin zuela han nenbilela. Bai, jendeak ezagutzen nau.
Eta gustatzen al zaizu?
Nik nahiago isilean egon, baina, tira, ez da esajerazioa ere. Pasatuko da. Hori bai, toki guztietan oso ondo tratatu naute, eta gelditu nauen jende guztiak errespetuz tratatu nau. Ni orain dela urtebete, eta orain, berbera nintzen, eta bizitza bera da.
Urrezko dominak egonkortasuna eman al dizu? Piraguismotik bizitzea ez da erraza.
Bizitza egiten dit. Azkeneko urteak, 2009az geroztik, kirol mailan urte onak izan dira. Munduko Txapelketako eta Olinpiar Jokoetako emaitza onei esker, bekak lortu ditut. Esaterako, emaitza onak izan ez banitu, ezingo nuen azken olinpiar ziklo hau planteatu nuen bezala planteatu. Ezingo nuke Ane [alaba] eduki, ezta zaintzaile bat eduki hura egunero zaindu eta biekin kanpora bidaiatu ere. Irabazi dudan dirua horretan inbertitu dut, baina, emaitzarik ez banu, ezingo nuke. Emaitza honek ziurtatzen dit berdin jarrai dezakedala, eta planteamendu bera mantendu. Emaitza onak segurtasun handia ematen du. Londreskoa ere emaitza oso ona izan zen [brontzea irabazi zuen].
Alde horretatik, brontzea eta urrearen artean aldea al dago?
Urrea are hobea izango da, baina oraindik ez da publikatu zein beka jasoko ditugun. Badakit hurrengo lau urteetan lasai bizi ahal izango naizela, eta halako kirol txiki batean gauza handia da, ez baikara kirolari profesionalak. Nik ez dut kontratu profesionalik: emaitzek ematen didate jaten. Aurtengo urtea ez bazait ondo irteten, epe luzeagoko planteamendu bat egin dezaket.
Domina irabazi berritan amatasun baimenen aldeko diskurtso ozena egin zenuen. Pentsatuta al zeneukan?
Ez, prestatuta ez. Nik ama eta eliteko piraguista izan nahi dudala planteatu nuen unetik zen hori nire diskurtsoa. Praktikan egin nuen eta urrezko domina lortzea.
Baina hedabide guztietan ama eta eliteko kirolaria izan daitekeela nabarmentzea… Jaso al duzu esker onik?
Ama asko etorri zaizkit «eskerrik asko» esanez. Amak eta aitak ere bai, gurasoak. Umea edukitzean ikusten duzu; beste ama batzuk ezagutu nituen, erditze osteko talde batean La Seun, eta harremanetan jarraitzen dugu. Lau hilabetera lanean hastea… Lau hilabeterekin ume batek oraindik amaren premia guztiak ditu. Ama asko entzuten dituzu: lanaldia murriztu nahi dut, baina eskatzen badut kalera botako naute. Edo baimena eskatuz gero kaleratu egingo naute… Ikusi ditut legez kanpoko gauzak, eta gertatu egiten dira. Legeak ez die ezer ematen gurasoei, eta ezer gutxiago.
Eliteko kirolariak ez dira halako gaietan sartzen.
Bidea egin behar da. Ausartu nintzenean esan nuen: aurrera, goazen bidea egitera. Gai honekin bustitzea zegokidala uste nuen. Pribilegiatua sentitzen naiz nire alabak denbora guztia gurasoekin pasatu duelako.
Zure izena jarri diote Lasarteko kiroldegiari. Joan al zara?
Ez. Hemen nagoenean Donostiako Atletikoren instalazioetan entrenatzen naiz. Kiroldegia oso ondo dago, eta orain handitu egingo dutela esan zidaten.
Agian zure izendun ur bizietako kanala nahiago zenuen…
Hori bai, olinpiar kanal bat behar da hemen. Berdin dit nire izenarekin edo beste edozeinekin, baina behar da kanal bat hemen.
Halakoak eskatzeko une aproposa da hau.
Hau da garaia. Urte askoan egon gara eskatzen, eta jarraituko dugu. Kanala behar dugu; bestela, gazte hauek [alboko jangelan Donostiako Atletikoren piraguismo eskolako Gabonetako bazkaria egiten ari dira] euren gaztaroa furgoneta batean pasatuko dute.
Honek guztiak piraguismoari lagun diezaioke? Chourraut efektua egon al da?
Baietz espero dut, baina ez dakit. Atletikon ez dut galdetu jende gehiagok izena eman duen. Nahiko nuke jende gehiago hastea, baina, horretarako, kanal bat behar dugu entrenatzeko. Hor hasten da dena. Azpiegitura hori eduki ezean, eta jende askok izena ematen badu, furgoneta asko behar dira ibaira joateko.
Orain dena berriz hasten da.
Bai. Dena berriz hasi da, helburu berriak daude, lehiatzen jarraitu nahi dut. Gertatu denarekin ezin naiz konformatu; jarraitu lanean eta zer hobetu behar dudan bilatu.
Tokion pentsatu al duzu jadanik?
Bai, niri gauzak lotuak izatea gustatzen zait. Pentsatu dut horretan, umeak ikastolan egon beharko duela… Halakoetan pentsatu dut jadanik.
Aurretik, baina, falta zaizun titulua dago hor: Munduko txapeldun.
Hori falta zait, bai. Gogoa dut, baina egon naizen munduko txapelketa guztietan izan dut munduko txapeldun izateko gogoa… Aurten, Pauen [Okzitania] da; hurrengoan, Rion, eta 2019an, Seun [Herrialde Katalanak]. Seun aukera nahiko ona daukat.
Helburua, beraz, Munduko txapeldun izatea.
Ez. Helburua hobetzea, hobetzea eta hobetzea da. Gero sendoago lehiatzeko.
Riora joan aurretik, helburua domina zela esaten zenuen.
Han helburua domina zen, ez hobetzea. Orain, domina lortuta, helburua hobetzea da.
Asko eskatzen diozu zeure buruari.
Nire izateko modua da, pixka bat suntsitzailea agian, baina gustatzen zait, horrela funtzionatzen dut. Neure burua nik estutzen dudala sentitzea.
Suntsitzailea izan daiteke gaina jotzen duzunean.
Ez dakit, gauzak gaizki irten zaizkidanean nahiko ondo eramaten ditut. Nik aldaketa bat egin nuen Pekinen ondoren. 2009tik aurrera, aldaketa egin nuen, entrenamenduetan huts egiten onartzea. Huts egitea gauza positibo gisa hartzen ikasi nuen, ez estankatu eta haserretzen. Ume batek nola ikasten du oinez? Erortzen; bada, ikasi erortzen. Huts egitearekin bizitzen ikasi dut, eta huts hori nirekin eramaten. Ehun aldiz kale egiten badut, ehun huts dira, baina ez naiz amiltzen. Hutsek toki hori dute nire bizitzan.