Julen Etxeberria / 2017-02-23 / 693 hitz
Azken urteetan ugaritu egin dira herritartasuna aldatu duten atletak. Nazioarteko Atletismo Federazioa kezkatuta azaldu da, eta, zer egin erabaki arte, ez du eskaera gehiago onartuko.
Jaioterrian eman zituen lehen oinkadak Ruth Jebetek, Kapsabeten, Kenyan. Sekulako etorkizuna aurreikusi zioten gazte-gaztetatik. Pozarren zeuden Kenyako kirol ordezkariak harribitxia zeukatelako esku artean. Gutxi iraun zien pozak, ordea. 16 urterekin ihes egin zien eskutik. Bahraingo kirol ordezkariek eskaintza bikaina egin zioten Jebeti hango herritartasuna har zezan. Soldata on bat eta entrenatzeko kirol azpiegitura aproposak agindu zizkioten, eta Jebetek ez zuen bitan pentsatu, eta baietz esan zuen. Kenyarekin nazioartean inoiz lehiatu ez zenez, gainera, Bahraingo herritartasuna lortu eta hurrengo egunean hasi zen lehiatzen. 2013a zen. Urtebete geroago gazte mailako munduko txapeldun izan zen 3.000 metro oztopodunetan, AEBetan, eta hiru urte geroago olinpiar txapeldun eta munduko markaren jabe proba berean (8.52,78).
Kenyako kirol ordezkariek ez dakite nola eten ihesaldia. Kezka bera dute Etiopiakoek, baita Afrikako beste hainbat herrialdetakoek ere. Makina bat izan dira, Jebeten moduan, diru truk herritartasuna aldatu dutenak. Persiar golkoko herrialdeetara joan izan dira gehienak historikoki, Bahrainera eta Qatarrera nagusiki. Jokaldia ongi atera izan zaie herrialde horiei, bertako kirolariekin nekez lortuko zuketen arrakastak izan dituztelako. Hori ikusita, hainbat herrialde hasi dira harrapari lanetan ere. Turkia nabarmentzen da horien artean.
Gaur-gaurkoz, aukerako herritartasunaren fenomenoa mundu zabalean hedatuta dago; horrenbeste, ezen Nazioarteko Atletismo Federazioak (IAAF) neurriak hartu behar izan dituen. Hasteko, eten egin ditu azkenaldian iritsi zaizkion herritartasun aldaketa gehienak. IAAFek ondo aztertu nahi du gaia. «Munduko federazio askorekin hitz egin dut, eta jakinarazi didate aldian-aldian atleten zerrenda bat jasotzen dutela, eta horiek guztiek diruagatik bakarrik egiten dutela eskaera», azaldu du Sebastian Coe IAAFeko presidenteak.
Atleta ohiaren iritziz, «horrelako sistema bat ezin da jasangarri izan. Atletismoari min handia egiten dio, lehiaketako maila gorenean herrialdeetako taldeetan oinarrituta dagoen kirola delako. Atleta babes gabe geratzen da, eta gehiegikerien biktima izan daiteke». Kezka bera dauka Hamad Kalkaba Malboumek, Afrikak IAAFen duen ordezkariak. «Badago atleta afrikarren merkatu bat. Atleta horiek diru gehien ematen duenarekin joaten dira. Horrek kalte egiten dio kirolariari. Batzuetan, gainera, adingabeak dira atletak, eta ez dakite zein ondorio izan ditzakeen herritartasuna galtzeak. Batzuek pasaporte berri bat bakarrik jasotzen dute, eta, euren kirol ibilbidea amaitzen dutenean, etorkizunik gabeko herritarrak dira».
IAAFen araudiak dio beste herritartasun bat hartzen duen atletak hiru urtez egon behar duela zain nazioarteko lehiaketetan aritzeko. Epe hori, ordea, murriztu egin daiteke, lau kasutan: bat, atleta ez bada inoiz lehiatu nazioartean jatorriko herrialdearekin; bi, atletaren jatorriko herrialdea eta hartuko duena ados jartzen badira; hiru, atleta hartu duen herrialdean jarraian bizi izan bada parte hartu nahi duen nazioarteko lehiaketa jokatu aurreko hiru urteetan; eta lau, IAAFen Kontseiluak hala eskatuta. Salbuespen gehiegi dirudite, nahikoak atletek eta atleta horiek hartu nahi dituzten herrialdeek zirrikituren bat topa dezaten.
Bahrain eta Turkia
Bahrain eta Turkia dira gehiegikeria horren adibiderik nabarmenenak. Bahrainena muturreko adibidea da. Herrialde horrek azken kirol ekitaldi nagusietan egindakoari erreparatu besterik ez dago. Iaz, 35 kirolari eraman zituen Rio de Janeiroko (Brasil) Olinpiar Jokoetara, eta sei besterik ez ziren Bahrainen jaiotakoak. Beste 29ak, berriz, bertako herritartasuna hartutakoak ziren. Atleten kasua zen bereziki deigarria, 31tik hiru bakarrik zirelako bertakoak. Non jaio ziren beste 28ak? Ia guztiak Afrikan, bi jamaikar ez beste guztiak: hamar Kenyan, zazpi Etiopian, sei Nigerian eta hiru Marokon. Kopuru hori, ordea, txiki geratzen da duela bi urte Pekinen jokatu zen Munduko Txapelketakoa gogora ekarrita. Orduko hartan hamazazpi atleta eraman zituen Bahrainek, eta bat bera ere ez zen herrialdean jaiotakoa.
Bahraini ondo atera zaio apustua, inoizko emaitza onenak lortu baititu azken urteetan —hiru herritartuk lortu dituzte herrialde horrek Olinpiar Jokoetan irabazitako domina bakarrak—.
Hala ere, ez da herrialde hori herritartuei etekin handiena atera diena, Turkia baizik. 2015eko Pekingo Munduko Txapelketa, iazko Amsterdamgo Europako Txapelketa eta Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoak kontuan hartuta, inork ez ditu herrialde horrek baino domina gehiago irabazi herritartutako atletei esker, hamar. Ez da harritzekoa ere, Turkiak izaera horretako makina bat atleta eraman baititu azken kirol ekitaldietara: Munduko Txapelketan, hamabitik erdiak ziren herritartuak; Europako Txapelketan, 34tik hamahiru (%38), eta Olinpiar Jokoetan, 32tik hamazazpi (%53). Amsterdamen jo zuen goia hamabi domina irabazita, horietatik zortzi herritartutakoek irabazitakoak; kenyarrek, kubatarrek, jamaikarrek eta azerbaijandarrek. Krosean ere etekina atera dio: Kenyan jaiotako bi atletek urrea eta zilarra eman zizkioten iaz Chian (Italia), Europako Kros Txapelketan. Urrea, urre truk. Aberria, urre truk.