Juankruz Lakasta / 2017-02-16 / 386 hitz
Nafar gehienen sentimenduak hankapean hartzen ari dira». UPNko buru Javier Esparzak esana da, ostiralean, Ikurren Foru Legearen karietara Nafarroako banderaren ondoan egindako agerraldian, tarteka eskua bihotzera eramanda.
«Hezkuntzan, Nafarroako Gobernua urrats sektarioak egiten ari da gehiengo sozialaren kontra», PSNko idazkari nagusi Maria Txibitek, atzo, prentsaren aitzinean, bisai luzez azaldu zuenez.
«Tamalgarria», «ezmorala» eta «iraingarria» da eskuin muturraren eta Estatuko funtzionarioen biktimak omentzea, PPNko eledun Ana Beltranen hitzetan, joan den astean foru Parlamentuan —Beltranek berak aitortu zuenez— «sumindurik» bota zituen hitzetan hain justu ere.
Argudio apokaliptiko festa foru erkidegoan, aipatu hiru eledun politikoen ahotan zein gurean eskela gehien saltzen dituen berripapereko iritzi orrialdeetan, egunero.
Esparzak berak, aipatu nafar kazeten dekanoan, duela aste gutxi plazaraturiko iritzi artikuluan, modu honetan laburbildu zuen bizi dugun egoera: «Bizikidetza eta desberdin pentsatzen duenarekiko errespetua hondatzen ari dira».
Jazarrita sentitzen dira, edo, behintzat, hala irudikatzen dute, prosopopeia hanpatuz.
Haatik, azken asteotako hiru polemika iturri nagusiok aztertzen hasita, berehala atzematen da gutxieneko izendatzaile komun guztiz aztoratzaile bat.
Ikurren legea ezin modu demokratikoagoan aldatu behar dute, gehiengo parlamentario batean oinarriturik, udaletako gehiengoei erabakitzeko aukera utziz, ikurrina tartean sartzeko aukera emanda, orain arteko bandera ofizialak ukitzeke.
Hezkuntzan haur guztiei eskaini zaie D ereduan ikasteko aukera, betiere inori ukatu gabe beste ezein eredutan izena emateko posibilitatea.
ETAren biktimei omenaldia egiteko parada eskaini eta gero —eta haiek halakorik ez zutela nahi erantzun ondoren— antolatu da eskuin muturraren eta Estatuko funtzionarioen biktimen omenaldia.
Horratx ezaugarri komuna: bular kolpe, bisai luze, sumindura, prosopopeia hanpatu eta iragarpen apokaliptiko horien guztien gibelean ez dago haien eskubideen urraketa, baizik eta besteen eskubideen aitortza.
Ziur aski arazoa da besteen eskubideak aitortzearekin batera, besteen existentzia bera onartzen dela, eta haiek hamarkadak eman dituztela besteak existituko ez balira bezala jokatzen, agintzen, pastela banatzen, bazterkeria egoera normala zela barneratzeraino —remember PSNko Purasek 2007ko abuztukadako ateraldi napartheid-zalea: «Nafarroa ez dago prest Parlamentuko presidente abertzalea edukitzeko», besteak baztertzeari uztea haien eskubideen aurkako erasotzat hartzeraino.
Bizikidetza hondatzen ari zara ni bezala bizi nahiz, nik adina eskubide eduki nahiz, existituz.
Diskurtsook foru erkidegoan pairatu izan dugun defizit demokratikoaren handia uzten digute agerian, eta demokrazian sakontzeko premiaren larria.
Bidean aurrera egiteko, laukoak ezinbestean asmatu beharko du herritarrei ulertarazten egindako urratsen izaera erradikalki demokratikoa. Zeregin latza, eskuin politiko eta mediatikoak sortzen duen zarata karrankaria lagun, edo etsai.
Harrabots antidemokratiko honen erdian, zalantza: gobernuak zuhurtzia baztertu eta ausardiaz jokatuz gero, handiagoa al zatekeen?