Edurne Elizondo / 2017-02-03 / 1177 hitz
Behera egin du kopuruak: 2004. urtean, nazioarteko 133 haur adoptatu zituzten Nafarroan; 27 izan ziren, berriz, 2014an. “Berri on bat da hori”, azaldu du Gizarte Eskubideen Departamentuko Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzako Mikel Gurbindok. “Adoptatzeko dauden haurren kopuruak egin du behera, sorterrian hobera egin dutelako haur horiek babesteko neurriek”. Gurbindok nabarmendu du adopzioa dela babesik ez duten adingabeak artatzeko neurririk muturrekoena, eta ontzat jo du, ondorioz, egoera horretan gero eta ume gutxiago egotea.
Nafarroako Gobernuak ere familien eta adingabeen aldeko bere lanari buruzko gogoeta prozesu sakona jarri du martxan, orain arteko esku hartzeko eredua aldatzeko asmoz. Sor daitezkeen arazoei aurre egiteko neurriak ezartzeko sistema izan da orain artekoa, hitz gutxitan erranda, eta arazo horiei aurrea hartzeko bertze sistema baten alde egin nahi du Gizarte Eskubideen Departamentuak, aurrerantzean.
Aldaketa egiteko prozesu horretan, bertzeak bertze, Afadena elkarteko kideen iritzia eskatu du gobernuak. Haurrak adoptatu dituzten familiek osatzen dute; tartean dira Patricia Ollo, Susana Arandigoien eta Julian Arranzenak. Hirurek nabarmendu dute haur adoptatuak artatzeko modu berezi eta zehatzak behar direla, abandonuaren itzalaren zama handia delako haiengan. “Hamaika galdera egiten diote haurrok beren buruari; iraganari buruzko galderak dituzte, baina baita etorkizunari buruzkoak ere. Hemen adoptatu ordez bertze nonbaiten adoptatu izan balituzte, edo sorterrian geldituz gero, beren bizitza nolakoa izanen zen pentsatzen ohi dute”.
Afadenako presidente Patricia Ollok erran ditu hitzok. Argi du adoptatzeko erabakiak hamaika galdera eta zailtasun eragiten dituen prozesu bat jartzen duela martxan. “Zalantzak dituenak hobe du ez adoptatu”. Ollok beti izan zuen argi eginen zuela. 2005. urtean hasi zuen bide hori, senarrarekin batera. “2008rako Amarek etxean genuen”. Etiopian adoptatu zuten, 3 urterekin. Gero, haurdun gelditu zen Ollo. Arandigoienen bidea, berriz, alderantzizko izan da: “Gure seme biologikoak 11 urte zituenean adoptatu genuen 3 urteko Ane, Txinan”.
Hiru urte igaro zituen Ollok alabaren zain; luzeago jo zuen Arandigoienen adoptatzeko prozesuak. “Lau urte zain egon eta gero, behar bereziren bat zuen haur bat adoptatzea erabaki genuen. Handik sei hilabetera, Ane adoptatu ahal izan genuen. Sortzetiko kardiopatia arin bat du”.
Anitzez ere laburragoa izan zen Julian Arranzentzat semea adoptatzeko prozesua. “1998an hasi genuen bidea, eta 2000. urterako semea etxean genuen”. 21 urteko gaztea da orain. Nazioarteko adopzioek 1990eko hamarkadaren erdialdean gora egin zutela gogoratu du Gurbindok, hain zuzen ere. Horrek ez du erran nahi Nafarroan nor adoptatu ez zenik. Baziren eta badira adopzioa behar duten umeak. “Ume horien kopurua haur bat adoptatu nahi dutenena baino anitzez txikiagoa da, ordea. Eta horregatik egiten dute anitzek nazioarteko adopzioaren alde”, azaldu du gobernuko Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzako kideak.
Haurraren eskubidea
“Adopzioa haurra babesteko prozesu bat da; haurrak babes hori jasotzeko duen eskubidea da nagusi; ez, ordea, pertsona batek edo bikote batek guraso izateko dutena”, nabarmendu du Gurbindok. Hori dela eta, nazioarteko adopzioen esparruan zabaltzen ari diren gogoeta gai berriak jarri ditu mahai gainean. “Neurri batean, zalantzan dago nazioarteko adopzioak sustatzeko bidea, egokiagotzat jotzen hasi direlako ahaleginak egitea herri horietako haurrak babesteko sistemak laguntzeko; hau da, haur horiek beren sorterrian artatzeko”.
Nazioarteko adopzioek ekartzen ahal duten deserrotzea aipatu du Gurbindok. Horri buruz anitz dakite Afadena elkarteko guraso anitzek. Bere alabaren adibidea jarri du Ollok. “Agerikoa da gure alaba bertze herri batekoa dela; jendeak anitzetan galdetu dio gure alabari ea nongoa den, edo zenbat denborarako etorri den. Halako egoerek min handia egiten ahal dute”.
Abandonuaren itzalak berez haurrongan duen zama handitu bertzerik ez dute egiten gisako galderek. Horregatik da hain garrantzitsua Afadenaren gisako elkarteek ematen duten babesa. Horixe nabarmendu du Arandigoienek. “Arazo komunak partekatzeko aukera dute gure haurrek; garrantzitsua da argi izatea ez direla bakarrik, eta badela esperientzia bera bizi duten bertze hainbat haur”.
Tailerren bidez egiten dute lan hori Afadenako kideek. Gurasoentzat ere antolatzen dituzte, eta adoptatzeko bidean diren pertsonei ere kontatzen dizkiete beren esperientziak. “Argi uzten diegu bidea ez dela batere erraza”. Nerabezaroa da garairik kritikoena. “Orduan gertatzen ohi zaizkigu denoi krisiak, eta are larriagoak izan daitezke adoptatutako haurren kasuan”, azaldu du Ollok.
Nerabezaroan egin zuten eztanda arazoek, adibidez, Arranzen familian. “Semeak 14 urte bete zituen arte, adoptatua zela ahaztu ere egin zitzaigun denoi”. Baina bere nortasunari buruzko kezkek gora egin zutenean, egoerak gainezka egin zion Arranzen semeari. “Gaizki pasatu genuen. Abandonuaren arrastoa sakona da. Dena zalantzan jartzeko garaia ailegatu zitzaion semeari”, gogoratu du.
Arranz ez zen oraindik Afadenako kide, garai hartan. Nabarmendu du elkartearen babesaren falta sumatu zuela. “Errazagoa da bidea zure errealitate bereko bertze hainbat pertsonarekin egiten duzunean aurrera”.
Ollok, Arandigoienek eta Arranzek, hirurek ongi dakite haur adoptatuen testuingurua kontuan hartu behar dela hezkuntzaren eta osasunaren esparruetan, adibidez. “Hau da, gure haurrak artatzeko orduan beti izan behar da kontuan beren egoera zein den”, erran du Ollok. Adibide baten gisa azaldu du behar hori Arandigoienek. “Lagun bat dut irakaslea dena, eta beti azpimarratu izan duena haur adoptatuak normal-normal tratatu behar direla eskolan. Behin, elurra hasi zuen, eta haur guztiak karrikara atera ziren, korrika, pozik. Bat izan ezik. Errusian adoptatutako haur bat gela barruan gelditu zen, blokeatuta, mugitu gabe. Lagunak orduan ulertu zuen haur horrek atzean utzitakoa kontuan hartu behar zuela eskolako egunerokoan”.
Abandonuaren arrastoak ekartzen du haur adoptatuek etengabe zalantzan jartzea gurasoengandik edo anai-arrebengandik jasotzen dutena. “Nire seme biologikoak argi du beti maiteko dugula; ez du inoiz zalantzan jartzen hori; baina Anek bai; Anek behar du behin eta berriz erratea maite dugula, etxean dela, eta hori ez dela inoiz aldatuko”. Arandigoienen hitz horiek berretsi egin dituzte Arranzek eta Ollok ere. Arrisku bat badela gaineratu du Arranzek: haur adoptatuak gehiegi babesteko arriskua, hain zuzen ere. “Horri ere neurria hartzen ikasi behar dugu”.
Bertze arrisku larriago bat jarri dute mahai gainean Afadenako kideek, hala ere: maitasuna nahikoa dela dioen usteak ekartzen duen arriskua, hain zuzen ere. “Garai batean hori zen nabarmentzen zen mezua; adoptatutakoak ‘maitasunaren seme-alabak’ zirela, eta maitasunarekin edozein arazo gainditzen ahal zela. Ez da hain erraza. Haur biologikoekin ere maitasuna ez da nahikoa”, azaldu du Arandigoienek. Baliabideak behar direla erantsi du, haurrek behar duten arreta jaso dezaten.
Harrera familiak
Behar hori azaldu diote Afadenako kideek gobernuari. Gizarte Eskubideen Departamentuak argi du behar horiek existitzen direla, eta aurre egin behar zaiela. Harago doa, hala ere, gobernuaren lana. Oro har, babesik ez duten adingabeak artatzea da Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzako kideen lana, hain justu. “Helburua da beti, ahal dela, haurrak beren gurasoekin gelditzea; hori da lehentasuna”, nabarmendu du Gurbindok. Baina beti ez da posible. Haurrak, hainbat kasutan, etxetik atera behar du, bere segurtasuna bermatzeko. “Tratu txarrak edo gehiegikeriak sufritzen dituztenean”.
Haurrak etxetik atera behar duenean ere, horrek ez du erran nahi egoera horrek behin betikoa izan behar duenik. Gerta daiteke etxean dauden arazoak konpontzea eta adingabea itzuli ahal izatea. Kasu batean edo bertzean, harrera familiak dira gobernuak eskura duen baliabide nagusietako bat. “Familia zabaleko kideen artean bilatzen dugu, lehendabizi, haurrak nor zaindu; ezin denean, adingabearekin loturarik ez duten harrera familiengana jotzen dugu. Finean, gobernua da haur horien arduradun, baina familia horien esku uzten du, behin-behinean, haiek zaintzeko lana”.
0 eta 7 urte bitarteko haurrentzat bertze familiak dira behar duten babesa emateko bidea. 7 urte baino gehiagokoentzat, berriz, bi babes mota daude: hezitzaileekin eta bertze hainbat adingaberekin joan daitezke eraikin bateko etxebizitza batera, batetik; edo familia bakarreko eraikinetara, bertzetik. “18 urte betetzen dituztenean, haiek erabakitzen dute non gelditu. Independente izateko bidea hastea erabakitzen badute, gobernuaren laguntza jasotzen dute”, azaldu du Gurbindok. Behar duten arreta jaso dezatela da helburua. Bidea bakarrik ez egitea. Babestea.