Beñat Alberdi / 2017-02-10 / 505 hitz
Gasteizko gazteen eta sare sozialen arteko harremana aztertu du Fernandez de Landa soziologoak. Gurasoak iruditzen zaizkio sare sozialen eta gazteen arteko azken galga.
Sare sozialak tresnatzat hartuta, gazteen eta Interneteko plataformen arteko harremana aztertu ditu Joseba Fernandez de Landa soziologoak (Gasteiz, 1989), beste bi lankiderekin batera. 700 gazte inguru elkarrizketatu dituzte. Gasteizko Udaleko Gazteria zerbitzuak bultzatuta landu dute ikerketa. Nabarmendu du tradizionalki entzuterik handiena izan duten sare sozialak garrantzia galtzen dabiltzala.
Zein da gazteek gehien erabiltzen duten sare soziala?
Whatsapp, inongo dudarik gabe. Ia guztiek daukate, eta ia gehienek egunero erabiltzen dute. Hamarretik bederatzik beti edo ia beti erabiltzen dute.
Gazteek eta ez horren gazteek ere bai. Lortuko al duzu elkarrizketa Whatsapp begiratu gabe egitea?
Bai, bai. Egun bat, akaso, ez nuke iraungo, baina elkarrizketa bat bai. Aplikazio horrek berehalakotasuna ematen digu eguneroko beharretarako eta kontaktu zuzenerako.
Ikerketan izan duzu sorpresaren bat, ezta?
Bai, Youtube da gehien erabilien artean bigarrena. Sorpresa galanta izan da hori guretzat. Ez dugu sare moduan hartzen. Hala ere, aukerak ematen ditu bideoak kargatu eta jasotzeko. Horregatik aukeratu dugu sare moduan.
Zer dela-eta erabiltzen dute horrenbeste?
Gehienbat, bideoak ikusi eta musika entzuteko, baita famatuak jarraitzeko ere; hau da, plataformarako bideoak prestatzen dituztenak, youtuberrak. Gogoko dituzten gaiei erreparatzeko eta kuxkuxeatzeko ere erabiltzen dute.
Youtuberrak jarraitzeko kultura existitzen al da Gasteizen?
Bai, bai. Guk ere ez genuen espero. Aurrez aipatu dut sorpresa bat izan dela Youtube bigarren postuan izatea. Oso interesgarria da hori.
Lehen bi sareak aipatu dituzu, baina Twitter eta Facebook falta dira. Hor, joera aldaketa bat ikusi duzue, ezta?
Oso beheko postuetara jaitsi dira, seigarrenera eta zazpigarrenera. Erakargarritasuna galdu dute, edo oraindik ez dira sare horietan murgildu.
Adinarekin lotuta al dago hori?
Ez dakigu. Sortu zaigun zalantza bat da. Ez dakigu ez dituzten erabiltzen modaz pasatu direlako, beste gauza batzuk garrantzitsuagoak direlako, edo adinean aurrera egin ahala erabiltzen diren sareak direlako. Egia da Twitter gehiago erabiltzen dutela helduagoek.
Esan daiteke Twitter helduen sare soziala dela?
Kontua da sare hori erabiltzen dela informatuta egoteko, albisteak jasotzeko. Guk galdetu diegu zer lortu nahi duten sare sozialetan. Oro har, lortu nahi dute youtuberrekin, zinemarekin, telesailekin, kirolariekin eta musikarekin lotutako informazioa. Twitter lotuago dago aktualitatearekin, politikariekin eta gizartearekin. Akaso, gazte samarrak dira gai horietaz kezkatzeko.
Orduan, zein da gazteen artean arrakasta daukan sare soziala?
Instagram eta Snapchat. Lagunak jarraitzeko erabiltzen dira gehien. Hori oso garrantzitsua da. Youtube eta Twitter gehiago dira edukiak jasotzeko. Instagram, Snapchat eta Facebook jendearekin hartu-emana izateko dira.
Irudiak jartzeko balio dute bi sare horiek. Ez al da Facebooken arrakastaren gako bera?
Facebook konplexuagoa da. Instagramen argazki bat jartzeak ez dauka inongo lanik.
Gizartean bada aldaketa teknologiko horren aurka denik. Gazteen artean bada horrelako jarrerarik?
Galdeketa egitean aurkitu ditugu sare sozialak egunero erabiltzen ez dituztenak. Baina ez da ez dutelako nahi, gurasoek blokeatzen edo sakelako kentzen dietelako baizik.
Gurasoak dira azkenengo galga?
Hala dirudi. Baina itsasoari hormak jartzen saiatzea bezala da.
Gazteen artean komunikatzeko modua aldatu dute sare sozialek?
Ez gara horretan zentratu. Baina eskaintzen dituzten aukerak ikusita, nola ez dute aldatuko? Esan ziguten Whatsapp ikasketa gaietarako erabiltzen dutela. Imajinatu zenbat informazio truka dezaketen.