Urtzi Urkizu / 2017-02-10 / 1002 hitz
Euskarazko produktu batekin gutxitan gertatu den fenomenoa lortu du ‘Go!azen’-ek, telesailak zein antzezlanak. Ikus-entzunezko edukietako eta hezkuntzako adituek aniztasun handiagoa eskatu diote ETBri: harreman ereduetan, gorputzetan eta pertsonaien jatorrietan, besteak beste.
Fenomenoa udazkenean piztu zen, eta ez da itzali. Go!azen telesailaren denboraldia urtarrilaren 27an amaitu bazen ere, joan den ostiraleko making of-eko erreportajeak %18,7ko ikusle kuota lortu zuen euskaldunen artean —%42,6koa 4-12 urte arteko haurren artean—. Antzezlanaren arrakasta ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Apirilaren 30a bitartean, makina bat herritan antzeztuko dute. Sarrerak berehala amaitzen dira. Ilarak ez dira nolanahikoak. Gaur Lazkaon (Gipuzkoa) antzeztuko dute, bihar Eibarren (Gipuzkoa), eta igandean Santurtzin (Bizkaia). ETB1ek antzezlanaren sekretuen gaineko erreportajea emango du gaur, 21:00etan. Fenomenoan, dena den, badira itzalak, eta zabaldutako estereotipoen kritikak.
Gorka Garcia ETBko Arte eta Programa zuzendariak nabarmendu du «telebista gainditu duen fenomenoa» izan dela. «Oso pozik gaude lortu duen oihartzunarekin». Garciak oroitu du 2008an Go!azen lehen aldiz estreinatu zutenean lortu zutela antzeko zerbait. «Gaztetxoengana hurbiltzeko aukera eman digu telesailak, eta arrakastaz erakarri ditugu guregana produktu eta adierazpen horiekin guztiekin».
Jokin Labaien BERRIAko telebista kritikarien arabera, hizkuntzaren aldetik haur eta gazteei begira egin daitekeen sustapen ekintza «eraginkorrenetakoa» da: «Uste dut zoriontzekoa dela euskarazko produktu bat erdigunean jartzeko ahalegina egin izana, eta haur eta gazteen eredu bihurtu izana».
Idurre Eskisabel EHUko irakasleari «oso pozgarria» egin zaio 7 urteko alaba eta haren ingurukoak, «baita eremu zabaleko milaka haur eta gaztetxo», euskarazko produktu batekin «harrapatuta» ikustea. «Are, produktu horren bidez gure ondare musikalaren transmisioa egitea, imajinarioa zabaltzea eta berariazkoa lantzeko tresnak jasotzea. Oso pozgarria izan da alaba Urtz edota Hertzainak taldeekin interesatua sentitzea». Azken alor hori azpimarratu du, halaber, Arrasateko (Gipuzkoa) Txatxilipurdi euskara eta aisialdi elkarteko zuzendari Amaia Etxabek: «Telesaila musikala den heinean, euskal kantuen ezagutzan eragin du, eta haurrak euskal taldeen kantuak abesten entzun ditugu hainbat gunetan». Musikarekin ez du aitzakiarik Eskisabelek: «Shakirari eta Alvaro Solerri lehiakide gogorrak sortu dizkiete». Musikarengatik ez ezik, hizkuntzaren ikuspegitik ere telesailak izandako arrakasta «poztekoa» dela uste du Etxabek: «Gutxitan egoten dira adin tarte horretan horren arrakastatsuak diren euskarazko produktuak, eta, hori lortzen denean, nabarmendu egin behar da».
Eskema erromantikoa
Tramen edukietan eta zabaldutako estereotipoetan, aldiz, zer hobetua topatu dute Labaienek, Eskisabelek eta Etxabek. «Kristau udaleku batzuetan gertatzen diren eta maitasun erromantikoan oinarrituta dauden harremanak dira muina. Harremanak egiteko moduak, besteak beste, oso modu sinple eta artifizialean deskribatzen dira, klixez eta estereotipoz gainezka», kritikatu du Etxabek. Labaieni ez zaio iruditzen estereotipen aldetik asmo gaiztoa dagoenik, baina bai murritza: «Arduradunek pentsatu beharko lukete zergatik ematen dieten gaizto edo inuxente rola mutilei, eta xalo lirainena neskei, zergatik agertzen duten maitasuna betiko eskema erromantikoaren barruan, zergatik ageri diren soilik eredu heterosexualak, edo zergatik betetzen dituzten gazte horiek denek kanon estetiko batzuk». Antzeko hausnarketa egin du Eskisabelek: «Gure etxean auzitan jartzen ditugun hainbat balioren ekoizle da Go!azen, egungo sexu-genero sistema hegemonikoaren indartzailea baita: indarrean dagoen feminitate eta maskulinitate eredu binario eta heteroaren finkatzaile, gorputz eta nortasun moldeen zein narratutako praktiken bidez». Lehen ataletako trama nagusian, Haizea eta Elene ahizpa bikiak (Paula eta Aitana Etxeberria) Mikel mutilarekin (Markel Gajate) maiteminduta ageri ziren, eta maitasun horrek kolokan jarri zuen ahizpen harremana. Eredu hori kritikatu egin du Eskisabalek: «Egungo genero sistemaren erabateko indartzaile da maitasunaz eta afektuez egiten den proposamena: bikote heteroa da afektuen goia, esate baterako, bi ahizpa bikiren arteko harreman bera auzitan jartzeraino». Sexu berekoen arteko maitasun harremanik ez dela ageri dio Eskisabelek, baina ez hori bakarrik. «Adiskidetasunezko maitasuna erabat lausotuta geratzen da maitasun erromantikoaren indarraren alboan, ez dago bikoteaz haragoko eredurik».
Etxabek uste du halako ekoizpenetan estereotipoen eta harreman moduen inguruan hausnarketak egin behar direla: «Gure haurrei eta nerabeei eskaini nahi dizkiegun erreferentziak nolakoak izatea nahi dugun pentsatu beharko genuke. Gure ustez, gizartean, kalean, familietan eta ikastetxeetan dagoen aniztasuna telebista saioetan txertatu behar dugu: askotariko harreman ereduak, ezaugarri, izaera eta jatorri desberdinetako pertsonak, askotariko gorpurtzak… Go!azen bezalako produktuek duten arrakasta baliatzea ezinbestekoa da, jendartean pil-pilean dauden gaiak ikuspegi hezitzaile batekin bistaratzeko eta lantzeko». Harreman ereduekin bezala, jatorri aniztasunarekin tentuz ibili beharko litzatekeela iruditzen zaio: «Go!azen bezalako telesailetan, besteak beste, kulturaniztasuna gai gisa lantzeak jendarte inklusiboago baterako bidea egiteko aukera ematen digute, eta kultura desberdinetako pertsonak elkarrekin bizi garela ikusaraz dezakegu». Galdera egin dio ETBri: «Zergatik ez txertatu beste herrialde batetik etorri arren euskaraz aritzen diren haur eta nerabeak?».
Garciak esan du adi daudela Go!azen-ek jasotako kritikekin: «Telesailaren inguruan esan eta idazten denari buruz hausnartu dugu, eta, hurrengo denboraldia abian jartzerakoan, informazio horiek guztiak hobetzeko baliatuko ditugu. Dena den, kritikekin batera, gehienek azpimarratu dute ETBk euskarazko produktu bat modan jarri eta asmatu duela, eta gauza handia dela gazteak ETB1era erakartzea». Saioaren eta antzezlanaren datuek baieztatu dute hori.
Labaienek uste du telebista publikoak baduela ardura haurrentzako saioetan transmititzen diren balioetan: «Gizartea ahalik eta ondoena behatu eta islatzeko ardura du, eta eredu eta balio egokiak ematekoa. Horregatik eskatu behar zaio errealitatearekiko begirada landu, zorroztu eta fintzeko, eta ardatza lekuz aldatzeko». Pausoka ekoizpen etxearen saioarekin horretarako «aukera ederra» duela iruditzen zaio. «Ezin zaizkio gabezia guztiak telebistari egotzi, baina exijitu egin behar diogu ahalegina».
Atal berrietarako eskaera egin dute, era berean, Txatxilipurdi elkartekoek: «Telesailak edukietan gehiago sakondu beharko luke, Baliabide berberekin eta telesailaren oinarriei eutsiz, aniztasun gehiago islatzeko aukera aprobetxatu beharko luke. Horrez gain, horrelako produktu batek laikotasunari eutsi beharko lukeela iruditzen zaigu [udalekuetako zuzendaria apaiza da]».
Eskisabelek ohartarazi du «errealitatea ekoizteko makina» dela fikzioa: «Alde horretatik, egungo sexu-genero sistema erreproduzitzea ez da txantxa, horrekin lotuta baitaude oraindik ere neska askok eta gizontasun eredu hegemoniko horretara erabat doitzen ez diren beste mutil askok egunero jasaten dituzte gutxiespenak, gaitzespenak eta minak». ETBk «arreta eta ardura bereziz» jokatu behar duela uste du: «Egiten duen horretan jendartearen askotarikotasuna kontuan hartu beharko luke, eta errealitate berri eta inklusiboagoak proposatu. Kontuan hartu beharko luke Go!azen bezalako produktu bat leziatzailea dela erabat, entretenimendu hutsaren soinekoa jantzita badauka ere».
‘Bago!az’, hilaren 22an
Bestalde, ETB1ek Bago!az izeneko talent-show-a estreinatuko du, hilaren 22an. Irabazleak Go!azen-eko atal berrietako pertsonaietako bat antzeztuko du. Telesailaren hautaprobetako maila ikusita ekin diote saio horri, Garciak esan duenez: «Gure gazteen talentua erakusteko aukera eskaintzeaz gainera, gure nortasuna eta musika zabaltzeko modua ere bada». Hilaren 17an saio bat emango dute, hautagaiak aurkezteko.
kaixo,
Gure bi alabak txora txora eginda dauede goazenekin. Asko gustatzen zaie eta ni pozten naiz euskeraz delako eta guren kantek ikasten dituztelako.
Hori da dena beste guztia gidoiak eta ez zaizkit egokiak iruditzen. Nesken estereotipoa betetzen da beti. Denak politak izan behar dira. Eta oso erromantikoak. Uste dut zerbait gehiago gehitu daitekela ez bakarrik amodiozkko pasadizoak
Erabat ados zurekin!Topikoz josita dago. Eta apaiztegiarena, nori bururatu zaio XXI.mendeko telesail batean eskola eredu hori aukeratzea?