Urolakosta.hitza.eus / 2017-02-12 / 633 hitz
Azpeitian aurrez izandakoak badira ere, lehen aldiz ariko dira Sanagustin kulturgunean Hesianeko musikariak. Larunbatean emango dute kontzertua, eta Hesian azken diskoa aurkeztuko dute. Zuriñe Hidalgo (Gasteiz, 1990) abeslaria gogotsu dago.
Zer moduzko publikoa da Azpeitikoa?
Oso ona. Ez dakit duela zenbat urte egon ginen Azpeitian, baina oso oroitzapen onak ditut. Agian, hori esateagatik batzuek gaizki begiratuko didate, baina Azpeitian eta Azkoitian, bietan egon gara askotan, eta bietan beti izan da giro oso polita.
Disko berriko aurkezpen kontzertua izango da larunbatekoa. Zer-nolako harrera izaten ari da azken lana?
Momentuz, ona. Durangoko Azokan izan ginen, hiru kontzertu eman ditugu… Eta, ikusi dugunagatik, badirudi harrera ona izaten ari dela. Baina uste dut oraindik goiz dela esateko, pixka bat gehiago itxarotea gustatzen zait: jendeari bere denbora ematea diskoa entzuteko, kantak barneratzeko… Uste dut udaberri edo uda aldera ikusiko dugula nolako harrera izan duen.
Zer berezitasun du diskoak?
Nahiko gorabeheratsua da. Ez zentzu txarrean, estilo ezberdinetako abestiak dauzkalako baizik. Agian, lan egiteko eragatik izan daiteke; izan ere, kasu honetan, Franek egin ditu bere kantuak, nik egin ditut nireak, eta gero elkarrekin jarri ditugu. Besteetan, nik ekartzen nuen ideia eta bion artean ematen genion forma, baina oraingoan ez da horrela izan. Horregatik sortu da horrelako potpourri bat, eta horregatik da diskoa berezia, ezberdina edo nik esaten dudan moduan, noria bat. Dauzka sekulako beherakadak eta gorakadak…
Txikia zinela hasi zinen abesten. Nola oroitzen dituzu garai haiek?
Edozein umek bezala, asko kantatzen nuen, nire kabuz edo amonarekin. Eta jendaurrean zein telebistan abesten ere nahiko goiz hasi nintzen, 11-12 urterekin. Alde batetik, ematen du bizitza osoa pasatu dela, eta, bestetik, ematen du atzo izan zela. Ordutik, gauzak zenbat aldatu diren, zenbat ikasi dudan… Baina garai horiek oso politak eta bereziak izan ziren, nola ez.
2010eko urrian hasi zinen Hesianen. Sei urte pasatu dira ordutik. Zer moduzko esperientzia ari da izaten?
Oso ona. Zentzu horretan ere ematen du atzo sartu nintzela taldean. Alde batetik, pertsona bera izaten jarraitzen dut. Baina, bestetik, ikusten dut gauza pila bat ikasi ditudala. Nik uste dut hau mundu bat dela, eta ezagutzen dituzu pertsona pila bat, eta musikari eta pertsona bezala hazten zara pila-pila bat. Etengabeko ikaskuntza da; ze kontzertu batetik edo esperientzia batetik beti ikasten duzu zerbait.
Taldean joan-etorri asko izan dira. Zu hirugarren emakume abeslaria zara. Zaila egin zaizu lekua egitea?
Egia esan, ez. Sartu nintzenean, baneukan errespetu pixka bat. Neure buruari galdetzen nion publikoak nola hartuko ote zuen hirugarren neska abeslari bat. «Agian, ja kokoteraino daude aldaketez, eta paso egingo dute», pentsatzen nuen. Lehen unetik, denok geneukan oso argi lan pila bat egin beharko genuela, Hesianek bere garaian zeukan tokia berreskuratzeko eta hortik gora egiteko. Sekulako gogoa geneukan, eta lan pila bat egin genuen. Dena oso ondo joan da, eta inoiz ez dut sentitu nire burua tokiz kanpo. Zentzu horretan ez daukat inolako kexarik.
Taula gainean asko mugitzen zara…
Ni neu naiz taula gainean. Lurrikara bat naiz oholtza gainean zein behean. Nahiko pipermina naiz, eta kostatzen zait geldirik egotea. Modu natural batean ateratzen zait; oholtza gaineko Zuriñe eta behekoa ia berdina da ehuneko ehunean.
Musika mezuak zabaltzeko tresna bat da?
Bai, noski. Hitzak idaztea niretzat oso garrantzitsua da. Eta horien atzean, beti dago mezu bat.
Batez ere, idazlearentzat zentzua duen zerbait. Nik behar dut zerbait sortzea barrenean, eta horrek eramaten nau hitzak idaztera.
Zaleekin oso hurbileko harremana duzu. Zuzenekoetan, sare sozialetan… Garrantzitsua iruditzen zaizu hori?
Uste dut asko zaindu beharreko kontua dela, eta, gainera, zaleek asko eskertzen dute. Azkenean, horrela demostratzen duzu oholtza gainean kantatzen duzun arren, pertsona normal bat zarela. Ez zait batere gustatzen besteei gainetik begiratzea. Saiatzen naiz gertukoa izaten, beraiek ere ikusteko normalak eta hurbilekoak garela. Norbaitek argazki bat eskatuz gero, baiezkoa esatea eta irribarre batekin erantzutea dagokigu. Agian, egun txarra baino okerragoa daukazu, baina esfortzua egin behar duzu, ze pertsona horrek merezi du. Gu hor goian publikoari esker gaude, eta keinu horiek oso garrantzitsuak dira.