Maite Asensio Lozano / 2017-03-16 / 863 hitz
Gero eta herrialde gehiagotan ari dira onartzen prostituzioa abolitzeko legeak, bezeroak zigortzeko neurriak ezarriz. Europako Parlamentuan izan dute auzia eztabaidagai.
Ikastetxeko zuzendariaren bulegora sartu da neska gazte bat, aita-amekin; goi mailako ikasketetarako orientazio bilera daukate. Zuzendariak hartu du hitza, eta gurasoei azaltzen hasi zaie zein lanbide hobetsi duten alabarentzat, txostenei erreparatuta: prostituzioa. Ofizioa ikasteko eskola bereziak daudela esplikatzen jarraitu du: «Lehen ikasturtean felazioak egiten irakasten dute, eta bigarrenean, sarketa egiteko moduak. Espezializazioak ere badaude: fetitxeak, mozorroak…». Adi-adi daude gurasoak, baina ezinegona nabarmena da neskarengan. Beste aholku bat eman dio zuzendariak: gizon zatarrekin oheratu behar duenean, begiak ixtea eta deskonektatzea izango du onena. «Eta nekatuta bazaude, injekzioak erabil ditzakezu, arazorik gabe lanean segitu ahal izateko». Gazteak negarrez alde egin du bulegotik.
Prostituzioa legeztatuta eta normalizatuta egotearen ondorioak parodia baten bidez azaleratzea du xede La prostitution, un métier? (Prostituzioa, ogibide bat?) film labur frantsesak abolizioaren aldeko gazteek egina. Joan den astean, haren bidez zabaldu zuten prostituzioari buruzko eztabaida Europako Parlamentuan, Bruselan, GUE-NGL ezkerreko koalizioak antolatutako foro feministan. Ez zen edonolako hautua izan: gaia soilik ikuspegi abolizionistatik aztertuko zuen mahaia aurkeztu zuen. Planteamendu horrek adierazten du prostituzioa abolitzearen aldeko jarrera zabaltzen ari dela Europan, besteak beste ezkerreko alderdietan eta beren burua feministatzat dutenetan. «Mugaz gaindiko proposamena izan beharko litzateke abolizionismoa», adierazi zuen Raphaelle Remy-Leleu Frantziako gazte abolizionisten ordezkariak. Eta ildo hori jorratzen ari da Europako Emakumeen Lobbya ere, Bruselako deia leloa duen kanpainaren bidez.
«Lehen, Suediako eredua zen; orain, Europako iparraldeko eredua da, Finlandiak, Frantziak eta Irlandak bat egin dutelako azken urteetan», berretsi zuen Malin Bjork GUE-NGLko eurodiputatu eta Parlamentuko Genero Berdintasun Batzordeko koordinatzaileak hark gidatu zuen mahaia. Prostituzioan diharduten emakumeak ez, bezeroak zigortzean datza eredu hori, eta, ildo berean, irteera programak abiatzean, andre horiei beste aukera batzuk eskaintzeko. 1999an onartu zuten legea Suedian; Ipar Euskal Herrian indarrean da halako bat iazko apiriletik. «Suedian ez dugu prostituzioa debekatu, baizik eta sexu zerbitzuak erostea, ulertzen dugulako harreman ez-parekide batean oinarritzen dela: gizonek, sarri gizon zuriek, pribilegioa dute emakume ez-zurien sexu zerbitzuak erosteko, eta guretzat hori ez da zilegi; abusu bat da», azaldu dio Bjorkek BERRIAri.
Abusu kontzeptua etengabe izan zen adituen ahotan. Izan ere, abolizionismoaren ezaugarrietako bat da prostituzioa indarkeria matxista gisara hartzea, eta ideia hori ñabardurarik gabe defendatu zuten hizlariak gonbidatu zituzten mahaira. Tartean, prostituzioa legeztatuta dagoen herrialde batean jardundako andre bat: Marie Merklinger alemaniarra, SPACE prostituziotik eta abusuetatik bizirik atera direnen erakundeko kidea: «Ezin nuen jasan egunero bortxatua izatea diru truke. Legeztatzea ez da bidea; ez du ezer onik ekartzen. Arriskua ez baitago klubetan edo kalean, baizik eta gizonengan: zutaz abusa dezaketela uste dute».
«Aukerarik gabe»
Denetarik ikusi zuela erantsi zuen, tartean 15-16 urteko neska ugari: «Gizon zaharrekin izaten dituzte lehen sexu esperientziak, eta ez dira atseginak; suntsitzaileak dira. Inork ez die itzuliko lehen muxua, maite duzun norbaiten azala lehen aldiz sentitzearen esperientzia…». Haren ustez, ez dago prostituzioan borondatez ari den andrerik: «Bakar batek ere ezin du esan aukeratuta egin duenik prostituziorako jauzia, baizik eta ez zeukala beste aukerarik».
Tonu berean mintzatu zen Simon Haggstrom polizia suediarra: «Ez dago egunero hamabost gizonekin sexua eduki nahi duen emakumerik. Zentzugabea da prostituzioan jarraitu nahi duten andreez hitz egitea. Sexu langile deitutakoak gutxiengo bat dira; emakume gehienak biktimak dira». Suedian prostituzioan espezializatutako polizietako bat da Haggstrom. Irmo adierazi zuen: «Sexu zerbitzuak erosten dituzten ehunka gizonekin hitz egin ostean, argi diot prostituzioa andreen aurkako indarkeria dela».
Isun ekonomikoez gain, sei hilabetera arteko kartzela zigorra ezar dakieke Suedian sexu zerbitzuak erosten dituzten gizonei, delitua behin baino gehiagotan egiten badute. «Gizonentzat lotsagarria izaten ari da prostituzioa erostea», azaldu zuen poliziak. «Atxilotuen %80k krimena aitortzen dute, epaiketa saihesteko; Suedian publikoak baitira».
Legea eredu gisa
Legearen ondorio da gizonen lotsa hori, Bjorkek nabarmendu duenez: «Horrelako legeen helburua da jokabide arauak ezartzea, eta gizartean eragitea. Feminista gisa, ez nioke sekula esango andre bati ezin duela sexurik saldu, baina ez daukat arazorik gizonei esateko sexurik ez erosteko, ez abusatzeko botere horretaz. Orain badago gazte belaunaldi bat, pertsonak erosi ezin direla jakinda hazten ari direnak». Horregatik dago prostituzioa legeztatzearen aurka: «Alemaniako ereduak instituzionalizatu egiten du emakumeak erostea eta horrek dakarren bortizkeria».
Baina zer gertatzen da prostituzioan jarraitzen dutenekin, bezeroak zigortzen dituzten abagune batean? Irteera programak aipatu ditu eurodiputatuak: «Poliziekin batera, gizarte langile bat joaten zaie, informazioa ematen diete, adierazten diete ez daudela bakarrik, eta horrek indarra ematen die, badakitelako zerbait gertatuz gero poliziak telefono dei batera daudela, eta alde dituztela». Egiteko horretan aritzen da Haggstrom: «Emakume batzuek esaten digute prostituzioan segitu nahi dutela, independenteak direla, baina bizirik irauteko estrategia bat da. Guk ikusarazten diegu gizonek egiten dietena ez dela zilegi».
Sexualitatea, gozatzeko
Remy-Leleuk ere hizpide izan zituen irteera programak: «Baliabide ekonomikoekin, osasunarekin eta migrazioekin lotuta daude. Indarkeriazko sistema horren dimentsioren bat ahazten badugu, ez dugu asmatuko emakumeak eta neskak babesten». Izan ere, prostituzioa oso lotuta dago pobreziarekin, baina emakumeen diru premiak ezin du justifikatu prostituzioa legeztatzea, Bjorken iritziz: «Ez dut uste sexua saltzen duten andreek ezer txarrik egin dutenik: bizitzan, batzuetan, egin behar duzuna egiten duzu. Pertsonak egoera desesperatuetan jartzen badituzu, gauza onartezinak onartuko dituzte, baina horrek ez du esan nahi legez baimendu behar denik hori. Batzuek esango dute auzi hau sexuaren ingurukoa dela eta nire argudioak moralistak direla, baina nik uste dut sexualitatea gorputz osoarekin gozatu behar dela; garrantzitsuegia da Mariek deskribatutako moduan suntsitua izateko».