Urtzi Urkizu / 2017-03-08 / 488 hitz
Kasu bakoitzak bere ezaugarri propioak baditu ere, azkeneko urteetan sortzaile, aktore eta umoregile dezentek jasan dituzte jazarpenak. Sortutako edukiaren gaiarengatik zenbaitetan, pertsonaren ideologia politikoagatik besteetan. Oraingoan, ETB1eko Euskalduna naiz, eta zu? umore saioari eta horko partaideei egokitu zaie.
2015eko urrian, PSE-EEk, PPk, UPDk eta Covite kolektiboak gogor jo zuten EITBren eta Eusko Jaurlaritzaren aurka, Barrura begiratzeko leihoak film dokumentala eman zutelako. Josu Martinez zen zuzendarietako bat. Adierazpen askatasunaren alde azaldu da, «kasu guztietan». «Orain bezala, Urkullu lehendakaria orduan atera zen esanez ez zuela zerikusirik gure filmarekin. Kakak haiei zipriztintzeko beldurragatik da. Espainiako zenbait aparatuk mekanismo guztiak martxan jartzen ditu, kritika txoro batetik hedabideetara, eta laster epaitegi batean amai dezakezu. Beldur horrekin jokatzen dute».
Gotzon Sanchez aktorea Coca-Colaren iragarki bateko protagonistetako bat izan zen 2014an, eta Dignidad y Justicia elkartea El Mundo egunkarian jazarri zitzaion, presoen eskubideen alde azaltzeagatik. «Iragarkia kentzeko eskatu, eta Coca-Colak berehala erretiratu zuen. Gero, enpresak joko bikoitza egin zuen: ikusita jazarpen ideologikoarengatik zigorra jaso zezakeela, esan zuen kendu zuela ez zelako funtzionatzen ari». Egunotako kasuan ere adierazpen askatasunaren aurkako erasoa dagoela uste du: «EITBk saioa webgunetik kendu badu Jaurlaritzak eta PSEk eskatu diotelako, gauza bera da. Dignidad y Justiciak Coca-Colari iragarkia kentzeko eskatu ziotenean bezala. Zer gertatuko litzateke saioko ekoizpen etxeak salaketa jarriko balu EITBren aurka?». Sanchezek esan du saioaren ustezko mina aitzakia gisa erabili dutela, erasoa sorrarazteko. «Espainiarrei buruzko bakarrizketak badaude; adibidez, Goyo Jimenez umoregilearena [sarean dago]».
‘El guardián invisible’ filma
Azkeneko egunotan, zenbait komunikabidetan eta sare sozialetan iseka oso gogorrak jaso dituzte Euskalduna naiz, eta zu? saioan agertzen ziren pertsonek. Haietako bat Miren Gaztañaga aktorea da; El guardián invisible filmean parte hartu du, eta pelikula horren aurkako boikot eskaera jarri zuten martxan sarean. Pelikularen ekoizpen etxeak, zuzendariak, Dolores Redondo idazleak eta Marta Etura aktoreak ohar bat kaleratu zuten berehala, espainiarren aurkako «errespetu faltak» arbuiatzeko, eta adierazteko Gaztañagaren parte hartzea «oso-oso txikia» dela filmean. Martinezek eta Sanchezek filmekoen jarrera kritikatu dute. «Korporatibismo falta ikaragarria egon da. Kidetasun falta handia dago, oso itsusia», dio Martinezek. «Zer maila eskasa», esan du Sanchezek. Asaldatuta mintzatu da Facu Diaz umoregilea ere —2015ean Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izan zuen Diazek, PPri buruzko esketx batengatik—: «Erotu egin nintzen filmekoen oharra irakurrita. Lobby txiki baten presioagatik, ekoizpen etxeak bazterrean eta hankaperatua utzi du Gaztañaga». Euskaldunei buruz umorea egin denean ez dela halakorik gertatzen uste du. Egoerarekin kezkatuta dago: «Umorea egiteko orduan pauso txiki bat harago joan direnei jazarri zaizkie, eta sorgin ehizak toleratu egin ditugu sarri».
Lobby-en lana kokatu du Sanchezek: «Badago espainiar nazionalisten sektore oso gogor bat beti egongo dena euskal herritarroi bizitza ezinezkoa egiten, bitarteko guztiekin. Ikusten badute aukera zirikatzeko eta hautsa astintzeko, hala egingo dute. Haiek justu nahi dutena da erantzuten ari garen bezala erantzutea». Aktoreak uste du «iskanbilaz» elikatzen direla. Diazek, berriz, esan du erasoa orain Gaztañagari egokitu zaion bezala datorren astean «edonori» suerta dakiokeela. «Hurrengoa zu izan zintezke. Diskursoa irabazi nahi dute jendea engainatuz eta sinistaraziz bromak gure iritziak direla».