Ainhoa Oiartzabal Azketa / 2017-03-17 / 170 hitz
Nafarroako Euskararen Legeak ezarri dituen zonifikazioak, eskubide diferenteak dituzten nafarren herrialde bat eraiki du. Hau da, Tuterako herritar batek eta Leitzako batek ez dituzte eskubide berberak bizi diren, lan egiten duten, zergak ordaindu eta tokiko zerbitzuak erabiltzen dituzten herrialde berberean. Hizkuntza eskubideei dagokionez, batzuei ez baitzaizkie aitortzen.
Atzo Nafarroako Parlamentuak eginiko tramiteekin mugitu ziren pixka bat marra horiek. Eremu ez-euskaldunetik irten eta eremu mistora sartzeko eskatu duten 11 udalerriri aukera zabalduko baitzaie pauso hori emateko.
Baina bide hori egitearen kontra, betiko muga eta marrek bere horretan jarraitzen dute: PSNk adibidez, atzoko tramitazioaren kontra bozkatu zuen, eta salatu zuen euskara ofizial bihurtzea dela benetako asmoa.
Hizkuntza bat bere eskubide guztiekin aitortzea mehatxu gisa hartuta, nekez gaindituko dira Nafarroan herritarrak zatitzen dituzten egoerak.