Loiola Aretxabaleta / 2017-03-15 / 290 hitz
Azken aldiko gertakari batzuk eta, batez ere, asteburu honetako batek, oroimenean oso atzera eraman nau, 90eko hamarkada hasierara. Euskal Herriko beste ehundaka gaztek bezala, modu antolatuan soldaduskari, gure kasuan espainiar ejerzitoari, uko egin genioneko garaietara, intsumiso egin ginenekoetara.
Gogoan dut orduan, orain 25 urte, KEM erakundearekin batera desobedientzia ekintza batean parte hartu genuela, “ekintza zuzen ez biolento” deitzen genuenetakoa. Eta gogoan, baita, nola egiten ziguten barre lagunek, ezker abertzaleko lagunek, “lurrean eserita zerbait lortzekotan bazarete”.
Urte dezente geroago, orduan ezer lortuko ez genuela uste zutenetako batzuk ikusi ditugu, eta zein poza!, non eta lurrean jesarrita, Ondarroan, Gasteizen edo Loiolan, “herri harresietan”. Borroka baketsua bortxa erabiltzeko eskumena legez jaso dutenei aurre egiteko, poliziaren indarkeria agerian uzteko; hara lorpena!
Performance nostalgikoa
Bortxarik gabekoa da orain Ezker Abertzalearen borroka moldea. Erabakia hausnarketa luze baten ondoren hartu ei da, eta ez dago jokabide aldaketa eragin duen kanpo faktore bakar bat ere. Atzo itzalpean zirenek itzalpean jarraitzen dute, piperpotoek koartel atarietan eta maderoak ezker eskuin egurra banatzen, baina Ezker Abertzale ortodoxoenak, hots, gehiengoak, agudo barneratu du fase berria, eta kasik ez du gogoratu ere egiten herenegunera arte sustatu zituen ekintza moldeak; ez da alferrik oso mugimendu disziplinatua izan beti.
Ahanztura horrek babestua, EH Bilduk “modu irmoan” gaitzetsi ditu Iruñeko istiluak, bateren batek sarean “performance nostalgiko” deitu zituenak. Nostalgia zerena, jada izendatu ere egiten ez den kale borrokarena?
“Gizartearen gehiengoak aukeratutako bidea oztopatzea dute helburu”, dio EH Bilduk ezagutzera emandako oharrak. Ados, baina… ez al zen horrela orain hogei urte ere? zenbat denbora eta indar galdu dugu? noren mesedetan?
Jar gaitezen guzti-guztiok ispilu aurrean, eta egin dezagun, gutariko bakoitzak banan-banan, indarkeriaren erabilerari buruzko hausnarketa zintzoa. Zein sinesgarritasun dugu Iruñeko istiluak eragin dituztenen aurrean? Nola jesarraraziko ditugu lurrean, nola erakarri borrokaren molde berrietara, hau da, “indarraren alde argitsura“?