Edu Lartzanguren / 2017-03-17 / 1081 hitz
Laster, lan egitea bideo jokoetan aritzea bezala izango da, eta robotek ez dituzte gizakiak ordezkatuko, gizakiak teknologiak ahaldunduko dituelako. Hala esan dute, behintzat, errealitate areagotuaren profetek. Baina ez da futurismoa: aurten da horren eztanda enpresa munduan.
Errealitate areagotuaren bidez eta teknologia jantzigarriarekin, homo smart sapiens-a sortzen ari gara, etorkizuneko supergizakia». Hala esan du Pablo Ayala ingeniariak, Innovae enpresako sortzaile eta zuzendariak. Errealitate areagotuan, mundu erreala eta ordenagailuz sorturikoa nahasi egiten dira. Udako sukarra eragin zuen Pokemon Go jokoak, baina, adituen arabera, teknologia horri asko falta zaio aisialdia konkistatzeko. Industria munduan, ordea, aurten gertatzen ari da errealitate areagotuaren loraldia.
«Oraintxe da eztanda. Orain hartu behar da olatua», esan du Diego Sagasti adituak. Errealitate areagotuaren inguruko ikastaroa eman zuen asteazkenean Donostiako teknologia parkean, eta hainbat teknologia erakutsi zien zuzenean. Benetako adibideak eman ditu Sagastik, eta Euskal Herriko enpresa batean arrakasta handiz ezarritako sistema baten berri eman du. «Pertsona bakarrak zekien enpresa horretan nola konfiguratzen zen makina lerro bat». Lerro horrek egunean 24 orduz egiten zuen lan. Gaueko txandakoek ez zekiten nola konfiguratu, eta, batzuetan, goizeko hiruretan deitzen zioten. «Gailu batekin pertsona bati ahalmena eman genion aplikazio bati jarraikiz makinak konfiguratzeko 40 urratsak egiteko, errealitate areagotuaren bidez». Tableta arrunt batekin: makinara begira jarri eta aplikazioak esaten dio orain edozein langileri non sakatu behar duen, non sartu behar duen datu bat… «Jende gaztea oso pozik dago, aplikazioak lagundu egin dielako prozesua ulertzen».
«Hau bai, azkenean!»
Beteranoa da Joseba Laka Tecnaliako IKT ataleko zuzendaria errealitate birtual eta areagotuaren munduan. 1996. urtean hasi zen horrekin lanean. Gogoratzen duenez, lehenengo eztanda hartan kaskoak astunak ziren, kable ugari eraman behar zituen erabiltzaileak, eta irudien erresoluzioa oso txikia zen.
Laborategi eta tailerren espazioa hiru dimentsioetan erreproduzitzea zen orduko erronka. «Bideo jokoetakoen moduko motore grafikoak erabiltzen genituen, first person shooter jokoetakoak», esan du.
Burbuila izan zen ordukoa, eta burbuilek ohi duten bezala, lehertu egin zen. «Ematen zuen sekulako iraultza izango zela, baina ez, asko garatu behar zen oraindik», adierazi du, «izan ere, teknologian beti saltzen da oraindik ez dagoena».
Dagoeneko klasiko bihurtu dira Gartner teknologia enpresak teknologia berrien zabalkundearen dinamika azaltzeko eginiko kurbak: hasieran, zarata handia sortzen da mundua ustez aldatuko duen azken teknologia iraultzailearen inguruan. Gero, ikusten da errealitatea askoz apalagoa dela, baina, halere, gero aurrera egingo duela teknologia berriak. Amara Legean laburbiltzen da fenomenoaren emaitza: teknologia baten epe motzeko eragina behar baino gehiago handiesten du gizarteak, baina epe luzekoa gutxiesten du.
Horrela gertatu zen orduan ere. Ia industria militarrean bakarrik jarraitu zuten errealitate birtual-areagotuaren teknologia garatzen. Baina 2012an, Rift kamera plazaratu zuen Oculus konpainiak, eta orduan hasi zen gaurko eztanda. Bitartean, gainera, planeta kamerez bete da, sakelako telefono adimendunen bidez. Azken udan, Pokemon Go jokoak sukarra eragin zuen mundu osoan. Errealitate areagotua zuen oinarri, eta inoiz gehien deskargaturiko jokoetako bat da (650 milioi deskarga, otsailaren 27ko datuen arabera).
«Errealitate areagotuaren bigarren belaunaldian gaude orain», esan du Lakak. «Errealitate birtuala ondo dago, baina areagotua da industrian benetan erabilgarria». Zergatik? Birtualak benetan existitzen ez diren munduak sortzen dituelako ordenagailuen barruan, baina areagotuak benetako munduarekin aritzeko aukera ematen duelako.
Kaskoa da horretan erabakigarria. Lakak azaldu duenez, industrian tabletak edo telefonoak ez dira horren baliagarriak, langileari eskuak libre uzten ez dizkiotelako. Lehenetako bat Google Glass hura izan zen (2013-2015), baina ez zuen gainditu neurriz gaineko itxaropenen gailurra. «Desastre bat izan zen», Lakaren arabera, autonomia txikia zuelako eta ikusleari adierazgailu txiki bat baino ez ziolako eskaintzen.
Orain, ordea, errealitate areagotu mistoaren gainean eraikitzen ari da bigarren belaunaldia. Errealitate areagotu mistoan, betaurrekoak, edo kaskoak, gauza dira aurrean dutena ezagutzeko. Microsoften HoloLens betaurrekoekin, errealitate areagotu mistoaren abiada «zerotik ehunera» pasatu dela uste du Lakak. 2016ko urrian jarri zituzten salgai hainbat herrialdetan, eta Laka eta lankideek orduan eskuratu zituzten. «’Hau bai, azkenean! Hau izugarri erabilgarria da’, esan genuen».
Betaurreko ilunak bezalakoak dira, eta bozgorailuak dituzte; beraz, aurrean duena ikusten du erabiltzaileak, eta horren gainean, betaurrekoek proiektaturiko irudiak eta testua. Horrez gain, soinuaren bidezko informazioa jaso dezake, eta bozgorailuak estereofonikoak direnez, soinuak espazioan nondik datozen benetako munduan bezala lokaliza dezake erabiltzaileak.
Edonola ere, teknologia oraindik ez dagoela guztiz garatuta adierazi du Lakak, urteak falta direla. «Baina HoloLensekin badago benetan aritzeko aukera».
Bigarren belaunaldiaren hasieran dago teknologia. Lakaren arabera, aurten neurriz gaineko itxaropenen gailurrera helduko da kontsumoaren munduan. Baina industrian eta erabilera profesionaleratako, argitzearen maldan dago dagoeneko, eta 2019. urtetik aurrera benetan nagusituko da. «Enpresa askotako biltegietan ere, langileak errealitate areagotuko betaurrekoekin ikusiko ditugu laster».
Dagoeneko ari dira. Barautsak eta fresak egiten dituen Zornotzako (Bizkaia) Izar Cutting Tools enpresarentzat, errealitate areagotuan oinarrituriko sistema bat eratu du Unai Baezaren Virtualware enpresak. Ekoizpena kontrolatzeko sistema bat da: «Langileei denbora errealean esaten die ekoizpena nola dagoen, erabakiak hartzen laguntzeko». Horrez gain, ibilgailu hibridoen segurtasunaz trebatzeko sistema bat sortu du Basauriko enpresak (Bizkaia). Auto elektriko batek istripua badu, nola jokatu behar den irakasteko aplikazio bat da. «Suhiltzaileek eta larrialdietako beste langileek ez dakite halakoetan zer egin ez elektrokutatzeko», esan du Baezak. Tableta batek ezagutzen du zer motatako autoa duen aurrean, eta informazioa ematen dio langileari: nola itzali behar duen, edo motorea nola ireki behar duen.
Aragoiko (Espainia) ur araztegi batean, HoloLens betaurrekoen bidez, plantak sortzen dituen datu guztiak denbora errealean ikus ditzakete langileek, Donostiako Innovae enpresak ezarritako sistemari esker: «Zenbat ur sartzen ari den, zein biltegi dagoen beteta une horretan…», esan du Pablo Ayala zuzendariak. Espezialistak dira errealitate areagotuan eta birtualean, eta hamar urte baino gehiago daramate horretan lanean. Sare elektrikoen mantentze lana egiten duen enpresa batekin ere aritu dira. Ehunka mila volteko instalazioetan, informazio teknikoari segurtasun geruza bat gehitu diote. «Orain belaunaldi txanda gertatzen ari da, eta erretiroa hartzen ari diren langileen esperientzia falta dute gazteek. Errealitate areagotuak asko laguntzen du horretan».
Gailu digitalekin eta bideo jokoekin hazitako langileek berehala heltzen diete errealitate areagotu sistema hauei, Sagasti adituaren arabera. «Uau! efektuaz baliatzen saiatzen gara, lan aspergarri edo zailak interesgarriago egiten eta joko bihurtzen». Sagastiren aburuz, Errealitate areagotuak, prozesuak merkatzeaz gain, aukera ematen dio enpresari hobeto ulertzeko bere prozesuak, eta, horren bidez, nola hobetu ekoizpena». Aurten hasi dira probako proiektuak fruituak ematen. 2022rako 75.000 milioi euroko inbertsioa egongo da munduan.
Langilea robotaren aurka
Langileak robotekin ordezkatzeko prozesua gelditzeko balio dezake errealitate areagotuak, adituon arabera. «Errealitate areagotuak gure gaitasunak handitzen ditu, eta langilearen balioa biderkatzen du». Ayalaren aburuz, teknikariei boterea emateko modu bat da, «gizakiak teknologiaren bidez eraginkorragoak, boteretsuagoak eta adimentsuagoak egiteko». Zaila izango da robot batek gizaki areagotu batek baino hobeto egitea gauzak, gizakiak erreakzionatzeko ahalmena duelako espero ez daitezkeen gertaerei aurre egiteko, Ayalaren arabera. «Teknologia honek lagundu egingo die gizakiei lanpostua gordetzen, makinek dituzten baldintza berdinak emango dizkietelako: hau da, konexioa eta informazioa denbora errealean. «Orain arte, ordenagailu batera joan behar zuten gizakiek horretarako; orain, begien aurrean dute».