Gazteberri / 2017-03-02 / 744 hitz
Islandiako gobernuak 15 eta 16 urte bitarteko gazteen artean alkoholaren gehiegizko kontsumoa drastikoki murriztea lortu du. Horretarako, besteak beste, aisialdi aktiboa sustatu du nerabeen artean. Eztabaida handia piztu dute hartutako neurriek baina Europar Batasunak antzeko eredua garatu nahi du arazo horri irtenbide bat emateko.
Harvey Milkman Reikiavikeko Unibertsitatean psikologia irakaslea da. Milkman-ek egindako tesiaren arabera, droga eta alkoholaren kontsumoak pertsonek izaten duten estres eta antsietate-mailan eragin zuzena du. Gainera, estres horren kontrako neurriek kontsumitzen diren drogak ere baldintzatzen dituzte. Adibidez, arazoari aurre egiten diotenek anfetaminak kontsumitzeko joera handiagoa omen dute eta arazoa onartzen ez dutenek, aldiz, heroina bezalako drogetara jotzen ohi dute. Tesi horrek islandiar agintarien interesa piztu zuen. Izan ere, gure inguruko herrialde gehienetan bezala, gazteen alkohol eta drogen gehiegizko kontsumoa arazo handia zen Islandian. 1998. urtean, adibidez, azken hilabetean gutxienez behin mozkortzen ziren 15 eta 16 urte bitarteko gazteen kopurua % 42koa zen.
Esan bezala, alkoholaren gehiegizko kontsumoa gazteen artean arazo handia da hainbat lekutan. Erakunde publikoek kontsumo hori murrizteko saiakera desberdinak egin izan dituzte baina emaitzak ez omen dira espero zena bezain onak. Orain, berriz, bada eredutzat har daitekeen modeloa; Milkman-ek islandiar gobernuarentzat garatu duena, hain zuzen ere. Aipatu programari esker Islandian gazteen artean den drogan eta alkohol kontsumoa nabarmen murriztea lortu dute. ‘Youth in Iceland’ programari esker, bi hamarkadetan alkoholaren gehiegizko kontsumoa aipatu
% 42tik %5era murriztea lortu dute. Programa esku-hartze zuzen eta globaletan oinarritzen da: ikastetxe eta gurasoen arteko lankidetza, debeku garrantzitsuak ezartzen dituzten legeen promulgazioa edota etxeratze-aginduak adingabekoentzat.
Etxeratze-aginduena izan zen, hain zuzen ere, ezarri zen lehen neurrietako bat. Modu horretan, 13 eta 16 urte bitarteko gazteek etxean izan behar zuten gaueko hamarrak baino lehen neguan eta gauerdia baino lehen udan. Xedea, familia arteko harremanak sendotzea zen, hots, gazteek denbora gehiago familiartean ematea.
Etxeratze-aginduen neurriarekin batera, gobernuak debeku-neurri garrantzitsuak ezarri zituen: debekatuta dago alkohola saltzea 20 urtetik beherako gazteei eta tabakoa saltzea 18 urtetik beherakoei eta, aldi berean, debekatuta dago alkoholaren eta tabakoaren edozein publizitate.
Neurri horiek guztiak oso zuzenak eta eztabaidagarriak izan ziren baina horien guztien gainetik, eztabaida gehien sortu zuena eskolaz kanpoko jarduerena izan zen. Gobernuak nerabeen artean jarduera horiek masiboki sustatu ditu: kirol-jarduerak, artistikoak… Modu horretan, gazteek dituzten aisialdi tarteak bete nahi izan dira fisikoki zein psikologikoki droga eta alkoholaren kontsumoa baino onuragarriagoak diren jarduerekin. Neurria ezarri eta denbora gutxira gazteen estresa eta antsietatea murriztu egiten zela egiaztatu zen.
Neurri horiek guztiek kostu ekonomiko garrantzitsua izan dute estatuarentzat baina agintariak pozik azaldu dira lortutako emaitzekin. Adibidez, familia bakoitzak hilero 300 euro inguru jasotzen ditu seme-alaba bakoitzeko eskolaz kanpoko jarduerak ordaindu ahal izateko.
Estatuan Osasun ministroa Dolors Montserrat neurri zorrotzen alde azaldu da. Espainian azken hilabetean gutxienez behin mozkortzen diren nerabeen kopurua % 24,6koa da eta 14 urteko gazteen artean %14,2k azken hilabetean gutxienez behin mozkortu dela onartzen du.
Europar Batasunak arretaz jarraitu du Islandian garatu den eredu hori eta, horren ildora, ‘Youth in Europe’ ekimena sortu da. Bertan, 17 herrialde desberdinetako 35 udalerrik hartzen dute parte eta Islandian jarraitu diren urratsak jarraitu nahi dira. Espainian, Tarragona da programa ezarriko duen lehen hiria.
Fundación de Ayuda contra la Drogadicción (FAD) erakundeko presidente Ignacio Calderón-ek programa horren inguruko zalantzak azaldu ditu. Calderón-en ustez, ezin da Islandia bezalako herrialde baten esperientzia Espainiara estrapolatu. Bere ustez, “kultura guztiz desberdinak dira eta Espainian droga- kontsumoa fenomeno kulturala da”. Calderónek azaldu duenez, “Espainian kontsumo eredu mediterraneoa zen nagusi, baina azken urteetan iparraldeko eredua nagusitu da, hots, kontsumo masiboa. Horren adibide garbiena, adibidez, botilioia dugu”. Hala ere, kontsumo eredu horrek ondorio kaltegarriagoak izan ditu hegoaldeko Europan eguraldia epelagoa delako eta gazteak denbora gehiago eman dezaketelako kalean.
Calderón ez da errepresio-neurrien aldekoa. Bere ustez, horrelako neurriek epe motzean emaitzak hobetzea lor dezakete, baina arazoari benetako soluzioa emateko hezkuntzan eta kulturan lan egin beharko litzateke. “Familiak arriskuen prebentzioan trebatu beharko lirateke baita 12 eta 14 urte bitarteko gaztetxoekin lan egin ere. Baina horrek kostu handia du eta inork ez du bere gain hartu nahi”.
Tarragonako Udaleko Menpekotasun Prebentziorako Zerbitzuko Patricia Rosek bestelako iritzia du. Rosen ustez, Islandian burutu den programak badu Espainian izan diren saiakeretatik desberdintzen duen osagai bat. Izan ere, Rosek azpimarratzen duenez, kirola sustatzea droga eta alkoholaren kontsumoa saihesteko ez da ideia berria. Bada, berriz, ideia hori garatzeko jarraitu den ibilbidea: “kirola kontsumo horiek ekiditeko prebentzio faktorea izan daitekeela jakiteko ez dugu azterlan baten beharra. Baina Islandian nerabe guztiek kirola doan egiteko ezarri duten sistema bada berria. Gure artean, eskola-kirola amaitzen denean kirola egin ahal izateko talde pribatu batera jo behar duzu eta talde horietan lehiaketa da garrantzitsuena. Gazte guztiek ez dute maila horretan kirola egin nahi; batzuentzat kirola hobby bat besterik ez da baina adinaren arabera maila horretan aritzea zaila izan daiteke”.