Gazteberri / 2017-04-05 / 630 hitz
Adituen ustez, hurrengo 30 urteetan robotak egun gizakiok egiten ditugun lan gehienak egiteko gai izango dira. Horrek erronka handia suposatuko du gizadiarentzat gutako askok ez baitu bizitza osoan zehar zer egiterik izango.
Gasolindegira joan, gasolina bota, ordaindu eta joan. Hori egitea posible da bertako langileren batekin inolako harremanik izan gabe. Gauza bera supermerkatuetan edota beste hainbat salmenta puntutan. Adituen ustez, azken urteetan izan diren aurrerapen teknologikoak direla eta, laster robotak gizakiok egiten ohi ditugun lan guztiak egiteko gai izango dira. Hori horrela bada, hurrengo hamarkadetan mila milioika langile zer egiterik gabe geratuko dira, gizadia inoiz aurre egin behar izan duen erronka handienetakoaren aurrean utziz. Aditu horien ustez, eta egun diren aurreikuspenak beteko balira, herrialde aurreratuenetan langabezia tasa % 50etik gorakoa izango litzateke. Ongi etorriak laugarren industria iraultzara.
Robotak prest daude hainbat lan mekaniko egiteko. Pasa den mendearen 70eko hamarkadan robotak industrian aritu dira lanean, adibidez, automobilgintzan. Baina aurrerapen teknologikoak direla eta, adimen artifizialean aurrerapausu handiak eman dira eta lehen garaiko robot horiek ez dute zer ikusi handirik egungokoekin. Eta, halabeharrez, galdera hau egin behar diogu gure buruari: robotek gure lana egin behar badute, zer egingo dugu guk? Erantzun erraza ez duen galdera da; ez behintzat, aspektu filosofikoetan sartu nahi ez badugu. Izan ere, hainbat adituentzat lana izan da gure bizitzari nolabaiteko zentzua eman dion elementua. Lana izan ohi da bizitzan zehar gauzak lortzeko tresna baina, lanik gabe zer geratzen zaigu?
Horixe da, hain zuzen ere, Japoniako Fukoku Mutual Life Insurance aseguru-etxeko 34 langilek pentsatuko dutena. Izan ere, urte honen hasieran langile horiek kaleratuak izan dira eta euren lana IBM enpresak garatu duen algoritmo batek egingo du.
Ez gara, beraz, zientzia-fikzioaz ari. Robotak eta adimen artifiziala jada gure artean daude; gure errealitatearen parte dira eta horrekin bizitzen ikasi beharko genuke. Pasa den hilabetean Europako Parlamentuak adimen artifizialaren industria arautzeko eskaera luzatu zion Europar Batasunari. Parlamentuan, besteak beste, robotikaren alderdi etikoen inguruan eztabaidatu zen, hots, roboten eskubide eta betebeharren inguruan eta, azken finean, gizaki eta roboten arteko harremanaz. Horren inguruko lehen hausnarketa Isaac Asimovek egin zuen jada duela 75 urte. Asimovek robotikaren oinarrizko hiru legeak idatzi zituen Gurpil zoroa kontaketan. Kontaketa horretan zehazten denaren arabera, gizaki eta roboten arteko harremanak zehazten dituen lehenengo legearen arabera, robotek ezin izango dute gizakiei kalte egin eta, ahal duten neurrian, edozein gizaki kaltetuta izatea ekidingo dute. Bigarren legearen arabera, robotek gizakiok emandako aginduak bete beharko dituzte, beti ere, lehenengo legearen kontra egiten ez badute. Eta, azkenik, robotek bere izatea defendatuko dute, baina aurreko bi legeak urratu gabe.
Europako Parlamentuaren proposamenak haratago joan nahi du eta, besteak beste, robot eta gizakien arteko ezkontzek sor ditzaketen arazoak aurreikusten ditu.
Beraz, badirudi saihetsezina den fenomeno baten aurrean gaudela. Hala ere, badira horren guztiaren alderdi positiboak azpimarratu nahi dituzten adituak. Horrela, aditu horien ustez, robotek lan mekanizatuak egiten dituzten bitartean, gizakiok lan sortzaileagoak egiteko aukera izango genuke. Zentzu horretan, etorkizunean orain ez diren lanak ere sortuko direla azpimarratzen dute. Era berean, robotek gizakiaren lana osatu ahal dutela nabarmentzen dute, hots, gizakientzat arriskutsuak edo ezinezkoak diren lanak egin ahal dituzte. Lehiakide izan beharrean kide izaten ikasi behar genukeela azaltzen dute aipatu aditu horiek. Zenbait ekonomialarien ustez, robotetan oinarritutako ekonomia bat lehiakorragoa izan daiteke eta bertatik eratorritako etekinak gizakien artean bana daitezke, adibidez, oinarrizko errenta unibertsal baten bidez.
Izan ere, gurea ez da mekanizazio masibo bati aurre egin behar dion lehen belaunaldia. Lehen industria iraultzaren garaian ere makinek lan guztiak egin behar zituztela uste zuten eta azkenean, kalte baino, aukera berriak zabaldu ziren. Oraingoan ere, beraz, arriskuak baino aukerak sor daitezkeela azpimarratu beharko litzateke. Garbi dago robotek bere gain hartuko dituzten (jada egin dute) lehen lanak trebakuntza maila baxuagoa duten horiek izango direla. Hori horrela izanik, belaunaldi gazteenek trebakuntza maila altuagoa behar izango dute lan merkatuan sartu ahal izateko eta horrek, zuzenean, eragin positiboa izango du hezkuntzan.
Pilota, beraz, gure teilatuan dago. Robotek ordezkatuko gaituzte ala lagunduko gaituzte?