Orain dela aste batzuk, lagunok dugun Whatsapp-eko taldetik hizketan ari ginen arrastian ea zer egingo genuen berbaz. Batek Algortako Galean dagoen dorre batera joatea proposatu zuen eta nik, alfer nenbilenez, zertarako galdetu nion. Bere erantzuna zuzen zuzena izan zen, Instagramerako argazki batzuk ateratzera.
Plana ez zen txarra, baina erantzun hori entzutean odola irakiten hasi zitzaidan. Instagramen kontu bat eginda daukat eta maiz aski erabiltzen dut, gainera, lagunekin egiten ditudan argazkiak igotzea gustukoa dut. Honekin argitu nahi dudana haserretu ninduena ez zela Instagram hitza izan, planaren objektiboa edo xedea Instragram izatea baizik. Nire ustez gertaera hau seinale magiko arraro antzeko bat izan zen, hurrengoaz konturatu nintzelako.
Teknologia berriek aspertzen hasi naute, mugikorrek gehienbat. Arratsalde batean lagun batek ehunka argazki egiten dituenean, lokalean egonda ere, zerbait negatiboa sentitzen dut barrutik. Irteera bat egiten denean eta sare-sozialak barreen gainetik ipintzen direnean, txarto sentitzen naiz. Teknologia berriek txarto sentiarazten naute, eta froga gehiago dauzkat! Albisteetan beti uzten dute programaren atalen bat teknologiari buruz mintzatzeko, robotak, dronak, aplikazio berriak smartphonetarako, garraioak, armak…
Honelakoak ikustea ez nau batere pozten, egia esanda guztiok barruan dugun zati filosofikoa ateratzen zait. Teknologia berriek gure bizitzak erraztu ez ezik, hobeak egiten dituzte; hala nola, berrikuntzak osasungintzan; ezin dut horren aurka egin! Baina hiru lerro gorago aipatu ditudan gauzen aurka, aldiz, bai. Etorkizunari buruz dauzkagun ideia surrealistak, auto hegalariak, robotak gure gizartean, bizitza guztiz mekanizatuak, besteak beste, oso grisak iruditzen zaizkit. Beraz, nire ikuspuntutik, gero eta posibleagoa den etorkizun “futuristaren” ideia, oso penagarria da.
Espero dut jendea bere kabuz konturatzea teknologiari diogun menpekotasun honi, eta drogen urte gogorretan gertatu zen bezala hau bertan behera uztea.