Ainhoa Mariezkurrena / 2017-04-27 / 420 hitz
“Merkatuak gure uteroak alokairuan uzteko eskaintza ez dugu emakumeok sortu. Pertsona aberatsen eskariak sortzen du emakume txiroen eskaintzarako beharra”. Auziari ikuspuntu feministatik heldu dion EHUko Zuzenbide Fakultateko irakasle Arantza Camposen hitzak dira.
Gestazio subrogatuak kontraesanak sortzen ditu jendartean. Emakumeen gorputzaren askatasuna edo erabilera, legala edo ilegala, negozioa, elkartasuna… Arantza Campos irakasleak ikuspuntu feministatik hitz egin digu, “emakumeen eta euren eskubideen defentsan”.
“Ekintza honen arrazoi nagusia negozioa da, oso emakume gutxik edo inork ez baitu egiten tartean dirurik ez badago”, dio Camposek. Dioenez, bizitzako beste hainbat esparrutan bezala, dirua duen eta dirua behar duen jendea dago eta, hortaz, finantza-interesek uteroen alokairua babesten dute: “Zenbat emakume aberatsek erdituko dute bitartekorik gabeko emakume txiroentzat? Hortaz, zer da haurdunaldi solidarioa? Gizon aberatsek emakume txiroak erosten dituzte; hori da errealitatea”.
Gestazio subrogatua legezkoa da Europako hainbat lekutan: Errusian, Ukrainan, Grezian, Georgian eta Erresuma Batuan, esaterako. Espainian legez kanpokoa da; erditzen duen emakumea da legalki umearen ama. Frantzian ere delitua da eta isun ekonomikoarekin zein kartzelarekin zigortu daiteke. Hala ere, bada bide horretara jotzen duen jendea. “Ezkutukoa denez, ezinezkoa da zifra zehatza jakitea, baina ‘Son nuestros hijos’ (Gure seme-alabak dira) gestazio subrogatu bidezko familien elkartearen baitan, 100 bat izan dira 2016an hautu hori egin dutenak Hego Euskal Herrian”, kontatu digu Camposek.
Haurra jaio ostean ere, inkubagailu lana egin duen emakumea arretagai
“Emakumeen gorputzen alokairua legeztatzeak, bederatzi hilabetez euren askatasuna eta autonomia desagertzea ekarriko du. Gorputz horiek erosleen eskuetan egongo baitira”, dio Camposek. “Saldu eta alokatzen diren gorputzak emakumeonak dira eta eurak dira jabeak. Baina apenas jartzen den arretarik haien gain. Garrantzia ematen zaio inkubagailu lana egiteari eta denbora horretan haurrari jana, edana, odola eta berotasuna emateari. Behin haurra jaio ostean emakumearen gorputza eta haren osasun mentala ez dira inorentzat lehentasuna. Obulo ernalduak ezartzean, haurdunaldia aurrera daraman emakumea “desagertu” egiten dela esan digu. “Jada garantzia gutxi ematen zaio emakumeari, orain indar handiena beste baten obulo batek izateko ere”.
Feministen ‘Gure gorputzak gureak dira’ aldarrikapenaz ere hitz egin digu EHUko irakasleak. “Baina esaidazu: uteroa alokatu duen emakume batek abortatu dezake ageriko esplotazio eta esklabotza pairatzen ari denean? Noiz arte da gorputzaren jabe? Kontraesan handia da emakumeen eskubideez hitz egitea inkubagailu lana egiten duen emakumeari gertatzen zaiona axola ez zaienean”.
Camposen ikuspuntutik emakumea objektu eta produktu kontsideratzen du jendarteak eta kasu honetan baita umea ere. “Beti izan naiz kritikoa amatasun biologikoarekin, zure odol bereko haurrak izateko obsesioarekin. Bitartean milaka haur miserian bizi dira, mugetan edo gerretan desagertzen dira. Baina nork bere odoleko haurrak eta perfektuak izan nahi ditu. Gaixotasunarekin jaiotzen dena, adibidez, zer? Zalantzan jartzen dut erosleak haur inperfektua nahiko duenik”.