Elixabete Garmendia / 2017-05-30 / 448 hitz
Melania Trump eta bere alaba Ivanka joan den astean Aita Santuari egindako bixitan: beltzez goitik behera, mantelina eta guzti, parpailazkoa amak, sarezkoa alabak. Film esajeratu bateko hiletara zihoazen aktoreen gainaktuazioa zirudien.
Harrigarria ere ez, Trump familiakoak izanda. Laster konturatu nintzen, ordea, Aita Santua ikustera joaten diren emakume ospetsu guztiak horrela jantzita joaten direla —espainiarrak salbu, horiek zuriz joateko pribilegioa baitaukate—. Protokoloak agintzen du hori dena, gonaren luze-laburra eta guzti zehazten duen arauekin. Hizpide izan da hainbat hedabidetan Trump-tarren bidaia horretan bertan Melaniak Saudi Arabian burua ez estali izana, hango arauari muzin eginez. Emaitza: bat eta huts Eliza katolikoaren agintekeriaren alde.
Gizonezkoak, berriz, —Trump ahalguztiduna barne— joan daitezke Vatikanora beti erabiltzen duten janzkerarekin, hau da, traje eta gorbatarekin. Angela Merkelek asmatu du uniforme horren bertsio femeninoa: galtza diskretuak eta txaketa mota berbera beti, kolorez, gaiez edo lepokoaren forman aldatzen dena soilik. Aitortu behar zaio Merkeli konplikazioak ekidin eta praktikotasunerako joera, eta horrela irudi propioa mamitu izana. Hala ere, eskertzen da uniformea haustea gizonezkoetan ere: Giannis Varufakis gogoan —non ote dabil?— gorbatarik gabeko jakarekin, azpitik alkandora iluna edo kamiseta, eta sorbaldan motxila. Bere estiloa laster kopiatu zuen gizonezkoen jantzietako multinazional batek, eta bete zituzten markesinak bolada batean ministro greziarraren klona protagonista zuen iragarkiarekin.
Ez, ez, hala balirudike ere, artikulu honek ez du izan nahi Estiloa eta Joerak sailekoa. Kezkatzen nauena emakumezkoen irudiaren eraikuntza da, bereziki emakumezkoen irudi publikoarena. Berriak gara oraindik andrazkook arlo publikoan; horregatik ez daukagu erabat finkatuta eta itxita eredurik, eta aukera aparta da dagoeneko ezarrita dauden konbentzioak hautsi eta norberaren izaera, joera, bizimodu eta gustuekin bat etorriko den irudia/k gorpuzteko. Gorpuztu, zentzurik beteenean.
Protokoloak eta arauak ez daude, ordea, Vatikanoan bakarrik. Gorputzak diseinatzen dira edertasunaren industriak —kosmetika, jantziak, osagarriak, etab.— erabakitzen duenaren arabera. Eta hor, bi eredu daude: gizonezkoena, indarrari lotua, eta emakumezkoena, sedukziora zuzendua. Publizitateari erreparatzea besterik ez dago; perfumeen iragarkietan ageri dira eskultura klasikoetakoak diruditen gizonezkoen gihar zizelkatuak, femme fatal etereoak eta, dena errematatzeko, ahots sentsual ustekoa —ingelesez ia beti— produktuaren izena eta marka xuxurlatuz. Kurtsikeriaren lehiaketan zein baino zein.
Honenbestez, iragarkietako gizon eta emakumeen irudiarekin liluratzeko bezain inozoak ez izan arren, hor dago beti presioa, xirimiri etengabearen pare. Indarra —femeninoa— behar da horri aurre egin eta beste eredu batzuk eraikitzeko. Horretarako, lehen irizpidea —nire ustez— erosotasuna behar du izan; edertasunaren eta dotoreziaren izenean emakumeoi ukatzen zaigun hori. Baina erosotasuna, ez bakarrik orratz-takoien erabilerari lotuta; erosotasuna, nor bere azalean gustura sentitzearekin neurtuta. Oinarri horren gainean, ziur askotarikoak izango direla emaitzak.
Arlo publikoan dabiltzanek jabetu behar dute beren agerpen eta jardunarekin ereduak eraikitzen ari direla, eragina izango duten ereduak. Irudiarena ez da, ordea, trapu eta lurrin kontua bakarrik; hor daude jendaurrean azaltzeko, mugitzeko eta hitz egiteko modu —eta modak— ere. Esanguratsuak denak. Trump-tarren mantelinak bezala.