“Lehen hitza euskaraz” webgunea eta kanpaina aurkeztu dituzte

Sustatu.eus / 2017-05-16 / 613 hitz

Gaur goizean aurkeztu da Donostian Lehenhitza.eus kanpaina. Gure gailuak euskaraz konfiguratuta izateak duen garrantzia azpimarratu nahi du kanpaina, eta gure gailuak (ordenagailuko nabigatzailea eta mugikorra) euskaratzeko tresnak ere eskaini nahi ditu. Webgunearekin batera, plugin bat (nabigatzailea euskaratzeko) eta aplikazio bat (mugikorraren hizkuntza-konfigurazioa aldatzeko) ere aurkeztu dira. 

Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean aurkeztu dira gaur goizean Lehenhitza.eus webgunea eta kanpaina. Bertan izan dira kanpainaren sustatzaile nagusi diren 4 erakundeetako ordezkariak, Josu Waliño (PuntuEus Fundazioa), Paul Bilbao (Euskararen Kontseilua), Koldo Tellitu (Ikastolen Elkartea) eta Eneko Astigarraga (Codesyntax).

Datu bat emanez hasi dute aurkezpena: gaur egun, euskaldunon nabigatzaileen %80-90 erdaraz dago konfiguratuta. Hau da, kontsumitzen dugun edukia edozein izanik ere, gure lehenengo hizkuntza erdararen bat dela esaten diogu munduari, horrelaxe konfiguratuta daukagulako nabigatzailea (edo mugikorra). Gailuak konfiguratuta erosten ditugu geihenetan, eta horrelaxe uzten ditugu betirako, oro har, gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez lehenetsita.

Horrek badu eraginik, noski, Codesyntaxeko Eneko Astigarragak azpimarratu duenez. Nabigatzailea (edota mugikorra) erdaraz konfiguratuta baditugu, webgune askotan, erdarazko edukia jasoko dugu euskarazkoaren ordez. Eta, gainera, Interneten gabiltzan euskaldunen portzentaia ere, benetakoa baino txikiagoa dela ari gara esaten eta, horren ondorioz, garatzaile handiek euskarari gero eta garrantzi gutxiago emango diote.

Egoera hori iraultzea da kanpainaren mezu nagusia. Sarean nabigatzen ari garela, eman dezagun lehen hitza euskaraz. Esan diezaiogun munduari euskaldunak garela, euskara dela gure lehenengo hizkuntza, hemen badela euskaraz bizi nahi duen komunitate bat. Ildo horretatik jo du Paul Bilbaok, Kontseiluko presidenteak, herritarrei eta eragileei dei eginez kanpainarekin bat egin dezaten.

Sustatuk ere egin du bere ekarpentxoa honetan. Izan ere, gaur aurkeztu den kanpaina, duela 15 urtetik hona Sustatun pare bat aldiz egin dugun “Nabigatu euskaraz” kanpainaren oinordekoa ere bada, neurri batean. Bere garaian matraka edarra eman genuen kontu honekin, guretzat ere garrantzi berezia duelako nabigatzaileak euskaratzea, Interneten ere lehen hitza euskaraz ematea. Bere garaian emaitza politak lortu zituen Nabigatu euskaraz kanpainak; oraingoan ere hala izango dela iruditzen zaigu, kanpaina potentea osatu delako, lankidetzan oinarritua, eta euskal internautei tresna eraginkorrak eskaintzen dizkiena.

Webgunea, pluginak eta aplikazioa

Gai honen inguruko informazioa emateko eta, batez ere, erabiltzaileei euskaratze-tresnak eskaintzeko, webgunea, plugina eta aplikazioa garatu dira. Lehenhitza.eus webgunean daukazue informazio guztia eskuragarri. Eta bertan pare bat tresna txiki ere aurkezten dira; tresna xinple-xinpleak garatu nahi izan dira, euskaratze-prozesua ahalik eta gehien errazteko erabiltzaile orori.

Besteak beste, esan bezala, plugin bat garatu da norbere nabigatzailearen nabigazio-hizkuntza aldatzeko, eta euskara ezartzeko. Erabiltzaile arruntentzat ez da erraza ezarpenetan sartu eta nabigatzailea konfiguratzea. Horregatik, plugin txiki bat garatu da nabigazio-hizkuntzaren parametroak aldatuko dizkizuna eta “euskara” lehenetsiko dizuna. Doan, erraz, eta arin. Bi klik nahikoa dira zure nabigatzailea euskaratzeko. Oraingoz Chromen eta Firefoxen dago eskuragarri, baina laster baita Edge eta Operan ere.

Mugikorretarako aplikazio txiki bat ere garatu PuntuEus Fundazioak. Aplikazio xinple bezain eraginkorra. Android dendan dago eskuragarri. Instalatu bezain azkar, zure mugikorraren hizkuntza-konfigurazioa aztertzen dizu. Eta gailua euskaratzeko aukerarik badago (mugikor batzuetan ezin baita), hizkuntza-ezarpenetara bideratuko zaitu, mugikorra euskaraz ipini dezazun.

Ezarri kanpainaren widget (edo bannerra) zure webgunean

Webguneetako arduradunentzat eta garatzaileentzat ere badu mezurik kanpaina honek. Hasteko, Widget bat garatu da, edozein webgunetan ezarri daitekeena. Blogariei eta interneteko eduki-sortzaileei dei egiten zaie euren webguneetan ezarri dezaten. Dagoeneko euskarazko hainbat webgunetan dago jarrita (Kontseilua, EITB, Berria,…); Sustatun ere ipini dugu, noski!

Widget horrek internautaren nabigazio-hizkuntza detektatzen du. Euskaraz daukatenei zorion-mezu bat ematen die eta kanpainaren orrialdera bideratzen ditu; erdaraz konfiguratuta daukaten erabiltzaileei, berriz, mezu bat erakusten die erdaraz ari direla adieraziz, eta nabigatzailea/mugikorra konfiguratzeko aukerak eskaintzen dizkie.

Hemen duzu zure nabigazio-hizkuntza adierazten dizun mezua. Nola daukazu konfiguratuta zure nabigatzailea?

Ikastoletan lantzeko ikas-materiala

Horretaz guztiaz gainera, Ikastolen Elkarteak ikastunitate bat ere garatu du gai hau eskolan ikasleekin lantzeko. DBHko ikasleei zuzenduta dago eta materiala ikastetxe guztien esku utziko da, nahi duen edonork erabili dezan.

Kanpainan erabili den material grafikoa eta bideoa ere ikastetxeetarako pentsatutako kanpaina horren barruan garatu dira.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.