Igone Mariezkurrena/ 2017-05-16 / 832 hitz
Neurri handiko gorputzak eta arropak beti existitu izan dira, baina modaren industriak ez ditu bere egin orain gutxi arte, ustiatzeko moduko merkatu gisa ulertu dituen arte. Eta horrela egin du eztanda ‘curvy’ fenomenoak, bere argi-ilun eta bihurgune arriskutsuekin.
Etiketak eta konplexuak gainetik kenduta, emakumeei euren gorputzak onartzen lagundu nahi diegu. Zenbakiek ezin dute nesken zoriontasuna, estiloa eta erakargarritasuna baldintzatu. Edertasuna anitza da. Benetako emakumeak ikusarazi eta ahaldundu behar ditugu. Curvy izatea bizitzeko jarrera bat da, indartsua eta sexya… bla, bla, bla… Marketin estrategia eragingarri batekin asmatu izana ez diegu ukatuko behintzat, ala? Ez zen, ba, zaila. Salmenta aurreikuspen guztiak gainditu dituzte eta negozioaren eragin-eremua egunez egun zabaltzen ari da. Curvy uholdearen atzean dauden enpresen kontu korronteek fakturazio-zifra itzelak jaso dituzte martxan jarri eta urte apur batzuen buruan!
Ez dira gutxi, mauka usainduta, kontzeptu berri honetara batu direnak. Calvin Klein edota Ralph Lauren bezalako marka garestiek badituzte ‘Plus Size’ bilduma bereziak, eta low cost kate askok ere beste horrenbeste egin dute (H&M, Forever21, Violeta by Mango, Dorothy Perkins… Kasu! Inditex-ek oraindik ez!). Horretaz gain, 42 neurritik aurrerako arropatan espezialdutako firma berriak sortzen ari dira, batez ere online saltzeko: Scarlett and Jo, Behatti, Persona by Marina Rinaldi, Ashley Stewart, Taille Plus… Harrigarria da, perretxikoen modura ugaritzen ari dira! Modelo agentziak ez dira atzean geratu, jakina, mundu mailako entzutetsuenek badute jada beren ‘Plus Size Division’ delako neurri handiko modeloen katalogoa (Agence Plus, Model Team, Ford Models…), eta publizitatearen industria nahiz hedabide berezituak arduratu dira izar berriak distirarazteaz: Myla Dalbesio, Ashley Graham, Tara Lynn, Jennie Runk, Candize Huffine, Jada Sezer, edota Anita Marshallen aurpegi eta kurbek beren lekua egin dute curvy emakumeen nazioarteko top ten-ean, beste askoren eredu bilakatuz; ‘fashion talent’ formatuko Curvy Supermodel telebista-saioa, adibidez, arrakasta borobila izaten ari da Alemanian.
Emakume erreal(ar)en iraultza?
2014an, Mango enpresak 20 milioi euroko inbertsioa egin zuen Violeta izeneko XXL kate berezia abiarazteko. Eta zergatik ez dituzte, ba, neurri handiago horiek bilduma arruntetan integratzen?, pentsatu genuen askok gure artean. “Ez dugu neurri handiei loturiko marka bat izan nahi, ezta Mango-ren luzapen bat ere, baizik eta emakume errealaren gorputzera egokitutako patroiak eskaintzen dituen kate independentea”, zioen orduan Violeta Andic zuzendariak zuzentasunez. Eta zergatik ez dute, ba, patroien berrikuspen orokor bat egiten aparteko linea bat sortu ordez?, pentsatu genuen jarraian. Urtebeteren buruan heldu zen erantzuna: Violeta kateak jada 50 milioi euro ekarri zizkion bueltan Mango enpresari.
Lehenik eta behin, geure buruari galdetu beharko genioke nor demontre eta nolakoa ote den curvy joera honek ustez askatu nahi duen emakume ‘erreal’ hori, izaki ukigaitz hori… izan ere, benetakotasunek ez lukete, kasu honetan, hirugarren pertsonako singularrean funtzionatu behar. Gu gara (pluralean), neskak, askotarikoak. Izango da 90-60-90 tankerakorik ere bai noski, baina ez dira inolaz ere gehiengoa. Osasunerako Mundu Erakundearen (OME) arabera, obesitatea bikoiztu egin da azken 30 urteotan maila planetarioan; helduen %40 baino gehiago obesoak dira, eta umeen ia %15 ere bai. Horrenbestez, badirudi munduko neska gehienon gorputzak hurbilago daudela 42tik gorako neurri horietatik 36tik baino.
Baina, harrotasun-bandera gisa hartzeko moduko kurbak al dira XXL horiek? Hemen aurreneko ertza, lehendabiziko bihurgune arriskutsua. Moda industriaren mainstream estetikak anorexiara eta bulimiara amilarazten ditu milaka gazte. Erdibide errealik ez balego bezala, ordea, curvy kontzeptu berri honek XXI. mendeko gizateria kolpatzen duen gaitz larri eta kontrolgabeenetako batetik edaten du: obesitatea. Formarik gabeko gorputz argal-argalek gosea iradokitzen duten neurri berean, orain hizpide dugun korronte honek eta bere makinariak idealizatzen dituen modeloen fisiko motak, herritar gehienen kasuan, elikadura-ohitura hiperkalorikoetan eta sedentarismoan du jatorria. Ez dirudi, beraz, oso zentzuzkoa gorpuzkera hauek goresteak.
Industriak boho-chic, grunge edota lady estiloak asmatu, eta unisex edota bilduma ekologiko nahiz jasangarriak sortu eta ustiatzen dituen modu berean, curvy fenomeno hau, ez gaitzaten engaina, gehiago saltzeko asmoz pentsatu eta diseinatutako estrategia bat besterik ez da, aire liberatzailez atondua. 42 neurritik gorako emakumeek urterik urte hazten ari den merkatu-nitxoa osatzen baitute (gogoratu OMEren datuak), eta luzez eskaintza faltagatik kontsumitu ez dutenak ere asko dira; pastela handia dela alegia.
Espezializaziotik bereizkeriara
Erosle potentzial hauei moda moderno eta lotsagabea eskaintzea aurrerapausoa da ezbairik gabe, baina zergatik aparteko bilduma, marka, denda eta modeloen bitartez? XXL emakumeak (eta gizonak!) ahalduntzetik urrun, ‘Plus Size’ espezializazioak getizazioa dakar maila guztietara, bereizkeria, ez integrazioa. Shoppinga esperientzia soziala bada, maiz adiskideekin egiten duguna, zergatik kontsumitzaileak (lagun taldea) banatu neurrien arabera?! Pikutara emakumeon autoestimua! Enpresek ez gaituzte ahaldundurik nahi. Zenbakien soinuan egiten dute dantza eta, antza, bolumena handiagoa da bi muturreko eskaintza eginda; benetakotasun ezberdinak, aniztasuna, bilduma berberetan uztartu eta islatzea ez die merezi. Arrazoiak pisuzkoak dira, ez ahaztu: Violeta kateak 50 milioi euro ekarri zizkion bueltan Mango enpresari lehenengo ekitaldian.
XXL kaiolak
Horiek guztiak esanda, azken hausnarketa bat, ez aurrekoak baino arinagoa: kurben sasi-iraultza honek enegarrenez garamatza emakumeok ‘gauza’ bihurtzera, neskak itxuraren arabera etiketatu edo balioztatzera eta, gainera, edertasun-eredu irreal bat elikatzera. It girl gaitzari aurre egitetik urrun, curvy fenomenoak neska gizenagoengana ere zabaldu du zentzugabekeria. 90-60-90 tankerakoen kasuan bezalaxe, Myla Dalbesio, Ashley Graham, Tara Lynn, Jennie Runk eta enparauen XXL gorputzetan ez baitago zelulitis arrastorik, ez zimurrik, ez biguntasunik, ez orbanik, ez ile urdinik, ez belarri/sudur handirik… Hauek ere makillaje, filtro, argiztapen, kamera-angelu eta Photoshop kolpez eraikitako ezinezkoak dira. Kaiola berriak; handiagoak bai, baina berdin-berdin itogarriak.