Mikel Garcia Idiakez / 2017-05-22 / 273 hitz
Etxean lekua duzula? Partekatu denboraldi batez aterperik ez duen migratzaile edo errefuxiatuarekin. Asiloa lortzeko prozesuan kateaturik etxerik gabe, lan egiteko baimenik gabe eta administraziora jotzeko beldurrez daudenentzat aukera paregabea izaten ari da PAIH elkartearena, Britainia Handian.
2015 aurretik, elkarteak 600 gau inguruko aterpe-eskaintza bermatzen zuen urtean; 2015etik hona, herritar askok erabaki dute izena ematea eta eskaintza 29.000 gauetaraino handitu da. Arrazoi nagusiak, errefuxiatuen krisiak hartutako oihartzuna eta Alan Kurdi ume siriarraren heriotza. “Mediterraneoa gurutzatzen hil zen umearen irudia inflexio puntua izan zen, askok esan zuten: ‘Zerbait egin nahi dut’”, dio elkarteko kideak.
Alicia Carter argazkilariak hilabeteak igaro ditu migratzaile eta aterpe-familien istorioak biltzen, argazki-erreportajea osatzeko. Mohammed 35 urteko palestinarra da eta Londresen bizi da, bertako aktore batekin eta haren bi alabekin. Aita, ama eta arreba hilda ditu palestinarrak, eta bere hitzetan, orain Londresko hirukotea dira bere familia.
Lagun-minik ez, “deportatzen badituzte traumatikoa delako”
Kushi 51 urteko pakistandarra Glasgown bizi da, emakume jubilatu batekin. Jubilatuak dio hiru gelako etxean bakarrik bizi dela, eta normala dela espazioa edukita geletako bat beharra duenari uztea. Urteotan hamar bat errefuxiatu hartu ditu dagoeneko etxean eta saiatzen da haien lagun-min ez egiten, “nire pribatutasuna garrantzitsua delako eta baita ere gero deportatzen badituzte traumatikoa delako”. Izan ere, gertatu zaio halakorik. Kushiri, ordea, kariño handia hartu diola eta joaten denean faltan botako duela onartu du.
Hamid ere, 38 urteko irandarra, Glasgown bizi da, bikote batekin. Ez du lan baimenik eta boluntario dabil ospitale batean. Asiloa lortzen badu, erizain izan nahiko luke. Malik (Sierra Leona), Hamid (Iran), Grace (Malawi), Fatima, Mohamed eta Sufiyan (Sri Lanka), Omar (Siria) eta Cabdi (Somalia) errefuxiatuen historia ere ezagutu du argazkilariak, sarri albistetan zenbaki huts baino ez diren horien atzean bizipen asko dagoelako.