Naiara Elola / 2017-05-26 / 548 hitz
Nafarroa Garaian eta Beherean egiten den literaturaren antologia osatzeko xedez, 39 idazleren narrazioak bildu ditu Pamiela argitaletxeak ’39 idazle nafar’ liburuan
«Daudenak badira, eta, noski, badira ez dauden batzuk ere». Jose Angel Irigarai Pamiela argitaletxeko kidearen hitzak dira. Nafarroako —Garaiko eta Behereko— 39 idazleren narratiba lanak batu dituzte Pamielak kaleratu berri duen 39 idazle nafar liburuan. Helburua, Nafarroan egiten den literaturaren lagina irakurleen esku jartzea. Irigaraik azaldu duenez, zenbait idazlek ezin izan dute proiektuan parte hartu, narratiban aritzen direnenen bilduma egin nahi izan dutelako. Hala, poesia edota saiakera idazten duten idazleek ez dute tokirik izan. Gaineratu duenez, datozen urteetan Nafarroan egingo den literaturaren ikuspegi «zabalagoa» izaten lagunduko du kaleratu berri duten liburuak.
Iragan irailean hasi zen Fertxu Izquierdo, liburuaren koordinatzailea, Nafarroako idazleen lagina kaleratzeko lanean. Egiten den literaturaren erakusgarri bat plazaratzea «erronka ederra» izan dela aitortu du. Lehen zerrenda egin eta idazleei deika hasi zenean, aintzat hartu gabeko izenak ateratzen hasi zirela esan du. Lortutako emaitzarekin pozik agertu da, adin guztietako idazleen bidez, egungo panoramaren isla erdietsi dutelako.
Neurri batean, Pamielaren azken lan honek iragan urtean kaleratutako liburu baten harira sortu zen hutsunea betetzen du. Izan ere, Nafarroan egiten den literaturaren adierazgarri modura 24 relatos navarros bilduma kaleratu zuten, iaz. Hautatutako 24 idazletatik bik soilik idazten zuten euskaraz, gainontzekoek erdaraz. Neurri handi batean euskaraz idazten zuten idazleak zokoratu zituztela jabetuta, eta sortu zen hutsunea betetzeko xedez ikusi du argia 39 idazle nafar liburuak. Pamielako buruak azpimarratu du oso premiazkoa zela «Nafarroan euskarazko sorkuntza ugaria, aberatsa eta interesgarria badelako». Are gehiago, erdarazkoa baino hobea dela irizten dio. «Inolako harrokeriarik gabe, baina bai, harro erran daiteke Nafarroan euskal letrak bizirik daudela, badagoela emaitza eta emaria».
Emaitza horien erantzule dira, besteak beste, Patxi Zabaleta, Itxaro Borda, Iñigo Astiz, Ane Ablanedo, Aingeru Epaltza, Ana Jaka, Josetxo Azkona, Angel Erro eta Inma Errea. Horietako batzuk, literatura ibilbidean ia hasi berriak dira; beste batzuek, berriz, euskal literaturaren panoraman izena egina dute. Hala ere, Izquierdok azaldu duenez, idazleen arrakastaz gaindiko zerrenda egin zuten. Hasieran, 50 izen zeuden arren, arrazoi ezberdinak direla tarteko, 39k soilik hartu ahal izan dute parte. Zenbatekoak gorabeherakoak izan dituela onartu du, azkenera arte, maiatza hasiera arte, parte hartuko zutenen zenbatekoa dantzan ibili delako.
Gorabeherak alde batera utzita, zerbait nabarmentzekotan, bat datoz Izquierdo eta Irigarai argitaratutako lanen kalitatea goraipatzeko orduan. «Osatu den xaramela ikaragarri interesgarria da, gaiak adierazteko moduagatik, hizkeragatik eta baita lantzen dituzten generoengatik ere». Hala, irakurtzeko «atseginak» diren kontakizun laburren bitartez, Nafarroan egiten den literatura nolakoa den jabetuko da irakurlea; horretaz ziur azaldu dira.
Generoan, hutsunea
Egungo errealitatearen adierazgarri izan arren, Irigaraik onartu du liburuan badela «hutsune nabarmen» bat: generoari dagokiona, hain justu. Izan ere, kontakizun laburrak idatzi dituzten 39 lagunetatik hamar besterik ez dira emakumezkoak. Alde horretatik, belaunaldien artean badela ezberdintasuna onartu du. Izan ere, euskaraz idazten duten idazle emakumeen artean gehiago dira gazteak helduak baino. Horregatik, ziur agertu da Pamielako kidea etorkizunari begira egoera berdintzen hasiko dela, lanbideetan gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna gertatzen ari delako. «Kazetaritzan, asko eta asko dira kazetari moduan lan egiten duten emakumeak. Literaturan, gauza bera gertatuko da; horretaz ziur nago». Urte batzuk barru, halako beste lagin bat egin beharko litzatekeela adierazi du Irigaraik, emakumezkoak diren idazleen zenbatekoan zer garapen izan den jakiteko, besteak beste.
Etorkizunaren perspektiba galdu gabe, datorren ostegunean, Iruñeko Euskaldunon Biltoki elkartean, 39 idazle nafar liburuaren aurkezpen ofiziala egingo dute. Aurkezpen horretan, liburuan parte hartu duten idazle gehienek parte hartuko dute.