Aitak egindako sexu abusuari izena jartzea kosta

Salabardoa / 2017-09-04 / 604 hitz

Izenik eman nahi izan ez duen emakume batek aitortza gogorra egin du Klitto agerkari feministan, orain jabetu baita umetan aitaren aldetik sexu-jazarpena pairatu izanaz.

53 urterekin ikusarazi didate psikoterapian aitak sexu-jazarpena egiten zidala. Aurrena, psikologoak aitak egiten zidana sexu-abusua zela esan zidanean, nik segituan ukatu nuen, baina pixkanaka konturatu naiz hala zela. Oraindik harrituta nago nolatan ez naizen jabetu, nola izan dudan barrenean ezkutatuta.

12 urte inguru izango nituen aitak nirekiko sexu-jokabide zikinak hasi zituenean. Gure etxean, oherakoan, aitari eta amari bi musu ematen genizkien, edo beraiek seme-alaboi. Gogoratzen dut aita saiatzen zela musuak ezpainetatik gertu ematen. Nik mugitu egiten nuen burua hori ez gertatzeko. Nazka momentua izaten zen; sufritzen egoten nintzen oherako garaia iristen zenean. Musu baboso bustiak ziren. Joaten zenean, disimuluan, eskuaz txistua kentzen nuen; eta hurrengo gauera arte.

Beste une nazkagarri bat postre garaia izaten zen: aitak, apropos, platanoa eskatzen zuen, eta sagarrak, mandarinak edo laranjak. Barre txiki nazkagarriarekin, niri begiratuz, platerean organo maskulino itxuran ipintzen zituen frutak. Nik hori ikusi eta bestaldera begiratzen. Baina konturatzen nintzen berak niri begira jarraitzen zuela. Bazkaria bukatu eta bakea hurrena arte.

Momentu zikin horiek pasa egin nituen, nola edo hala. Ez nion sekula inori ezer esan; ez zitzaidan burutik pasa ere egin inori kontatzea. Banekien ez zela normala edo zuzena aitaren portaera, baina ez nuen nire kontrako erasotzat identifikatzen.

Hilekoarekin kristoren morboa zuen. Begi-ondoak seinalatzen zizkidan hilekoa ote neukan jakin nahian. Etxekoak ez konturatzeko moduan egiten zuen, bai hau eta bai aurretik kontatu ditudanak.

Behin, jangelan bakarrik nengoela, sartu eta, bat-batean, bere txilibituak 18 cm neurtzen zuela esan zidan, neurri normala bere hitzetan. Orduantxe neurtzetik zetorrela esango nuke. Seko harrituta, beldurtuta eta nazkatuta gelditu nintzen: zer esango edo egingo ote zidan hurrena?

Aitaren jokabide zerriaren adibide gehiago badauzkat, baina ez naiz luzatuko. Hitzezko jazarpena eta abusua izan zen, uste dut; hala ere, badaukat zalantza bat, gau batean kamioi bidaia batean, hoteleko gelan lo egin genuenean (kamioilaria zen aita eta niri kamioian ibiltzea eta gidatzea gustatzen zitzaidan), ez ote zen niri heltzen saiatu, ez bainuen ondo lo egin eta kamiseta kenduta esnatu bainintzen.

Ordura arteko guztiak isilik pasa ziren gure etxean, aita eta ni izan ezik beste inor konturatu gabe. Akaso ez zen hala izan, orain jakin baitut, ahizpak kontatuta, amak aitari esan ziola nirekin gehiago ez zuela lo egingo, neska eginda nengoela eta.

Aitaren nirekiko grina (?!) mutilekin koadrilan irteten hasi nintzenean bistaratu zen: ez zuen nahi ni “kalamidade” haiekin ibiltzerik. Kristorenak montatu zizkidan etxean. Ama eta anai-arrebak harrituta geratu ziren, baina gehiegi maite ninduela pentsatu zuten. Errematea mutil batekin hasi nintzenean izan zen: debekatu egin zidan harekin ibiltzea, harekin jarraitzen banuen ez nintzela gehiago bere alaba izango, mutila jotzen saiatu zen, bere burua hilko zuela mehatxatu… Portu bazterreko batekin nola ibil nintekeen, hori zen bere aitzakia. Nik banekien, ordea, hori ez zela arrazoia, eta beretzat nahi ninduela. Ez nuen etsi: mutil horrekin bizi izan nintzen ia hogei urtean, eta seme-alabak ere izan nituen.

Bolada batean, aitarekin hitz egin gabe egon nintzen. Alaba jaio zenean esango nuke hasi ginela “normalago” hizketan, lehengo konturik aipatu gabe, ezer pasa izan ez balitz bezala.

Hasieran esan dudan bezala, orain, psikoterapia egin dudanean (semearekiko harremanetan arazoak nituelako hasi nintzen), konturatu naiz aitak tratu txarra eman zidala, sexualki jazarri ninduela eta nirekiko sexu grina zuela. Aurreko batean, deitu egin nion esanez lehengo kontuak argitzeko hitz egin nahi nuela berarekin. Bere bila ez joateko erantzun zidan, eta, gaxtetan egin zizkidanaren pare bat adibide eman nionean, “pega eta montajeekin” ez joateko beregana. “Porkulo” hartzera bidali nuen.

Sekula ez du onartu nirekin izan zuen lainezaz betetako portaera txoro-zikina, ezta orain 80 urte dituenean ere. Nire anaien eta ahizparen aurrean ezer txarrik egin ez balu bezala portatzen da.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.