Edurne Elizondo / 2017-09-01 / 1523 hitz
Nafarroako Gobernuak joko mendekotasunaren auzia jarri du mahai gainean, nabarmendu baitu orain hiru urte halako bi direla gaur egun mendekotasun hori dutelako Osasunbidean artatu dituztenak. Iaz, zehazki, 69 pertsonak jo zuten osasun etxeetara laguntza bila. Gehienak gizonezkoak ziren. Datu horiek izozmendiaren punta baino ez dute erakusten, Osasunbideko arduradunek azaldu baitute jokoaren mendekoen %10ek baino ez dutela arazoa onartzen, laguntza eskatu ahal izateko.
Osasunbideko agintarien kezkarekin bat egin du Aralar elkarteak. Jokoaren mendekoak eta haien gertukoak artatzen dituzte. 21 urteko bidea egin dute elkarte horretako adituek jada, eta agerian utzi dute gobernuak baduela zer hobetu, argi eta garbi. “Ez dituzte artatzen jokoaren mendekoak”, nabarmendu du Daniela Scorrani gizarte langileak. Cristobalek berretsi du: “Psikologoarengana bidali ninduten; erizainarekin behin hitz egin eta gero, senda-agiria eman zidaten”. Duela sei hilabete ailegatu zen Aralar elkartera. Osasunbideko kideek bideratu zuten taldera. Oraindik ere ez da bere dirua kudeatzeko gai. Dena galdu zuen. Lantegian lapurreta egin eta gero, hutsetik hasi behar izan zuen.
Jokoaren menpe gelditzen diren gazte anitzen soslai bera du Cristobalek. “Internet bidez aritzen nintzen”. Cristobalek kartak hautatu zituen; zehazki, poker jokoa. “Larunbatetan aritzen nintzen, goizaldean etxera itzultzen nintzenean; erdi mozkor egoten ohi nintzen”. Scorranik, hain zuzen ere, nabarmendu eta salatu du zer-nolako erraztasunak dituzten gazteek Interneten bidez apustuak egiteko. Erraztasun hori jo du gazteen artean joko mendekotasunak gora egiteko arrazoi nagusitzat. “Erraza da, eta, gainera, gazteen eredu diren kirolariek egiten dituzte apustu horiek bultzatzeko iragarkiak. Deus txarrik ez duten ideia zabaltzen ari gara”, azaldu du gizarte langileak.
Hori da joko mendekotasunaren arazo nagusietako bat, Scorraniren ustez. Gizarteak, neurri handi batean, onartu egiten duela; zehazkiago erranda, mendekotasuna denik ere ez duela uste. Cristobalek bat egin du iritzi horrekin, eta mendekotasun ikusezina dela erran du. “Ni etxean nintzen nire dirua galtzen ari nintzen bitartean. Asteburuak apustuak egiten ematen nituen; astelehenean lanera itzultzen nintzen. Kezkak bazter uzten nituen, eta betiko martxan jarraitzen nuen”.
Urte eta erdiz harrapatu zuen mendekotasunak Cristobal. Abenduan egoerak eztanda egin zuen arte. Enpresa batean egiten zuen lan. “Langile batzordeko kidea nintzen”. Baina bota egin zuten, 400 euro hartu eta gero. “Guardia Zibila etxera etorri zen, susmoak zituztelako. Une horretan, egia erran, lasaitua hartu nuen. Banekien ezin nuela bide beretik jarraitu, behar nuela egoerak eztanda egitea. Ni ez nintzen gai nire kabuz urrats bat egiteko”, gogoratu du.
Aurreztutako diru guztia galdu zuen Cristobalek, 50.000 euro, eta autoa saldu behar izan zuen. “5.000 euro ere galdu nituen gau bakar batean”. Zorrak ordaintzeko eskatu zituen mikrokredituak pagatzen ari da oraindik ere, eta gurasoek ordaintzen diote hipoteka. Cristobal baikor da, hala ere. “Sekulako zaplaztekoa hartu dut; huts egin dut, badakit, baina aurrera egiteko asmo sendoa dut. Ez dut zertan burua makurtu”, nabarmendu du.
Batez besteko adina: 33 urte
Azken urte eta erdian gertatu denak erabat kezkatu ditu Aralar elkarteko kideak. “Gero eta jende gehiago dator guregana, eta gero eta gazteagoa. Lehen, jokoaren mendekoen batez besteko adina 45-48 urte zen, eta txanpon makinak erabiltzen zituzten; orain, 33 urte da batez besteko adina, eta kirol apustuetan aritzen dira, batez ere; Internet bidezko jokoa ari da nagusitzen”.
Iaz, 270 pertsona hartu zituen Aralar elkarteak. “Jokoaren mendekoak eta haien gertukoak artatzen ditugu; batetik, taldeko terapia egiten dugu haiekin; bertzetik, psikologoek banaka artatzen dituzte mendekotasuna dutenak”. Bi psikologo ari dira egun lanean. “Gainezka, gure baliabideak murritzak baitira; jasotzen ditugun diru laguntzen menpe gaude”, onartu du Scorranik.
Egoera horrek kolokan jartzen du Aralar elkarteak egiten duen lanaren etorkizuna. “Gobernuak egiten ez duen lana egiten ari gara gu; gure ibilbidea aitortu beharko lukete, eta hitzarmena sinatu gurekin”, eskatu du.
Urtea hasi zenetik, jokoaren mendeko diren 40 pertsonak jo dute Aralar elkarteko kideengana. Hagitz gutxi dira emakumeak. “Eta daudenak ikusezinagoak dira, gehiago lotsatzen direlako, gizonekin lotu izan baita beti txanpon makinetan aritzea”, zehaztu du Scorranik. Mendekotasuna dutenen gertukoen artean, ordea, badira emakume anitz. Maria da haietako bat. “Nire aita mendekoa izan zen, eta nire semea ere bada”. Errealitate horren berri emateko arazorik ez du izan, baina sumatzen zaio, hitz egiten duenean, egoerak arrastoa utzi diola. Beldurra da nabarmenenetako bat. “Beti kezkatuta bizitzea”, aitortu du.
Mariaren aita txanpon makinetan aritzen zen; semeak, berriz, kirol apustuak egiten zituen. “Duela hamar urte hil zen nire aita. Bizpahiru urtez artatu zuten Osasunbidean, baina tarteka baino ez zuen psikologoak ikusten; sei hilabetean behin edo. Semearekin ere, antzekoa da egoera; iazko maiatza eta iraila bitartean hirutan baino ez zuten ikusi”.
Etxean dirua falta zelako ohartu zen Maria semearen arazoaz. “Ukatu egin zuen, hasieran; zor bati aurre egiteko dena erran behar izan zigun arte”. Mariak uste du semeak lasaitua hartu zuela dena aitortu zuenean, zuen arazoaren ardura bere gain hartu zuenean. Baina lasaitzeko aukerarik ez du gaztearen amak. “Niretzat ez da hain erraza askatzea; beldurrei lotuta bizi naiz. Aldi berean, badakit ezin naizela semearen jokabidearen erantzule izan betiko”.
Mariaren aitak bere mendekotasuna onartu zuenean, notario baten aurrean sinatu zuen etxea emaztearen esku uzteko. “Galduko ote zuen beldur ginen”. Semearekin ere badu kezka Mariak. “Egun, lanean ari da, baina nik jasotzen dut soldata, eta, behar duenaren arabera, bertze kontu batean sartzen diot dirua”, azaldu du.
Diruaren gaineko kontrol hori da Aralar elkarteko psikologoek hasieran ezartzen dituzten neurrietako bat. Cristobalek ere badaki hori zer den. Baina ez du gaizki hartu. “Ni orain konturatu naiz diruari ez niola inolako baliorik ematen; orain, bai”. Familiarekin duen harremanari buruz ere gogoeta egiteko aukera izan du, eta aitortu du mendekotasunak hartu zuenean komunikazioa “ia desagertu” egin zela bere eta gurasoen artean. “Argi nuen laguntza eskatuz gero jaso izanen nukeela; baina ez nuen eskatu. Ez nintzen hitz egiteko gai”.
Mariak badaki zer den semea laguntzea. Baina berak ere egoerari aurre egiteko laguntza behar duela aldarrikatu du. Ludopatiak bere egunerokoari eragin diola; aitarenak lehendabizi, eta semearenak gero. “Semeak ikasi beharko du bere bizitzaren kontrola hartzen, berriz ere; eta nik ere ikasi beharko dut semea bere bidea egiten uzten”.
Cristobalek ez du arazorik joko mendekotasunaz hitz egiteko. Hitzaldiak ematen ere ibili izan da. Lagundu nahi du, gazteen aurrean jokoaren ondorioak beren gordinean azaltzeko. Mariaren semeak, berriz, nahiago du deus ez erran. “Etxekook badakigu, baina ez du bere arazoaren berri eman nahi etxetik kanpo, eta erabaki hori errespetatu bertzerik ezin dut egin”, azaldu du amak.
Gazteek apustuak egiteko dituzten erraztasunek amorrua eragiten diote Mariari. Telebistako iragarkiak ikusten dituenean, amorru horrek gora baino ez du egiten. “Gizarteak ez dio mendekotasun honi aurre egin nahi, ez du mendekotasun gisa hartzen; eta bada, joko mendekotasuna egungo gizartearen gaitz larri bat da”.
Kontrolik gabe
Scorrani ados da Mariarekin. Argi du joko mendekotasuna gaitz larria dela, baina ez du uste administrazioa oraindik erabat jabetu denik arazo horren zenbaterainokoaz. Aralar elkarteko psikologo Sofia Perez de Zabalzak ere nabarmendu du gizarteari kosta egiten zaiola jokoari mugak jartzea. “Substantziarik gabeko mendekotasuna da ludopatiarena, eta horrek are zailago bilakatzen du arazoari aurre egitea”, erran du. Psikologoak, gainera, egungo gizarte kontsumistaren testuinguruan jarri du auzia. Mariak gogoratu du, halaber, administrazioak “dirutza” jasotzen duela jokoak eragiten dituen zergen bidez, eta horrek ekartzen duela joko mendekotasunaren aurkako borroka bigarren mailako bilakatzea.
Ez hori bakarrik. “Ateak irekitzen dizkiogu jokoari”, salatu du Scorranik. “Joko etxe eta kirol apustuak egiteko areto anitz zabaldu dituzte azken urteotan, eta gure erabiltzaileen bidez badakigu horietan ez dagoela kontrolik; adingabeak ere sartzen direla”.
Interneten edo hedabideen bidezko publizitatea ere salatu dute Aralar elkarteko kideek. “Gehiegizkoa da, eta edozein ordutan egiten dute; hori kontrolatu beharko luke administrazioak”.
Scorranik mendekotasun horren auzia kontuan hartzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari; neurriak har ditzala aretoak eta publizitatea kontrolatzeko, eta aintzat har dezala, aldi berean, Aralar elkarteak 21 urtez egindako lana. “Gobernua mendekotasunen inguruko foru plana berritzeko prozesuan da, eta gure iritzia kontuan hartzea nahiko genuke; ongi ezagutzen dugun errealitate bati buruz errateko duguna entzun dezaten nahi dugu”, berretsi du gizarte langileak.
Gazteekin lan egiteko beharra nabarmendu du Perez de Zabalza psikologoak. “Jokoak momentuko zoriontasuna ematen die; denak hasi dira irabazten, horrek harrapatzen baititu. Eta jarraitzen dute, berriz irabaziko duten esperantza dutelako. Apustua egin eta emaitzaren zain direnean, aukera guztiak daude mahai gainean; dena da posible; eta sentsazio horrek harrapatzen ditu. Dena galdu arte”.
Hori da gazteekin egiten duten lanaren helburu nagusietako bat: erakustea jokoarekin ez dutela irabaziko. “Une batean edo bertzean, denek irabazi dute apusturen bat; eta horri eusten diote. Epe luzerako errealitatea ez da existitzen haientzat, eta, horretan, beti dira galtzaile”.
Egungo sistemak irabazteko aukera duten ideia sendotzeko bideak dituela salatu du Perez de Zabalzak. “Ikaragarria da; gure erabiltzaileek azaldu digute dirutza galtzen ari zirenean mikrokredituak ematen dituzten enpresen deiak jaso izan dituztela, beren zerbitzuak eskaintzeko. Kreditu horiek onartu, eta are sakonago sartu dira galeren zirimola horretan”.
Ez da erraza mendekotasun horrek eragin duen zulotik ateratzea. “Kasurik latzenetan, dena galtzea ekar dezake, bai eta gaitza duenak bere buruaz bertze egin nahi izatea ere”, nabarmendu du Scorranik.
Errealitate horren aurrean, argi du martxan jartzeko ordua dela. Zenbait esparrutan gizartea joko mendekotasunaren ondorioez jabetzen hasi dela uste du gizarte langileak. Aralar elkarteak Nafarroako institutuetan garatzeko prestatutako programa jarri du adibide: “Duela hainbat urte, gutun bat bidali genuen herrialdeko zentro guztietara, joko mendekotasunari buruzko hitzaldiak ematera joan ahal izateko. Inork ez zigun erantzun. Azken urtean, ordea, gauzak aldatzen hasi ziren. Ikastetxeetan hasiak dira arazoaren larritasunaz jabetzen, eta hamaika tokitatik deitu gaituzte”.
Harago joateko ordua dela uste dute Aralar elkarteko kideek. Gizarteak erantzun osoa eman behar diola arazoari. Laguntzeko prest dira. Bertze gazteekin hitz egiteko prest da Cristobal. Mendekotasuna dutenak artatzeko prest, berriz, elkarteko adituak. Bai baitakite jokoaren mendekotasuna atzean uztea dela benetako saria.