Edurne Elizondo / 2017-09-08 / 1230 hitz
Nik aske izan nahi dut”. Martarenak dira hitzak. Sorterria utzi, eta alaben bila etorri zen Nafarroara. Haurren aitak atera zituen amaren etxetik, bizitza hobe baten aitzakiarekin. “Engainatu ninduen”. Ondoko erkidego batean bizi da Martaren erasotzailea, orain, elkarrekin dituzten bost alabetatik laurekin. Martak urte luzez izan du senar tratu txarrak eman dizkion gizon hori. “Baina ni jada ez naiz emakume bera”. Aski zela erabaki zuen Martak, Iruñeko Emakumeak Artatzeko Udal Zerbitzuko profesionalen laguntzarekin. “Zerbitzu horretan aurkitu dut behar nuen babesa; hor, azkenean, aurkitu nuen errateko nuena nork entzun”.
Babes horri esker urratsak egin ditu Martak indarkeria identifikatzeko, bazter uzteko eta aurre egiteko prozesuan. Ez du harrera bera jaso bertze hainbat erakundetan. “Espainiako Poliziaren etxera joan nintzen lehendabizikoz nire alaben aita salatzera; ez zidaten kasurik egin”. Senarra dagoen hiriko udaltzainen etxean ere erantzun bera jaso zuen. “Ez zuten deus egin”.
Nafarroan jarri zuen Martak, azkenean, alaben aitaren aurkako salaketa. Prozesua martxan da. Bost alabetatik gazteena adingabea da, oraindik ere, eta bi gurasoek dute, oraingoz, hura zaintzeko ardura, epailearen aginduz. Haurra aitarengana eramateko uneetan mehatxuak eta indarkeria jasan dituela salatu du Martak. Urtebetez ezin izan zuen alaba ikusi, gainera, aitak ez ziolako utzi. “Bertze alabak ere mehatxuen eta indarkeriaren bidez ditu ondoan”.
Epaileak alaba adingabearen zaintza noiz emanen dion zain da Marta; bertze alabek indarkeriari aurre egiteko bidea noiz hasiko duten zain ere bai. Ama dute hori egiteko eredu: “Ni ez naiz lehengoa; aurre egin diot nire erasotzaileari; haiek ere egin behar dute, eginen dute. Ari dira gauzak aldatzen”.
Kanpotik etortzeak berez astuna zen zama are astunago bilakatu du Martarentzat; berez zaila zen bidea, are zailago. “Pasaportea bertzerik ez nuen etorri nintzenean”. Paperik eta lanik gabe, maldan gora egin behar izan du alaben alde borroka. Horretan ere bada gauzak aldatzeko beharra. Indarkeria matxistari aurre egiteko bideetan eta moduetan, oro har; egungo baliabideek ez baitituzte behar diren erantzun guztiak ematen. Horixe aitortu dute Iruñeko Emakumeak Artatzeko Udal Zerbitzuko kideek.
Marta bezala, anitz dira erasotzailearengandik urrundu, baina seme-alabak dituztenez, haren kontrolaren eraginpean bizi diren emakumeak. Katea ezin erabat hautsi jarraitzen dute. “Xantaiarako tresna bilakatzen dira umeak”, nabarmendu du Sara Vicente abokatuak. Luisa Posada filosofoaren hitzak ekarri ditu gogora, “justizia patriarkala” dela salatzeko. Granadako (Andaluzia, Espainia) Juana Rivasen auziari buruz idatzi berri du Posadak: tratu txarrengatik zigortutako aita erasotzailearen esku utzi behar izan ditu Rivasek bere haurrak, azkenean, zenbait egunez ezkutatuta egon eta gero. “Legea patriarkala da, eta emakumeen aurka egin ohi du beti; legeak eta legeari eusten dion sistemak ez diote zilegitasunik aitortzen emakumeen hitzari”, idatzi du filosofoak.
Juana Rivasen aldeko elkarretaratzea eginen dute bihar, 19:00etan, Iruñeko Gazteluko plazan. Auzi hori eta bertze hainbat kontuan hartuta, gogoeta egiteko eta legeak aldatzeko beharra jarri du Vicentek mahai gainean. “Agerian gelditzen ari da egungoek ez dituztela emakumeak eta haurrak behar bezala babesten”.
Marta kezkak eta beldurrak hartuta bizi da alabak aitarekin direnean; kezka eta beldur horiek ongi ezagutzen ditu Elena Malaguillak ere. Zortzi urtez bizi izan zen bere erasotzailearekin, ordu eta erdiko azken jipoiaren ondorioz, bi seme-alabak hartu, eta etxetik alde egitea erabaki zuen arte. Ospitalean Poliziari erran zion nork jo zuen. “Baina ez zuten protokoloa bete; ez ziren erasotzailea atxilotzera joan ere”. Bost urteko espetxe zigorra ezarri zioten gizonari, azkenean, eta hamazazpi urteko urruntze agindua. Kartzelan sartu ordez, zigorra droga eta alkohol mendekotasunari aurre egiteko zentro batean betetzeko aukera eman zion epaileak erasotzaileari. “Ez da ez batean ez bertzean sartu”, argitu du Malaguillak.
Martaren hitzak errepikatu ditu: jada ez dela lehengo emakumea; lan handia egin duela indarkeria matxistaren zulotik ateratzeko, eta jada ez dela bizi aspaldiko muturreko beldurrarekin. Baina hor segitzen du kezkak. Seme-alabengatik. Zaintza bere esku du, baina aitak badu haurrekin egoteko eskubidea: “Asteazkenetan, eta bi asteburutatik behin”. Sanferminetan, Poliziari deitu behar izan zion, alabak aita mozkor eta urduri zela errateko deitu eta gero.
“Ez da aita ona”
“Erasotzailea ez da aita ona”. Hori argi du Malaguillak. Argi du bera iraintzen, mehatxatzen eta kolpatzen zuen gizon bera dela bere seme-alaben aita; eta ez dela guraso ona. “Baina epaitegietara jo dudanean, konturatu naiz nire logikak ez duela balio; bertze logika bat dutela; ematen du sistemarentzat bi pertsona ezberdin direla nire erasotzailea eta nire seme-alaben aita”.
Nafarroako indarkeria matxistaren aurkako legeak jasotzen du erasotzaileak ezin duela haurren zaintza izan; baina horrek ez du erran nahi seme-alabak ikusteko eta haiekin egoteko eskubiderik ez dutenik. “Bisiten erregimena bertan behera gera daiteke seme-alabek zuzenean jasaten dutenean aitaren indarkeria”, azaldu du Sara Vicentek. Abokatuak erantsi du aukera horrek ere ez duela erabat babesten haurra, tratu txar psikologikoak frogatzea, adibidez, hagitz zaila izaten ohi delako. Vicentek salatu du, gainera, sistemak ez dituela berdin tratatzen gizonak eta emakumeak aginduak betetzen ez dituztenean.
Horixe berretsi du Malaguillak. Bai eta Teresak ere. “Nire seme-alaben aitak berandu ekartzen ditu haurrak anitzetan, baina ez da deus gertatzen”. Tratu txar psikologikoak sufritu zituen Teresak. Bakartu egin zuen erasotzaileak, eta babes sarerik gabe utzi zuen. Bakarrik. Alde egiteko indarra hartu zuen arte. “Seme-alabekin alde egin nuen”. Mehatxuak eta jazarpenak areagotu baino ez ziren egin orduan. Zigor prozedura bat martxan du Teresak, orain, bere haurren aitaren aurka, baina argitu du indarkeria matxistagatik ez zuela salaketarik jarri. Eta ez du uste erabaki txarra izan zenik: “Adituekin hitz egin, eta salaketarik ez jartzea aholkatu zidaten; zaila da tratu txar psikologikoak frogatzea, eta erran zidaten epaileek ulertuko zutela haurren aita zigortu nahi nuela”.
Sistemak erasotzaileak babesten dituela argi du Teresak. Eta horrek are malkartsuago bilakatzen duela indarkeria matxistari aurre egiteko bidea. “Ez da erraza erasotzaile baten kontrolari ihes egitea, hamaika tresna erabili dituelako zu mendean hartzeko; eta hori egitea erabaki eta gero, sistemak erasotzaileari ematen dion babes horrek are gogorrago bilakatzen du zure prozesua”.
Teresak haurren zaintza lortu zuen hasieran, baina partekatua dute gurasoek orain. “Aitaren manipulazioa erabatekoa izan da”. Erabaki horren aurka ari da Teresa borrokan. Bitartean, erasotzailearen sokara lotuta sentitzen du bere burua, oraindik ere, neurri handi batean. “Haurrak berandu ekartzen dituenean, badaki ni etxean geldituko naizela, haien zain. Ni kontrolatzeko modu bat da. Ekartzen dituen bakoitzean, gainera, klaxona jotzen du karrikan sartzen den une berean. Aztoratu egiten naiz klaxon bat entzuten dudan bakoitzean”.
Teresaren seme zaharrenak erran dio amari ez duela aitarekin egon nahi. “Ezin naiz lasai gelditu umeak harekin uzten ditudanean”. Malaguillak bezala, Poliziari deitu behar izan zion, berriki, semearen deia jaso eta gero. “Aitarekin ziren, eta gauerdian deitu zidan hagitz urduri zela errateko. Etxeko eta haurren gauzak apurtzen hasten denean, nola geldituko naiz ni lasai?”.
Ongi ulertzen du Malaguillak Teresaren kezka. “Haurrekin inor ez da oroitzen indarkeria matxista gertatzen denean; babesgabe daude. Nire etxean, nire aurkako indarkeria ikusi dute; haurdun nengoenean ere jasan nituen kolpeak; erasotzailearekin daudenean, haren balioak jasotzen dituzte nire seme-alabek, eta hori ere bada indarkeria”, erran du.
Sistemaren biktima
Amen analisiarekin bat egin du Iruñeko Emakumeak Artatzeko Udal Zerbitzuko gizarte langile Merche Esparzak ere. Argi du erasotzaileak ezin duela guraso ona izan. Indarkeria matxista sufritzen duten emakumeentzako baliabideak “mugatuak” direla onartu du, halaber, eta “funtsezkotzat” jo du emakume horiek babestea eta laguntzea beren prozesuetan. “Ezin ditugu epaitu”. Emakumeok, anitzetan, sistemaren biktima ere badirela nabarmendu du. “Salatzea ez da beti berme; ez da gure lehentasuna emakumeei salatzeko eskatzea. Bizi duten egoeraz jabetzea da garrantzitsuena, egoera horri aurre egiteko tresnak eskuratzen has daitezen”.
Bide horretan urrats anitz egin dituzte Martak, Teresak eta Elena Malaguillak. Lana eta etxea baditu Martak orain; eta indarra. Ahaldundu da Malaguilla ere bai. Eta bertze emakumeak ahalduntzeko bidean laguntzen ditu, gainera. Bere burua ezagutzen eta lantzen ari da Teresa. Bidean da, eta ez du gelditu nahi. Kate guztiak hautsi, eta aske izan nahi dute